NBEk migratzaileen babes faltaren erantzule egin ditu Libia eta EB

Txosten batean dio EBren eskumeneko kostazainek bilaketa eta salbamendu lanak gutxitu izanak migratzaileak «babesgabe» utzi dituela

Sea Watch gobernuz kanpoko erakundeko kideak migratzaileak erreskatatzen, Mediterraneoan. SELENE MAGNOLIA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
«Erabaki politiko zehatzen ondorio» dira Mediterraneo itsasoa gurutzatu ezinda bidean geratzen direnen heriotzak: hala ondorioztatu du OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoak, txosten batean. Erabaki horiek hartzen dituztenak ere seinalatu ditu erakundeak; beste zenbait «aktoreren» artean, erantzule egin ditu Libiako agintariak, EB Europako Batasuna eta haren parte diren estatuak. Txostenean dio horiek guztiek halako «giro bat» sortu dutela zeinetan «migratzaileen duintasuna eta giza eskubideak arriskuan dauden».

2019ko urtarriletik 2020ko abendura bitarteko tartea aztertu du erakundeak, eta azaldu du epe horretan «nabarmen gutxitu» direla EBren eta estatu kideen bilaketa eta salbamendu lanak, eta, gainera, gobernuz kanpoko erakundeen lana «oztopatu» egin dutela. Horrekin batera, txostenean dio itsasontzi komertzial pribatuek uko egiten diotela migratzaileei laguntzeari, horrek eragin diezazkiekeen atzerapenengatik eta portu seguru batean lur hartzeko zailtasunengatik.

Migratzaileen «babesgabetasuna» areagotu du egoera horrek,OHCHRen arabera, eta gordin aurkeztu ditu horren ondoriorik larrienak: aztertutako epean gutxienez 2.239 migratzailek galdu zuten bizia Libia eta Italia arteko zatia itsasoz igarotzen saiatzen, Mediterraneoan era horretan hildako kopuru osoaren %69k. Gainera, Europara igarobide horretatik heldutakoen kopurua azken urteetan txikitu egin bada ere, proportzioan handitu egin da ahaleginean hildakoen kopurua. 2017an 51 migratzailetik bat hil zen hala, eta 2019aren amaieran, 21etik bat.

«Mediterraneo erdiko sufrimenduaren eta heriotzen parte handi bat saihestu daiteke: hori da benetako tragedia», adierazi zuen Michelle Bachelet NBEren Giza Eskubideen Batzordeko goi mandatariak atzo, berak gidatutako taldeak ondutako lanaren aurkezpenean. «Urtero, jendea itotzen da laguntza beranduegi heltzen delako edo ez delako heltzen», erantsi zuen.

Oinazea ez da erreskatearekin amaitzen, hala ere. Kostazainen esku geratzen direnek pairatzen dituzten giza eskubideen urraketak aletu ditu OHCHRek. Azaldu duenez, Frontex Muga eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentziako kideek eta EBk sustatutako Irini Operaziokoek euren jarduna gutxitu izanak Libiako kostazainena ugaritzea eragin du, eta horrek ohiko bihurtu du migratzaileak atzeman eta Libiara itzultzeko prozedura. Erakundeak nabarmendu du itzultze horietan migratzaileek «giza eskubideen urraketa handiak» jasaten dituztela. Iaz, gutxienez 10.352 lagun itzularazi zituzten Libiara, aurreko urtean baino dezente gehiago; 8.403 izan ziren 2019an.

OHCHRek hainbatetan azpimarratu izan du Libia ez dela itsasoan atzemandako migratzaileak eramateko leku segurua, eta hala dio atzo argitaratutako txostenean ere: «Ez itzultzeko printzipioa urratzeko arriskua dago. Libiara itzularazten dituzten migratzaileek aurre egin behar izaten diete, modu sistematikoan, hiltzeko arriskuari, desagerpenei, atxiloketei, torturei, tratu txarrei, genero indarkeriari, esplotazioari eta giza eskubideen aurkako beste hainbat urraketari».

Eskaerak

«Migratzaileen aurkako eskubide urraketen eta abusuen» jatorri diren heinean, egungo bilaketa eta salbamendu praktikak amaitzeko eskatu diote txostenean horiek koordinatzeko eskumenak dituzten instituzioei: «Beren politikak, praktikak, finantzaketa eta kooperazioa erreformatu beharra daukate, printzipioetan oinarrituagoa egongo den migrazioaren gobernantza bat bultzatzeko, zeinak itsasoan dauden migratzaileak babesteari lehentasuna emango dion eta koherentea izango den nazioarteko legediak zehazten dituen betebeharrekin».

Europako Batzordeak iazko irailean aurkeztu zuen migrazioaz eta asiloaz egindako akordioa. Bertan zehaztutakoa bide egokian ikusten du erakundeak, eta «abiapuntu positiboa» dela nabarmendu du, baina harago joateko eskatu du, hiru eskaera nagusi eginda: «Mediterraneo erdiko bilaketa eta salbamendurako gaitasuna handitzea, gobernuz kanpoko erakundeen lanari laguntza ematea eta giza eskubideetan oinarritutako akordio bat egitea itsasoan erreskatatutako pertsona guztiak leku seguru batera eramateko».

Txostenean bildutakoa kostazainen eguneroko praktiketan aplikatzeko, OHCHRek inplikazioa eskatu die Mediterraneoko migratzaileen aferan esku hartzen duten alde guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.