Libanok gobernu berri bat izango du, hamahiru hilabeteren ostean

Najib Mikati izango da lehen ministroa. Krisi ekonomikoari aurre egitea jo dute lehentasuntzat

Najib Mikati, gobernua osatzeko eginbeharra hartu berritan, uztailean. AEL HAMZEH / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
Urtebete baino gehiago behar izan dute Libanoko politikariek gobernu berri bat osatzeko. Michel Aoun presidenteak jakinarazi duenez, Najib Mikati lehen ministro izendatuak lortu du haren kabinetea osatzeko akordioa. Herrialdeko krisi ekonomikoa medio, egoera «oso zail batean» daudela onartu du Mikatik. Hala, gobernu berriaren lehentasuna «kolapso egoera» amaiaraztea izango da, «oparotasuna» lortzeko bidean. Asteleheneko lehen gobernu bileraren ostean, eta behin kabinetea martxan jarrita, nazioarteko erakundeen diru laguntzak jaso ahal izango ditu herrialdeak.

«Gobernua Libanoren beharretan zentratuko da. Aberriaren interesen alde, behar denarekin arituko gara lankidetzan, Israelekin izan ezik», azaldu du Mikatik, gobernuaren osaera ofizial egin duen lege dekretua sinatu berritan. Hala, «arabiar munduaren» beharra dutela nabarmendudu.

Zabaldutako informazioen arabera, Mikatiren kabinetea 24 lagunek osatuko dute: horien erdia musulmanak izango dira, eta beste erdia kristauak; tartean, emakumezko bakarra. Hala, Abdallah Abu Habib izango da Atzerri ministroa, eta Bassam Mawlawik gidatuko du Barne Ministerioa.

Halere, begiradak beste alor batzuetan jarrita daude. Herrialdea krisi ekonomiko sakon bat jasaten ari da 2019tik; XIX. mende erdialdetik munduan izandako finantza krisirik handienetako bat, Munduko Bankuaren arabera. Horri aurre egiteko hautatutako politikaria Youssef Khalil da. Finantza Ministeriotik, libera libanoarrak jasaniko kolpeari —bere balioaren %90 galdu du— eta inflazio etengabeari aurre egin beharko die. Egoera horren eraginez, Libanoko biztanleen hiru laurden pobrezia mugaren azpitik bizi dira, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera; iaz herritarren %55 ziren, eta 2019an, %28.

Khalilekin batera, Walid Fayyad eta Firass Abiad, hurrenez hurren, Energia eta Ur ministro eta Osasun ministro izendatu berriak, izango dira kabineteko kiderik garrantzitsuenetako batzuk. Krisi ekonomikoaren ondorioz, elektrizitate, erregai eta ur edangarri eskasia dago Libanon. Besteak beste, gasolindegietako erregaia konfiskatzeari ekin zion armadak abuztuan, espekulazioa eten, eta gasolina eta diesela herritarren artean banatzeko asmoz.

Erregai eta elektrizitate falta horren ondoriorik nabarmenenetako bat herrialdeko osasun sistemak jasandako kalteak izan dira. Sendagaiak eta medikuntza materialak jasotzeko arazoez gain, elektrizitate etenek ospitaleen eguneroko lana zaildu dute, hainbat eremutan eguneko lau ordutara murriztu baita hornidura.

Gobernua osatzeko negoziazioetan arazoak eragin dituen kargua, ordea, beste bat izan da; Gizarte Gaietarako ministroarena. Izan ere, Hector Hajjarrek gidatuko duen ministerioaren bidez kudeatuko dira datozen hilabeteetan atzerritik irits daitezkeen laguntza ekonomikoak.

Nazioarteko hainbat erakundek, tartean NDF Nazioarteko Diru Funtsak, gobernu baten osaerarekin lotu dituzte herrialdea eraberritzeko balizko diru laguntzak. Hala, azken hilabeteetan, laguntza humanitarioa izan da jasotako babes bakarra; besteak beste, NBEk 313 milioi euro inguru bildu zituen abuztuaren hasieran, 1,1 milioi libanoarrentzat eta 200.000 migratzailerentzat, elikagai eta sendagai hornidura bermatzeko.

Negoziazio amaigabea

Iazko abuztuaren 4an Beiruteko portuan izaniko leherketak gutxienez 203 hildako eragin zituen, eta 6.000 zauritu baino gehiago utzi. Ezbeharrak bat egin zuen COVID-19ak eragindako pandemiarekin eta jada presente zegoen krisi ekonomikoarekin. Herritarrek jomugan jarri zuten orduko gobernuaren jarduna, eta Hasan Diab lehen ministroak eta haren kabineteak hilaren 10ean aurkeztu zuten dimisioa.

Mustafa Adib izan zen gobernu berri bat osatzeko saiakera egiten lehena. Haren porrotarekin, ordea, Aoun presidenteak Saad Hariri lehen ministro ohiaren esku utzi zuen betebeharra. Hainbat hilabetez negoziatzen aritu ostean, baina, uztailean amore eman zuen, Aoun berarekin izaniko desadostasunak medio.

Indar politikoen arteko ulertu ezinak medio, nazioarteak presioa areagotu zuen. Hala nola Europar Kontseiluko presidente Charles Michelek «erreforma politiko eta ekonomiko sakon baten» beharra nabarmendu zuen Beiruteko leherketaren urteurrenean, eta Frantziako presidente Emmanuel Macronek gehitu zuen gobernu bat osatzea «lehentasuna» zela.

Mikatik lortu du egoera baretzea. Ardura hartu zuenetik, 45 egun behar izan ditu akordioa ixteko. Libanoko pertsonarik aberatsena hirugarrenez izango da lehen ministro; aurrez, 2005ean eta 2011n izan zen. Printzipioz, datorren urteko maiatzera arte iraun beharko luke agintean. Ordurako daude deituta parlamentua berritzeko bozak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.