Armeniako presidenteak hauteskundeak aurreratzeko eskatu du

Alderdi politikoekin izandako bilkuren ostean, Sarkisianek ondorioztatu du bozak egitea «eragotzi ezina» dela. Paxinianen dimisioa eskatu du

Paxinianen aurkako protesta bat Erevanen, iragan astean. L. SARGSYAN / EFE.
ander perez zala
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Errusiak, Azerbaijanek eta Armeniak Karabakh Garaiko gerra gelditzeko sinatu zuten akordioak haserre handia eragin du azken herrialde horretan, Nikol Paxinian lehen ministroaren etorkizuna kolokan jartzeraino. Ituna adostu zutenetik, protestak etengabeak izan dira Kaukasoko herrialdean, besteak beste Paxinianen dimisioa eskatzeko, eta, egunek aurrera egin ahala, agintaria zilegitasuna galtzen ari den sentsazioa gailendu da. Hura kargutik kentzea eskatu duen azken politikaria Armen Sarkisian izan da, Armeniako presidentea; oposizioko alderdi politikoekin eta talde zibilekin egindako bilkuren ostean eman du bere iritziaren berri, argudiatuta hauteskundeak aurreratzea «eragotzi ezina» dela.

Egungo egoera gailentzeko, eta herrialdea «zirrara politikoetatik kanpo» izateko, Sarkisianek proposatu du batasun nazionaleko gobernu bat sortzea: «Espero dut indar politiko guztiak egungo egoeraren arduraz, garrantziaz ohartu direla», atzo adierazi zuenez. Nahiaz harago, Armeniako presidenteak eskumen gutxi ditu, eta ez du testuinguru hori eragiteko aukerarik; izan ere, Paxinian Asanblea Nazionalak kargugabetu dezake, baina egun gobernuburuaren Nire Pausoak aliantzak du gehiengoa parlamentuan.

Halere, Armeniako presidentearen arabera, «alderdi politiko askok» nahi dute gobernuburuak dimisioa ematea: «Azken egunotan kontsulta politikoak izan ditut, eta hainbat bilera indar parlamentarioekin eta ez-parlamentarioekin, gobernuz kanpoko erakundeekin eta beste hainbeste lagunekin. Diasporako taldeekin ere bai. Gehiengo handi bat ados dago auzi batean: lehen ministroak dimisioa eman behar du, edo agintaldia amaitu, konstituzioa errespetatuta eta hauteskunde aurreratuetara deituta». Asanblea Nazionalean ordezkaritza duten oposizioko alderdi politiko guztiak Karabakh Garaiko itunaren aurka agertu dira, «umiliazio bat eta kapitulazio bat» delakoan.

Asteotako protesten eta haserrearen harira, Zohrab Mnatsakanian Atzerri ministroak dimisioa eman du, herenegun gauean jakinarazi zuenez; aldiz, Paxinianek bi aldiz adierazi du ez duela lehen ministroaren kargua uzteko asmorik. Iragan astean horretaz bozkatzeko saio bat hasi zuten Asanblea Nazionalean, baina bertan behera utzi behar izan zuten, quorum faltagatik.

Karabakh Garairako adosturiko akordioaren arabera, Azerbaijanek konkistaturiko eremuak galtzeaz gain, Armeniak kontrolpean zituen hiru eskualde emango dizkio Bakuri: Karabakh Garaiaren mendebaldean dagoen Kalbakhar, ekialdeko Aghdam, eta, azkenik, hego-mendebaldeko Lachin.

Itun horretaz, armadako koronel Onik Gasparianek MediaMax albiste agentziari atzo azaldu zion «aukera txar baten eta tragedia baten artean» erabaki behar izan zutela; izan ere, Azerbaijango armadaren aurrerapausoak etengabeak izaten ari ziren irailaren 27an gerra hasi zutenetik: «Politikari batzuk diote armadak egiazkoa ez den [gerraren] paisaia bat aurkeztu genuela. Akusazio horiek ez dute bat egiten errealitatearekin».

Gorpuen trukaketa

Hiru sinatzaileek itun horretan jaso zuten asteotan hildakoak trukatzea. Peter Maurer Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen presidenteak atzo baieztatu zuen Erevanek eta Bakuk 200 gorpu trukatu dituztela dagoeneko; datozen egunetan jarraituko dute gainerakoekin, Errusiak Karabakh Garaian hedatu dituen «bake indarren» laguntzarekin.

Horretaz gain, ikusteko dago Moskuk Turkiako soldaduen presentzia onartuko duen. Izan ere, herrialde horretako parlamentuak atzo eman zion baiezkoa tropak Azerbaijanen kontrolpean dauden Karabakh Garaiko eremuetara bidaltzeari, akordioak halakorik jasotzen ez duen arren; urtebetez hedatuko lituzkete, baina epe hori luzatzeko aukera egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.