Azken minutura arte

Gaur ekingo dio Gernikak Eurokopako lehen kanporaketari, Cukurova taldearen aurka. Roselis Silvak defentsaren garrantzia azpimarratu du

Gernikako Roselis Silva, aurrean Virtus Bolognako bi jokalari dituela. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Iritsi da kale edo bale egiteko momentua. Iritsi dira Eurokopako kanporaketak. Gaur jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak estreinako kanporaketako joaneko partida, Malosteko pabiloian. Multzokako fasera talde onenetako hirugarren gisa igaro ostean, multzoburu bat egokitu zaie bizkaitarrei: Turkiako Cukurova taldea (20:00, ETB4). Ez da aurkari makala, baina Mario Lopezen taldeak edozeini aurre egiteko gai dela erakutsi du denboraldi honetan.

Hala ere, etxean jokatu dituen hiru partidak galdu dituGernikako taldeak denboraldi honetan Eurokopan. Gaur erdietsi nahi dute bizkaitarrek estreinako garaipena, eta, Europan emaitzak esperotakoak ez badira ere, Roselis Silva joko antolatzaileak uste du «giro aparta» egongo dela Malosten: «Zaleek, guk bezalaxe, lehenengo garaipena ospatu nahi dute. Gaurkoa partida handia da, eta jende dezente bertaratuko delakoan nago».

Turkiarrek nagusitasun handiz irabazi dituzte neurketa guztiakberen multzoan: seitik sei. Bizkaitarrak, aldiz, bi norgehiagokatan gailendu dira, eta beste hirutan gertu izan dute garaipena. Esku-eskura izan eta alde egin dien horietan «zortea» falta izan zaiela uste du Silvak: «Horrelakoetan, zori kontua izaten da dena: saskiratzea sartu edo ez. Batzuetan, baloia sartu egiten da, eta beste batzuetan, ez. Azken unean galdu ditugun neurketak, hain zuzen, partidako beste edozein momentutan sartu ohi ditugun saskiratzeak huts egin ditugulako galdu ditugu. Horrelakoa da saskibaloia, eta horren aurka ez dugu ezer egiterik».

Lehen fasean partida parekatuak jokatu izana «abantaila» izan daiteke, jokalari venezuelarraren ustetan: «Haiek neurketa guztiak aise irabazi dituzte, baina multzo erraza egokitu zaie. Guk maila handiko multzoa izan dugu, eta aurkari handien aurka borrokatu gara. Neurketa itxietan ondo moldatzen garela erakutsi dugu; turkiarrek ez dute horrelakorik izan orain are. Partida itxi batean gure aukerak izan ditzakegula uste dut».

Taldea gako

Cukurovak Amerikako Estatu Batuetako WNBA ligan aritutako zazpi jokalari ditu, eta turkiarren maila handiaren adierazleetako bat da hori, baina Silvak bere taldean jarri nahi izan du arreta: «Guk geureari begiratu behar diogu. Haiek bakarkako lanetan oso onak diren jokalariak dituzte, baina, guk talde moduan defendatzen badugu, gauzak zail jarriko dizkiegu. Garrantzitsua izango da defentsa lanetan elkarri laguntzea».

Argi du zein den bidea irabazteko eta, beraz, Turkiara bigarren kanporaketara pasatzeko aukerekin iristeko: partida itxi bat jokatzea. «Azken minutuetara irabazteko aukerekin ailegatzea litzateke aproposena. Guk behin baino gehiagotan erakutsi duguegoera zailetan talde bat garela, ez diogula ezer aurpegiratzen elkarri. Cukurovak oso erraz irabazi ditu neurketa guztiak, eta ikusi egin beharko da nola moldatzen diren amaiera estuetan, ez baitu zerikusirik bukaera lasaiekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.