Txinak AEBen aurka egin du, Hong Kongeko protestak babesteagatik

Pekinek, GKE-en aurkako zigorrak handitu, eta Hong Kongen geldialdia egitea galaraziko die AEBetako itsasontzi eta aireontzi militarrei

Igandeko protestetako irudi bat, Hong Kongen. MIGUEL CANDELA / EFE.
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Txinak AEBen kontrako neurri gehiago hartu ditu Hong Kongeko demokraziaren aldeko protestak babesteagatik. Hua Chunying Kanpo Ministerioko bozeramaileak atzo jakinarazi zuen debekatu egingo dietela Hong Kongen geldialdia egitea AEBetako itsasontzi eta aireontzi militarrei.

Horrez gain, ohartarazi du gobernuz kanpoko erakunde estatubatuarren aurkako zigorrak ere handituko dituztela. Argudiatu du GKE horiek bultzatzen dutela Hong Kongeko kaosa, «Txinaren aurkako mugimendua» babestuz eta «jarrera biolentoak» hartzera animatuz. Ez du zehaztu zer zigor izango diren, baina bai noren aurkakoak: besteak beste, Human Rights Watch, National Endowment for Democracy, Freedom House, National Democratic Institute for International Affairs eta International Republican Institute.

Neurri horiek AEBek azken asteetan azaldu duten jarreraren erantzuna dira. Izan ere, joan den ostegunean, demokraziaren aldeko protestak babestu zituen Donald Trump AEBetako presidenteak, eta berretsi egin zuen «Hong Kongeko giza eskubideei eta demokraziari buruzko legea». Horren arabera, Senatuak urtero egiaztatuko du Txinak Hong Kongen autonomia errespetatzen duela. Hala ez balitz, arduradunak zigortu ahal izango lituzke Washingtonek, baita orain daukan lehentasunezko merkataritza estatusa kendu ere. Estatus horrek aukera ematen dio Hong Kongi Txinak dituen merkataritza murrizketak saihesteko.

Chunyingek salatu du nazioarteko legediaren «urraketa larria» dela lege hori, eta Washingtoni exijitu dio «akatsak konpontzeko eta ez sartzeko» Txinako barne arazoetan. Adierazi du herrialdearen «subiranotasun nazionala» defendatzen jarraituko dutela: «Txinak neurri gehiago hartuko ditu behar izanez gero, eta Hong Kongeko egonkortasuna bermatu». Gainera, AEBei aurpegiratu die haiek izatea giza eskubideen urratzaileak: «Giza eskubideak ez dira eslogan bat; AEBak ez dira inolaz ere giza eskubideen defendatzaileak, baizik eta horiek bortxatzen dituztenak».

Negoziaziorako oztopo

Azken mugimenduen ondorioz, Txina eta AEBen arteko harremanak okerrera egin du. Bi herrialdeak negoziazio baten erdian daude, duela urte eta erdi hasi zuten gerra komertziala amaitzeko. Baina, adituen arabera, egoera honek zaildu egingo du negoziazioa ixtea.

Ez badute abenduaren 15a baino lehen akordiorik lortzen,AEBek esan dute Txinako produktuei %15eko muga zerga gehigarria ezarriko dietela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.