Abiatzeko, derbia

Gernikak eta RPK Araskik elkarren aurka jokatuko dute Espainiako Kopako final-laurdenetan. Salamancan izango da, martxoaren 5ean

Abiatzeko, derbia.
ainara arratibel gascon
2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Zoriak derbia ekarri du. Lointek Gernika Bizkaiak eta RPK Araskik elkarren kontra neurtuko dituzte indarrak Espainiako Kopako final-laurdenetan. Txapelketa martxoaren 5etik 8ra jokatuko da, Salamancan (Espainia), eta atzo egin zen zozketa. Irabazten duena Perfumerias Avenidaren eta Ensinoren arteko kanporaketako garailearekin ariko da nor baino nor gehiago finalerdietan.

Kopa bizkaitarren eta arabarren arteko derbiarekin hasiko da. Martxoaren 5ean jokatuko dute partida, 18:00etan. Gailentzen denak bi egun geroago jokatuko du finalerdia, martxoaren 7an, 13:00etan. Finala, berriz, martxoaren 8an izango da,13:00etan hori ere.

Bi taldeek hirugarrenez hartuko dute parte Kopan. Ez batak, ez besteak ez dute lortu final-erdietako langa gainditzea. Aurreko urtean, Gasteizen jokatu zen txapelketa, eta bi taldeak han izan ziren. Araskik bazuen itxaropenazaleen aurrean zerbait handia egiteko, baina Cadi La Seuk final-laurdenetan utzi zuen kanpoan. Gernikak IDK Gipuzkoa gainditu zuen final-laurdenetan; Gironak, ordea, ez zion aukerarik eman finalerdietan. 20 puntugatik galdu zuten bizkaitarrek: 80-60. Girona eta Perfumerias Avenida dira aurten ere Kopa irabazteko hautagai nagusiak.

Mario Lopez bizkaitarren entrenatzaileak honela aztertu du Araskiren aurkako norgehiagoka: «Haien kontrako partidak beti izaten dira oso parekatuak eta oso biziak. Azken txanpan erabaki ohi dira, txikikeriengatik, gainera. Oraingoan ere hala izango dela uste dut. Are gehiago kale edo baleko lehia bat izanda». Arabarrak egiten ari diren denboraldia goraipatu du teknikariak. «Talde oso lehiakorra izaten ari da partida guztietan, eta kosta egiten da hura mendean hartzea».

Irabaziz gero, Perfumerias Avenida edo Ensino izango dute aurrean final-erdietan. Perfumeriasek zortzi aldiz irabazi du Kopa, eta seitan izan da txapeldunorde. Gainera, etxean jokatzen du. «Argi dago talde handia dela. Baina Eurokopan eta ligan erakutsi dugu haren aurka aurrez aurre lehia gaitezkeela».

Partida «zaila» espero du Araskiko Laura Pardo jokalariak. «Lau zerrendaburuak ziren gogorrak». Baina baikor dago. «Ligan merezita eta nagusitasunez irabazi ziguten. Partida arreta osoz prestatutako dugu, eta uste dut aukera izan dezakegula garaipena lortzeko. Gure indarguneei ahalik eta probetxurik handiena atera behar diegu».

Sasoi honetan bi aldiz jokatu dute elkarren aurka. Denboraldi- aurrean, Euskal Koparen finalean neurtu zituzten indarrak. Araski gailendu zen: 50-47. Hirugarrenez lortu zuten titulua Madelen Urietaren jokalariek. Laura Quevedo izan zen neurketako jokalaririk onena: hamazazpi puntu sartu zituen. Funtsezkoa izan ziren, era berean, Maria Asurmendiren gidaritza eta Tamara Sedak erasoan egindako ekarpena —bederatzi puntu sartu zituen—.

Garaipen bana

Denboraldi-aurreko norgehiagoka izan arren, sasoi osoan erakusten ari den ezaugarriak ikusi zitzaizkion Araskiri lehia hartan: talde lana eta izaera lehiakorra. Horrek denboraldiko ezusteetako bat izatera eraman ditu arabarrak. Mailari eusteko helburuarekin abiatu zuten sasoia, baina, lan isila eginez, onenen artean daude. Bosgarren daude, bederatzi garaipen eta zazpi porrotekin.

Euskal Kopako arantza ligan atera zuen Gernikak. Azaroaren 30ean, bizkaitarrek garaipen argia lortu zuten Mendizorrotzan: 40-59. Nogaye Lok gidatuta egin zuten. 22 puntu sartu zituen pibotak. Mario Lopezen taldeak erronka du bai ligan eta bai Eurokopan ematen ari den itxura emateko. Ligan laugarren daude, hamabi partida irabazita eta lau galduta. Bi garaipenera dituzte Girona eta Perfumerias Avenida liderrak. Eurokopan, berriz, estreinakoz sailkatu dira final-hamaseirenetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.