Datorrenerako prest

Sasoi hasiera desberdinak izan dituzte Realak, Athleticek, Osasunak eta Alavesek. Larunbatean ekingo diote partidaz beteriko hilabeteari

Iker Munian falta bat jaurtitzen, Bartzelonaren aurkako partidan, San Mamesen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Joko ikusgarririk gabe, baina Realak ondo ekin dio denboraldiari. Osasuna eta Athletic atzeko lerroaren lanean nabarmendu dira. Alaves, berriz, azken postuan da. Larunbatetik aurrera egutegiaren zati mardulari ekingo diote.

REALA
Etxeko berotasunean


Ez zuen hasiera batere erraza izan Imanol Alguacilen taldeak. Bartzelonaren aurka hasi zuen sasoia, Camp Nouen, eta, partida4-2 amaitu bazen ere, puntuatzetik gertu amaitu zuen.

Azken bi lehiak etxean jokatu zituzten txuri-urdinek, eta garaile atera ziren Rayoren eta Levanteren aurka; golik jaso gabe, gainera. Taldeak oraindik ez du eskaini bere jokorik onena, eta arrazoia erritmo falta da. Azken bi sasoietan, irailean edo urri inguruan zeukan sasoirik onena, eta, ondorioz, jokoa ikusgarriagoa zen. Ikusteko dago Realak nola erantzuten dion iraileko partida maratoiari: zazpi partida jokatuko baititu 22 egunetan, Europa liga tartean dela. Egoki kudeatu beharko dituzte karga fisikoak.

OSASUNA
Arantza kenduta


Golik gabeko bi berdinketa lortu eta gero, etenaren aurreko partidan lorpen bikoitza erdietsi zuen Osasunak: denboraldiko lehen golak eta garaipena (2-3). Hutsean berdindu zuen Espanyolen eta Celtaren aurka, etxean, eta Sadarretik urrun eskuratu zituen hiru puntuak, justuan izan bazen ere.

Gorritxoek jarraipena eman nahi diote garaipen horri. Datozen jardunaldietan, gainera, aurkari zuzenekin neurtuko dituzte indarrak: Alavesekin, Mallorcarekin eta Rayorekin. Atzeko lerroan orain arteko sendotasuna mantentzen badute, garaipenak lortzeko nahikoa izango dute aurrelariak fin badaude. Aurkari zuzen horien aurka puntu kopuru polita lortuz gero, sailkapenaren erdialdean kokatu eta lasaitasun horrekin ohikoa duten jokoa egin ahal izango dute.

ATHLETIC
Golen faltan, puntuak


Golegile nabarmen gabe jarraitzen du Marcelino Garciaren taldeak. Nahiz eta Iñaki Williams gol bat sartuz hasi den, zuri-gorriei ez zaie komeni aurrelarien gol lehortearekin segitzea denboraldian zehar.

Hala ere, nabarmentzekoa da egin duten joko aldaketa: teknikariak aurkariaren atera «azkarrago eta gehiago» heltzeko eskatzen dio taldeari. Horiek horrela,jokalari gehiagorekin heltzen dira, eta, ondorioz, gol sartzeko aukera gehiago dauzkate. Oraingoz, ez dute zorte handirik izan, baina datozen partidak garrantzitsuak izango dira ideia horrekin jarraitu ala ez erabakitzeko. Bitartean, garrantzitsua izango da orain artean atzeko lerroan sendotasuna izatea.

Sasoi honetako albiste onenak Dani Vivian eta Oihan Sancet ari dira izaten. Atzelariak hiru partidak osorik jokatu ditu, eta erdilariak minutuen ia %80. Aurrerapauso handia eman dute udanbi gazteek. Joan den denboraldian Europatik kanpo gelditu zirenez, astean behin jokatuko dute soilik.

ALAVES
Irribarrerik gabe


Estu ekin dio Alavesek. Hasiera oso iluna egin du, eta haren jokoa zalantzaz josia dago. Jokatutako hiru partidak galdu ditu, eta sailkapeneko azkena da.

Arabarrak indar gabe daude defentsan zein erasoan. Lortutako gol bakarra penalti lekutik izan da, eta aurrelari berriak ekarri izana ez da bere fruituak ematen ari, oraingoz. Atzeko lerroaren sendotasun faltaren ondorioz, garesti ordaindu dituzte akatsak. Uda honetako fitxaketak berandu egin dituenez, egokitzeko denbora behar dute. Ez zaie komeni prozesua askorik luzatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.