Albistea entzun

Zazpi sorkuntza prozesu erakutsiko dituzte Dantzan Bilaka topaketetan

Donostiako Tabakalera zentroak hartuko ditu 16. jardunaldiak, hilaren 7an, 8an eta 9an. Pieza koreografikoak ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek, baita gorputzari eta atsedenari lotutako tailer batean parte hartzekoa ere
Aitziber Atorrasagasti, Edurne Ormazabal eta Ibon Salvador, jardunaldiak aurkezten, Tabakaleran.
Aitziber Atorrasagasti, Edurne Ormazabal eta Ibon Salvador, jardunaldiak aurkezten, Tabakaleran. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2022ko urriak 5 - Donostia

Ibilbidea hasten ari diren sortzaileei beren sorkuntza prozesu koreografikoak garatzen laguntzea. Xede horrekin sortu zuten, duela hamasei urte jada, Dantzan Bilaka programa, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak elkarlanean antolatzen dutena. Aurten, programan parte hartu duten zazpi sortzaileek edo sortzaile taldeek beren sorkuntza prozesuak aurkeztuko dituzte hilaren 7an, 8an eta 9an, Donostiako Tabakalera zentroan egingo dituzte jardunaldietan. Topaketa horietan, beraz, askotariko zazpi dantza proposamen berri ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek, baita hiru eguneko tailer batean parte hartzekoa ere.

Hain zuzen ere, tailer horren lehen saioarekin hasiko dira jardunaldiak, ostiral arratsaldean. Hiru egunez, gorputzaren eta atsedenaren inguruko praktika bat garatuko du Jaime Conde-Salazar s.u.s.-ek, egunero bi orduz. Horren ondoren, aurreneko bi koreografiak aurkeztuko dituzte. Atic H. Debak Nire zakilaren hauskortasuna izeneko 25 minutuko pieza erakutsiko du Z aretoan, 19:45ean. Eta Amaia Cabero-Saizarrek, berriz, Lurra jo hondarra ukitu 20 minutuko lana ikusleen aurrean jarriko du eraikineko patioan, 20:30ean.

Hurrengo egunean, larunbatean, eguerdian hasiko da tailerra, eta, arratsaldean, beste hiru sorkuntza prozesuren emaitzak ikusi ahal izango dira. Iratxe Bilbao izango da lehena berea erakusten: hiru orduko saio baten bidez aurkeztuko du Mientras me aguante el aire izeneko obra; 16:30ean hasiko da, Tabakalerako plazan. Haren ondotik, Ez du horrela hautsiko. Fede berri bat eraikitzeko kontakizunak aurkeztuko du Ane Zelaiak, Marta Sanchezek eta Paula Montoiak osatutako Tora hirukoteak; Z aretoan erakutsiko dute 15 minutuko pieza, 19:45ean hasita. Eta eguna amaitzeko, Victor Fernandezek Tríade emango du eraikineko patioan, 20:30ean.

Igandean ere eguerdian ekingo diote tailerrari; hori izango du hirugarren eta azken saioa. Eta topaketen azken eguneko arratsalderako beste bi sorkuntza prozesuren aurkezpenak programatu dituzte. Batetik, Hizkidantza erakutsiko du Leire Amonarrizek, platoan, 17:30ean. Eta, bestetik, Bitan banandu behar gaituen neurria aurkeztuko du Qabalum kolektiboak —Diego Pazo eta Lucia Burguete—, plazan, 18:30ean. 20 minutu inguruko iraupena du bakoitzak.

Emanaldi guztiak doan izango dira, lekuak bete arte. Tailerrean parte hartzeko, ordea, aldez aurretik izena eman beharra dago, eta 15 euro balioko du.

Elkarrekin ikastea

Topaketekin amaituko da Dantzan Bilaka programaren 16. aldia, baina urte osoan garatzen da, eta urteak emandakoa erakustea dute helburu asteburuko jardunaldiek. Azken bi urteotan, gainera, aldaketa esanguratsuak egin dituztela azaldu du Ibon Salvadorrek, zeina Maia Villotekin batera egitasmoaren batzorde artistikoko kidea den. Horien harira, aurten, bi sorkuntza egonaldi eta proposamen bakoitzaren arlo teknikoa doitzeko beste bat egitea derrigorrezkoa izan dute parte hartzaileek. Programa laguntzen duten espazioetan egin zituzten egonaldi horiek, eta, haietan, elkarrekin egon ziren lanean sortzaile guztiak.

Tabakaleran astebete egin zuten aurrena, beste astebete Lasierrako (Araba) Azala Kreazio Espazioan gero, eta, denbora horretan, bi tailer trinko jaso zituzten koreografiaren arloko bi profesionalen eskutik: Une bat... Play, Work eta Sport izenburukoa Ion Munduaterekin; eta Materia xarmatzeko praktikak + koru ikasketak izenekoa Elisabete Fingerrekin. Villot eta Salvador ere bidelagun izan zituzten, eta entseatzeko espazioak baliatu ahal izan zituzten.

Halaber, topaketetan aurkeztuko dituzten proposamenen azken moldaketak lantzeko, beste egonaldi «tekniko bat» ere egin zuten Gipuzkoako Dantzagunean eta Lekuona Fabrikan (Errenteria, Gipuzkoa). Salvador: «Gure ustez, aldaketa hauek guztiek garrantzi handia izan dute, gerora oihartzuna izango duen lantalde moduko bat edo kolektibo txiki bat eratu dutelako. Aste horietan, [parte hartzaileek] elkar ezagutzen dute, tailerrak elkarrekin egiten dituzte eta beraien prozesuak partekatzen dituzte. Eta horrek indar handia eman dio programari, ez baita bakarrik beraien proiektuetan sakontzen dutela, baizik eta, batez ere, elkarren artean ikasten dutela».

Programa babesten duten erakundeen izenean, sorkuntza eta esperimentazioa sustatzearen beharra eta elkarlanaren balioa nabarmendu dituzte Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak, eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

www.dantzanbilaka.org

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoa, 2 itzulia: Bilbo

Bilbon erabakiko da zein zazpi bertsolari sailkatuko diren finalerako

Olatz Enzunza

Zazpigarren eta azken finalaurrekoa jokatuko da gaur Bilbon. Aitor Mendiluze Gonzalez, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia, eta Saioa Alkaiza Guallar arituko dira kantuan. Idoia Anzorandia Kareaga izango dute gai jartzaile.
 

Aitor Mendiluze eta Amets Arzallus, atzo, elkarrekin kantuan, hamarreko txikiko ariketan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ez da ate ondoan geratu

Miren Mujika Telleria

Amets Arzallusek Bilbon irabazi ondoren, erabakita gelditu da finala. Harekin batera ariko dira Illarregi, Ibarzabal, Gaztelumendi, Colina, Mendiluze, Martin eta Lujanbio
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Beharbada gu ere iraultza bat bizitzen ari gara»

Itziar Ugarte Irizar

Etorkizun hurbilean, Parisen, hiria errefuxiatu klimatikoz beteta dagoenean eta ia jende guztiak errealitate birtualerako betaurrekoak aldean daramatzan inguru batean girotu du idazleak 'Berriz zentauro' eleberria. Agertokiak agertoki, baina, adin ertaineko emakume baten galderak ikusten ditu ardatzean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...