Juan Gorostidi Berrondo.
IRITZIA

Arrozteak zabal ditzakeen bideetan barrena

2023ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Herrian (Iruñeko Ikuspuntu jaialdian) 2022ko martxoan estreinatu zenerako, 918 gau filmak DocLisboako, Torino Film Festivaleko eta Pontevedrako Novos Cinemasen sariak jasoak zituen. Kanpoan jasotako errekonozimendu horren ondoren, oihartzun nahiko zabala izan zuen filmak, eta zuzendaria elkarrizketatua izan zen zenbait mediotan, non egilearen motibazioak eta helburuak argi islatu ziren; baina ikusia izateko oso aukera gutxi gertatu dira, gerora. Ez zinema komertzialetan ezta ohiko jaialdi eta gainontzeko programazio kulturaletan ere. Gaiak, haren tratamendu ez ohikoak eta han eta hemen jasotako laudorioek beste zerbait eskatzen zuten, baina ez gaude, nonbait, horretarako.

Hasierak inpaktu handia du. Abstrakziora jotzen duten soinu eta kolore nahasiez beteak dira lehen minutuak —bukaerako giro isil eta figuratiboarekin kontrastean—, eta kamerari begiratu gabe hasten da kontakizun neutro bat, edozeinek ulertzeko moduko datuak ematen dituena: goi mailako polizia operazio bat, Madrilgo epailerik entzutetsuenak gidatua. Atxiloketak gertatu dira, 23 lagunena, ETAren amaiera kudeatzen ari diren elkarrizketa eta ekintza gurutzatuen barneko operazioan.

Epailearen aurrekoa kontatzerakoan, lehen haustura, lehen arroztea: «Iruditzen zait beste norbaiti buruz ari direla. Izerditan nago... Barre egiteko gogoa etorri zait, barrez lehertzekoa, baina badakit tokiz kanpo legokeela: ni hemen bezala». Lekuz kanpo, horra gakoa. Atera gaitu narrazio arrunt-solemneetatik, eta gertakizunen hiru maila aldi berean eskaintzen zaizkigu: narratzailearen sentipena, berak kontatzen duen gertakariena, eta pantailan agertzen diren paper eskaneatuek erakusten duten jargoi juridikoa: «doy fe...». Sartu gara giroan, baina gertakizun horren irakurketa politikoa edo kritikoa egin ordez, arroztasuna jartzen zaigu aurrean; distantzia bat, egoerarekiko disoziazio arretatsu bat eskatzen duena.

Hamar minutuko obertura horren ondoren agertzen zaigu filmaren izenburua, argi utzita ikustera goazena ez dela kartzelaldi baten inguruko kontakizuna, baizik eta egonaldi horrek eta ondorengoek hasiera-hasieratik eragindako arroztasuna.

Bigarren arrastoa: ez zaigu errelato oso bat emango, baizik eta mikro-kontakizun sorta bat, itxuraz detaile arruntetan oinarritua, argazki lanbrotsu batzuk eta haietan ikus litezkeen detaile nabarmenduak: Alexandraren bisean biseko intimoa, preso baten alabaren urtebetetzeko jaia, kirol monitorearen portaera, ospitalean bizitakoa, kartak botaz lagundu nahi dion jonkia... Kartzelako bizimoduko kontu arruntak kontatzen dira kontalaria den preso politikoaren barne gatazka aurkezteko: «Nereak ezartzen zituen esan gabeko arau zurrunak. Preso egoteak sortzen zigun frustrazioa adieraziz gero, bere mespretxua adierazten zuen, gure ahuleziak molestia eragingo balio bezala. Horren ondorioz, gure artean preso eredugarria izateko beharra zabaldu zen; preso politiko ginen heinean, kartzelaren aurrean indartsu mantentzearen beharra. Kezka politikoak kezka intimoen gainetik egon behar ziren beti. Preso sozialekin tratua begi txarrez ikusten zuen; susmagarritzat hartzen zituen. Inork ez zuen haren gorrotoa jaso nahi, eta, halako batean, isiltasun jasanezin batean sartu ginen. Neurria ematen ez nuela sentitzen nuen etengabe».

Arrozten den emakume batez ariko zaigula adierazi zaigu hasteko. Ondoren, neurria ematen ez duen preso politiko bati buruz. Film osoa horren adierazlea da, eguneroko kontu txikiekin jarraitzeko tematuta baitirudi narratzaileak: irabazi zuen igeriketa proba, gizon gihartsuak eta haiekiko kontaktua eta distantzia, batekin izandako abentura ezkutatu beharrekoa... Sexu-jarduna grabatu nahi zuela kontatu du nonbait, eta bi emakumeren arteko lau minutuko larru-jokoarekin amaitzen da orain artekoa. Niri ezin egokiagoa eta samurtasunez betea egin zaidan pausa moduko eszena hori eramangaitza egin zaio nirekin egondako bati baino gehiagori, ez lizuna delako; luzeegia, aspergarria, deserosoa egin zaielako baizik.

Ohe eszena horretan gertatzen da filmaren 23 minutuko lehen zatiaren —metrajearen erdia ia— eta bigarrenaren arteko trantsizioa. Hizkuntza zinematografikoa aldatu egiten da ondoren, eta baita aurkeztutako gaien tratamendua ere. Hasieran bezala, zuzendaria bera agertzen da berriz grabagailuari hizketan, baina planoan apenas agertu gabe. Kontakizunak, oraingoan, luzeagoak dira, dramatikoagoak: Rasharena, esaterako, burua galdu zuen 32 urteko preso hegoafrikarrarena.

Argazkietara joko du beste behin, baina oraingoan bere lagunek berari bidalitakoetara, bere arrozte prozesuaren beste ildo bat erakutsiko diguna: argazkiotan jasoko duena bere iraganeko bizimoduaren isla da, gero eta urruntasun handiagoarekin sumatuko duena. Ondoren, filmean erakusten den une gorenetako bat ageri da: lagun batek igorri dion gutunaren irakurketa, non zebraren metafora erabiltzen den haien moduko militante eta preso politikoen izaera moralaz galderak egiteko: «Zer zarete, asto beltzak marra zuriekin ala asto zuriak marra beltzekin? Pertsona onak, ohitura txar eta tirantza destruktiboekin; ala txarrak, destruktiboak zarete, ohitura on eta jokabide zuzenekin? Zaratatsuak zarete, sloganekin aseturikoak, ala jende lasaia, espirituala, garrasi eta zarata-aldiekin? Zuen borrokan zoriontsuak zarete, egun tristeekin, ala bide tristean zabiltzate egun zoriontsuekin? Zuen artean zuzen eta txukun zabiltzate, zenbait zerrikeriarekin, ala giza jende zerria zarete txukuntasun eta zuzentasun batzuekin?». Patxadaz irakurria da gutuna, eta aurreko sexu eszenak hainbeste irauten du.

Film honen balioetako bat da zabalik dagoen prozesu baten testigantza aurkezten digula. Horrekin da guztiz koherentea tratamendu formala, elementu zatikatuen erabilera. Kartzelan bizituriko ezlekutzea kontatzeko distantzia bat bilatu behar izan du egileak, ez handiegia ezta txikiegia ere; narrazio zurrun baten menpeko izan den militantzia-eredua hautsi zaionean, ez du beste osotasun batera jo. Kontrara, krisi horren baitatik erakutsi digu erakutsi beharrekoa modu zatikatuan, irekian: «Ez dut besterik gabe desengainu politikoa aldarrikatzen, zalantzarako aukera baizik. Nire ustez, une honetan ez dago gauza politikoagorik kolektiboaren baitan krisiaz kargu egitea baino», bere hitzetan. Baina ez pelikula intimista bat eraikiz: «Diskurtso politiko desberdin bat artikulatzeko toki bakarra intimitatea balitz bezala», ezta jarrera baten autojustifikazio eginez ere.

Hala ere, ez pentsa bikoiztasun moralen gainditze bat proposatuko zaigunik. Zenbait galdera jartzen dira lehen planoan, galdera horiek bazterrean ez uzteko erabaki irmoz («zer sentitzen duen presoak, nolakoak diren botere harremanak, etorkinak nola dauden, nolakoa den sexualitatea, zer den desira, zer den naturaren absentzia...»). Eta jarraitzen du: «Gure paradigma politiko guztia eraiki da dikotomietan, eta hortik erantzun sinplistak sortzen dira».

Zuzendaria sinesten badugu, dikotomia itolarri horietatik aldendu beharraren ondorio da filma, eta minutuek aurrera egin ahala, patxada bilatzen eta eskaintzen da arnasa hartzeko; trantzea ere bai, eta argi epelean eta iluntasunean bilatzen den isiltasuna, azken minutuetan. Ez dago azpian indarrean dirauten dikotomia moralen konponketarik; dikotomia zurrun batzuetatik beste mota bateko dikotomiak erakusten dira, askoz ere zabalagoak, konplexuagoak, irekiagoak... Horregatik da pelikula irekia, prozesuaren baitatik sortua, ez erantzun borobil bat aurkitu eta esplikatzera datorkiguna.

Ordubete neurtuaren kontakizuna bete da, eta hasieran genuen irekidura —ala irekidura horren aurreko erresistentzia— handitu baino ez da egin. Ilunabarrean eta Euskal Herritik ia bi mila kilometrotara dagoen Berlingo Treptower Parkean gabiltza, bigarren mundu gerran eroritako soldadu sobietarren omenezko irudien artean. Txoriak eta zebra eta, amaitzeko, Verde Pratoren Amaren kanta: «Adinez nagusi denetik badoa urrun / Egiak ez dezala harrapatu / Arren haurra, ez ihes egin / Nora hoa hain estu? / Mendian gora gauak ere aurkituko zaitu / Nora doa nire umea begira? / Leku hartan zerk umelduko du? / A ze poza izango dut bihotzean norbaitek osorik maitatuko balu! / Urruti ere izango da udaberria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.