Pucciniren 'Madame Butterfly' opera, datorren Musika Hamabostaldian

Itziar Okarizek sortu du Donostiako jaialdiaren 80. edizioko kartela: bi ahotsetara egindako performance bat modu grafikoan irudikatu du

Jaialdiaren kartela San Telmo museoan aurkeztu zuten, Donostian, atzo. M.H.
itziar ugarte irizar
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Donostiako Musika Hamabostaldia uda betean heltzen da hirira. Abuztu osoa hartu ohi du klasikoari eskainitako jaialdiak, eta hala egingo du aurten ere, 80. urtez, hilaren 1etik 31ra bitartean. Hilabete batzuk falta dira oraindik, baina jaialdiak aurreratu ditu egitarau bete eta oparo horretarako lehen ekitaldiak. Besteak beste, jakinarazi du zein izango den opera emanaldia, urtero jaialdiko saiorik entzutetsuenetako bat izan ohi dena: Giacomo Pucciniren Madame Butterfly izango da, munduan gehien antzeztutako hamar operetako bat. Palau de les Arts de Valencia etxeak ekoitziko du, eta II. Mundu Gerran kokatuko du egokitzapena.

Orkestren artean, berriz, nazioartean izen handia duten bi talde izango dira jaialdian: Parisko Orkestra eta Londresko Orkestra Filarmonikoa. Parisko Orkestrak emanaldi bikoitza egingo du: aurrenekoan, «izaera programatikoko» kontzertua emango du, Hector Berliozen Harold Italian eta Ludwig van Beethovenen 6. sinfonia-rekin; eta, bigarrenean, Benjamin Brittenen Gerra-requiema interpretatuko du, Donostiako Orfeoia eta Orfeoi Txikia lagun dituela.

Londresko Orkestrak ere Beethovenen obrara joko du: haren pianorako ziklo bat eskainiko du bi saiotan, Juanjo Mena zuzendariarekin eta Javier Perianes pianistarekin batera.

Hitzen soinuen erritmoak

Jaialdiak atzo eman zuen lehen aurrerapenen berri, kartela aurkeztearekin bat. Itziar Okarizek egin du (Donostia, 1965), bere Baron Ashler lanean oinarrituta. Bi ahotsetara egindako performance bat da, zeinetan bi pertsonak testu bera irakurtzen duten, bat hasieratik hasita eta bestea bukaeratik. Erdialdean, bi irakurleek bat egiten dute, eta «koru moduko bat» osatzen dute. Hala, artistak irudikatzen du zer gertatzen den ahots biek espazioan aldi berean dihardutenean. Harago ere heltzen da: Baron Ashler pertsonaia erdi gizon eta erdi emakumea da; irakurleen ahotsek bat egiten dute haren genero identitateekin, baina, biek batera hitz egiten dutenean, gizon eta emakume ahotsek «koru moduko bat» osatzen dute.

Honela azaldu zuen atzo Okarizek performanceko ideia Hamabostaldiko kartelean baliatu izana: «Erritmoarekin du zerikusia, koruaren ideiarekin, hitzen soinuen erritmoak moldatzearekin, eta norberak bere burua denboran bilatu eta topatzearekin; musikak horrekin du zerikusia. Musikan, errepikatzen diren esaldiak perpaus tradizional batetik harago doaz. Kantuan sintaxiaren arauak apurtzen dira, eta normala egiten zaigu, sostengatzen duen erritmo bat baldin badago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.