Azaroaren 16an hasiko da emakume futbolarien greba

Sindikatuek eta Kluben Elkarteak ez dute akordioa lortu adiskidantza ekitaldian. Jokalariek ez dituzte partidak jokatuko, baina entrenatuko dira

Kluben Elkarteko eta sindikatuetako ordezkariak atzo egindako adiskidantza ekitaldian. MARISCAL / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Emakume futbolarien greba mugagabearen hasierak badu data: azaroaren 16-17ko jardunaldia. Espainiako Kluben Elkarteak eta sindikatuek adiskidantzazko ekitaldia egin zuten atzo, baina ez zuten akordiorik lortu. Beraz, greba deialdia aurrera doa. Jokalariek ez dituzte partidak jokatuko, baina entrenatzen segituko dute. Akordiorako oztopo nagusia partzialtasuna da oraindik.

Duela astebete iragarri zuten futbolariek greba mugagabera jotzeko asmoa, AFE futbolarien sindikatuak Madrilen egindako bileran. 200 futbolari inguru bildu ziren, eta %93k bozkatu zuten grebaren alde. Hala, tramitazioa hasi aurretik, ados jartzeko azken saioa egin zuten atzo: adiskidantzazko ekitaldia. Espainiako Lan Bitartekaritzarako Zerbitzuaren egoitzan batzartu ziren bi aldeak.

Lau ordu inguruko bilera egin eta gero, bakoitzak bereari eutsi zion, eta grebarako izapideek, beraz, aurrera segitzen dute. Tramitazioa gutxienez bost eguneko aurrerapenarekin egin behar denez, jardunaldi honetarako ez die denborarik ematen, eta, hurrengoan etenaldia dagoenez, futbolarien greba azaroaren 16-17an hasiko da. Athleticek Taconen aurka jokatu beharko luke, Lezaman, eta Realak Bartzelonaren kontra, Zubietan.

Bilera amaieran, AFE sindikatuko ordezkariek nabarmendu zuten Kluben Elkarteak ez zuela «inolako interesik» eduki egoera desblokeatzeko. «Alderantziz,argudio hutsalak baino ez dituzte eman, negoziazioa luzatzeko helburu bakarrarekin». Futbolariei babes osoa azaldu zieten. «Langile gisa dituzten eskubideak defendatzen ari dira, bai oraingoak, bai etorkizunekoak. Eskatzen dutena gutxieneko bat da, eta gure babes osoa dute».

Kluben Elkarteko presidente Ruben Alcainek ez zituen ontzat eman sindikatuen eskariak. «Emakumeen futbola hazten ari da, eta ez da garai egokia halako eskariak egiteko. Sindikatuaksartu aurretik, gu eta jokalariak izan ginen emakumeen futbolaren alde egin genuenak. Beraz, ez dugu ulertzen zergatik egiten dituzten klub askok bere gain hartu ezin dituzten eskariak». Alcainekargi du: «Txapelketak sortzen dituen diru sarrerak kontuan hartuta, egiten dituzten eskariak gehiegizkoak dira».

Partzialtasuna, oztopo

Athleticeko jokalari Ainhoa Tirapu «triste» mintzatu zen egoerarekin. «Sentipena da hilabete hauetan aitzakia bat bestearen atzetik jarri digutela». Baikor izan ohi da Tirapu. «Uste dut aldeak ez daudela horren urruti, egoera hau denboran luzatzeko». Dena den, zuhurtziaz ere mintzatu da. «Nik ere uste nuen hitzarmena sinatzea hilabete gutxiko kontua izango zela, eta begira non gauden».

Partzialtasuna da muga nagusia. Jokalariek hasieran lanaldia %100ekoa izatea eskatzen zuten. Baina, kontuan hartuta Kluben Elkarteak ez zuela onartzen, eta akordioa lortzeko keinu moduan, eskaria %75era jaitsi zuten. Izan ere, lan hitzarmena izatea da haientzat lehentasuna. Kluben Elkarteak, ordea, muga %50ean mantendu du. «Guretzat partzialtasuna marra gorri bat da, ez bakarrik egunerokoari begira, baita etorkizunari begira ere. Izan ere, horren arabera daude gure kotizazioak, gaixoaldian kobratuko genukeena...», dio Tirapuk.

Jokalarien eskaria onartuko balitz, jardun partzialeko kontratua duten jokalarien urteko soldata gordina 12.000 eurokoa izango litzateke, hain zuzen. Kluben elkartearen proposamena onartuko balitz, berriz, 8.000 eurokoa.

Hain zuzen ere, futbolarien eskaria da urte osoko soldata gordina 16.000 eurokoa izatea, eta klub berean emandako bi sasoiero %5eko gehigarri bat izatea. Horretan, badirudi aldeak ez daudela horren urrun. Bestalde, ondorengo hau ere proposatzen dute: klub batean sei denboraldi baino gehiago emanez gero eta kontratua etengo balitz, 10.000 euro jasotzea.

Badira jokalariek «funtsezkotzat» jotzen dituzten beste eskari batzuk. Horietako bat da gaixoaldian %100 kobratzea. Bestea haurdunaldi kasuetarako protokoloa da. Horrek futbolariak babestuko lituzke, haurdun geratuz gero klubak kontratua ez eteteko. Izan ere, egun, lan hitzarmenik gabe, hori ez dute arautua. 600 euroko laguntzak ere jaso nahi dituzte haurdunaldi kasuetarako. Lan jazarpenaren inguruko protokolo bat ere ezarri nahi dute

Opor egunak ere arautu gabe dituzte. Hitzarmena onartuko balitz, 30 egun natural izango lirateke, horietatik 21 udan, eta jarraian. Gizonezkoen lan hitzarmenean jasotzen den bezala, Gabonetan opor egun batzuk izango lituzkete.

Bestalde, beharrezkoa iruditzen zaie harrobiko jokalarien babes gida lan hitzarmenean sartuta egotea, baldin eta lehen taldearen lau deialditan sartzen badira erreskadan edo zazpitan tartekatuta. «Jokalari horiek baldintza onak izan behar dituzte; bestela, beste herrialde batzuetara joango dira, edo futbola utziko dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.