'Fordlandia', etxean

Konfinamenduan ondutako dantza ikuskizuna Donostiako Kursaalean emango dute Lucia Lakarrak eta Matthew Goldingek, maiatzaren 22an

Lucia Lakarra eta Matthew Golding, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Ez da izango estreinaldi bat, ezta Euskal Herrian oholtzaratuko duten lehenengo aldia ere, baina Lucia Lakarrarentzat eta Matthew Goldingentzat «oso berezia» izango da maiatzaren 22an Donostiako Kursaalean Fordlandia dantza ikuskizuna taularatzea. «Bilbon eman genuen 2020ko abenduan, eta iaz Musika Hamabostaldian, baina biak ala biak murrizketa handiekin antolatutako emanaldiak izan ziren. Hamabostaldian, adibidez, ez zegoen sarrerarik salgai», azaldu du Lakarrak maiatzean egingo duten emanaldiaren garrantzia azpimarratu nahian. Kursaaleko ekitaldian, ikuskizunari izena ematen dion Fordlandia piezaz gain, beste bost ere dantzatuko dituzte bi dantzariek: Stillness, Close, Show Storm, Pile of Dust eta After The Rain.

«Ikuskizun oso berezia» da Fordlandia Lakarra eta Goldingentzat, beraiek, bikote artistiko gisa, beren kasa landu eta ekoitzi duten lehendabizikoa delako. Lakarra: «31 urte daramatzat dantzan, eta ikuskizun zoragarrietan parte hartzeko aukera izan dut. Baina Fordlandia oso berezia da, lehenengo haur txiki bat izatea bezala. Hasieratik une oro sentitu izan duguna adierazten du».

Fordlandia egoera jakin batean hasi ziren lantzen Lakarra eta Golding. 2020ko martxoaren 12an Alemanian zeuden biak, lanean; 13an, Zumaiara (Gipuzkoa) joan zen bata eta Amsterdamera bestea; eta 14tik aurrera ezin mugituta gelditu ziren. Etxean konfinatuta. Lakarraren iritziz, «garai zaila izan zen jende guztiarentzat»; baina, beraiek, lanbideak eskatzen dienez batetik bestera mugitzea, bereziki sufritu zuten itxialdia. Eta erabaki zuten ikuskizun bat prestatzea. «Ideiekin jolasten hasi ginen, sentitzen genuena islatu nahian. Amets egitearen beharra genuen. Fedea izatearena».

Ametsezko hiri bat

Fordlandia-k Johan Johansson konpositoreak (1969-2018) idatzi eta 2008an diskoan argitaratu zuen musika lan bat du oinarrian, eta joan den mendeko 30eko hamarkadan Henry Ford enpresari estatubatuarrak Amazonasen, Brasilen, sortutako hiriari egiten dio erreferentzia. «Hiri utopiko bat izan zen, baina ez zuen funtzionatu, eta gaur egun Amazonasen erdian galdutako hiri fantasma bat da». Nolanahi ere, «amets bat» izatearen garrantzia azpimarratu du Lakarrak.

Fordlandia-k harreman batean izan daitezkeen derrigortutako banantzeen inguruan hitz egiten du narratiba lineal bati ihes eginez, eta bi dantzari baino ez ditu oholtzan, Lakarra eta Golding. Hala ere, Altin Kaftira artistak Zumaiako Itzurun hondartzan eta flyschean, Herbehereetako baso batean eta Dortmundeko (Alemania) antzokian filmatutako irudiek —Kursaaleko pantaila osoa hartuko dutenak— lagunduko dituzte dantzariak.

Koreografiak, bestalde, Anna Hopek (Stillness eta Close), Yuri Possokhovek (Snow Storm), Christopher Wheeldonek (After The Rain) eta Juanjo Arquesek (Fordlandia eta Pile of Dust) egin dituzte.

Fordlandia-ren ondoren, Lakarrak eta Goldingek sortutako Goldenlac Production sormen eta ekoizpen plataformak In The Still of The Night ikuskizuna ekoitzi du, eta heldu den maiatzaren 19an Gasteizen taularatuko dute. Orain, gainera, hirugarren obra bat prestatzen ari dira Sydneyko gazte dantza konpainia batekin, koprodukzioan: «Plan asko ditugu, eta dantzatzen adina gozatzen dugu horiek prestatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.