Nortasuna kolokan dagoenean

Gaur estreinatuko dute Joaquin Calderonen 'Basque selfie' filma Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Nortasunaren galerari buruzko filma da Basque selfie; Agus Barandiaran eta Itziar Ituño dira protagonistak. BERRIA.
Ane Eslava.
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Agus Barandiaran trikitilaria Korrontzi taldearekin zebilenbatetik bestera, euskal musika zabaltzen, gertakari batek astindu zuenean: 1540tik bere familiarena zen baserria bota behar zutela jakinarazi zioten. Tradizioa eta kultura hedatzen zebilen bitartean, haren identitatearen elementurik garrantzitsuenetako bat eraitsi nahi izan zuten. Jazoera hori oinarri harturik, Basque selfie filma ondu du Joaquin Calderon zinemagile nafarrak. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten lana, iragan irailean, eta, gaur, Iruñera, Bilbora,Donostiara, Gasteizera, Madrilera eta Bartzelonara eramango dute. Zuzendariak adierazi duenez, «urduri» dago, baina filmak harrera ona izatea espero du.

2015ean izan zuen Calderonek Barandiarani gertatutakoaren berri, eta haren istorioa kontatzeko gogoa piztu zitzaion. Hasieran, Barandiaranen esperientzia dokumental batean jasotzea pentsatu zuen, batik bat baserriaren eraistea salatzeko. Denborarekin, ordea, fikziozko elementuak sartuz joan zen. «Azkenean, benetako istorio batean oinarritutako fikziozko film bat sortzea erabaki nuen», azaldu du zuzendariak.

Agus Barandiaranek bere burua interpretatu du pelikulan: gertakarien aurka borrokatu beharko du, bere sustraiak defendatzeko. Barandiaranekin batera aritu dira, besteak beste, Itziar Ituño, Itziar Aizpuru, Felix Linares, Edorta Jimenez, Aizpea Goenaga, Aitor Merino eta Kandido Uranga. Zuzendari lanetan, Izaskun Iturriren eta Barandiaranen beraren laguntza izan du Calderonek.

Filmak erdigunera ekarri du tradizioaren eta garapenaren arteko talka. Zuzendariak hasieratik ikusi zuen argi hala izan behar zuela: «Oso esanguratsua iruditzen zitzaidan euskal kultura gutxik bezala ordezkatzen eta zabaltzen duen musikari bati, hain justu, bere sustraiak ordezkatzen dituen hori eraistea: etxea». Etxeak eta baserriak euskal kulturan duten pisua baliatu dute garapenaren eta tradizioaren arteko kontraesana jorratzeko. «Hala, balioa eman nahi izan diogu tokiko ondareari, eta eskatu hura errespeta dezatela».

Bi istorio gurutzatzen dira filmean, beren nortasunaren zati bat galtzen ari diren bi pertsonaiarenak. Batetik, Barandiaranek familiaren baserria utzi behar du, eta, bestetik, Aizpuruk antzeztutako emakumea oroimena galtzen ari da, Alzheimerren gaitza dela eta. Bi istorioak lotzeko, fikziozko pertsonaia bat sortu dute: Ituñok gorpuztutako Ane, eri dagoen emakumearen alaba. Modu horretan, pelikularen hondoko istorioa zabalduz, aukera izan dute gaia sakonago lantzeko eta ikus-entzuleei hobeto helarazteko, zuzendariak esan duenez. «Ituño aktore izugarria denez, egoki iruditu zitzaigun haren pertsonaiaren istorioa garatzea».

Korrontzi taldearen bitartez, pisu handia eman diote musikari, eta, era berean, «tradizioari balioa emateko» tresna gisa baliatu dute. Taldeak Iraun izeneko kanta bat sortu du filmerako; «zoragarria», zuzendariaren irudiko. Kanta hori eta taldearen beste 11 bildu dituzte orain disko-liburu formatuko argitalpen batean.

Musikaria, aktore

Barandiaran aktore gisa azaldu den lehenbiziko aldia da, eta, Calderonek kontatu duenez, hasieran, musikariak beldurrez heldu zion egitekoari. «Baina, aktore ez izan arren, haren hizkera, gauzak adierazteko modua eta izaera oso egokiak dira lan honetarako». Gaineratu du emaitza «bikaina» izan dela.

Gaur arratsaldean Iruñeko Golem Yamaguchi aretoetan egingo den aurkezpenean parte hartuko du zuzendariak. Barandiaran, berriz, Bilboko Multicines aretoetakoan izangoda. Horietaz gain, Gasteizko Florida eta Donostiako Principe zinemetako aretoetan ere estreinatuko dute gaur Basque selfie. Berlinale jaialdian ere jarriko dute, nazioarteko erosle eta programatzaileentzako proiekzioen barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.