Baretasuna lortzeko borroka

'Gorpuztu' dantza saioa emango dute gaur Bilbon; otoitzaren mugimenduak ditu abiapuntu.
Garazi Lopez de Armentia dantzaria, <em>Gorpuztu</em> dantza ikuskizuneko momentu batean.
Garazi Lopez de Armentia dantzaria, Gorpuztu dantza ikuskizuneko momentu batean. DOOS KOLEKTIBOA

Iñigo Astiz -

2019ko urriak 9
Ez da izango estreinaldia, baina izango balitz bezala kasik. Apirilaren 26an eman zuten aurrenekoz Doos kolektiboko kideek Gorpuztu dantza ikuskizuna, Barakaldoko (Bizkaia) antzokian, eta, ia urte erdiren ostean, gaur igoko dira bigarrenez oholtzara, Bilboko Arriaga antzokian. Baina halako etenaldiak ohikoak dira dantza garaikideko artistentzat, Eva Guerrero koreografoak dioenez (Bilbo, 1982). «Oso gutxi programatzen da dantza garaikidea euskal lurraldean, eta zail izaten da urtean emanaldi sorta bat lortzea. Euskal konpainia gehienok dugu arazo hori: gaur emanaldi bat egiten duzu, eta lau edo zortzi hilabete joaten dira beste bat daukazun arte. Guk zortea izan genuen, estreinaldia egiterako bagenuelako Arriagakoa ere itxia. Gero ez daukagu gehiago». Gaurkoa ez da izango estreinaldia, beraz, eta azken saioa ere ez izatea espero dute.

Bost emakume izango dira oholtzan, ia ordubetez. Garazi Lopez de Armentia arituko da dantzan, batetik, eta, harekin batera, lau musikari ere egongo dira eszenan: Yolanda Bustillo, Cristina Samaniego, Nerea Alberdi eta Carla Sevilla. Propio sortu dute emanaldirako musika, eta ahotsek izango dute protagonismo nagusia, nahiz eta, tarteka, perkusio tresnaren bat eta biolina ere joko dituzten. Baina bakarkako dantza pieza luze bat da emanaldia, funtsean, Guerrerok onartu duenez. «Garazi [Lopez de Armentia] da agertokira igotzen lehena, eta bera da jaisten azkena ere, atsedenik gabe». Musikariek lagunduta, maiz; baina, era berean, bakarrik.

Emanaldiak ikerketa lan luze bat du oinarrian. Guerrerok eta Lopez de Armentiak urtebete eman zuten hainbat erlijiotan otoitz egiterakoan egiten diren mugimenduak ikertzen, eta lan hori izan dute emanaldia osatzeko oinarria. Dantza sufiak ikasi zituzten; taoisten tai txi mugimenduak ere aztertu zituzten; eta baita budisten otoitz egiteko kontrakzio metodoak ikasi ere. «Oso prozesu polita izan da», azaldu du Guerrerok. «Aukera izan dugu denborarekin aritu eta obraren erritmoaren arabera lan egiteko, eta oso-oso pieza organikoa atera da horri guztiari esker. Izugarria da hori sortzaileontzat. Ideiei bueltak emateko aukera eman diogu geure buruari».

Argi utzi nahi du ñabardura, halere: Gorpuztu ez da otoitzei edo erlijioei buruzko pieza bat. «Badira ikerketa lan horren aztarnak ikuskizunean, eta badira mundu hori gogora ekarriko duten une batzuk, baina mugimendu horiek guztiak geure gorputzetara eraman ditugu, eta transformatu, emanaldi propio bat sortu ahal izateko». Eta, dioenez, osatzen duten barne elementu guztien arteko orekaren bila dabilen gorputz bat da, azkenean, emanaldiak erakusten duena. «Baretasunera iristeko borroka hori erakusten du», laburtu du koreografoak.

Naturako elementuak

Elkarlanean osatu dute koreografia Lopez de Armentiak eta biek. «Urteak dira elkarrekin lan egiten gabiltzala, eta oso ongi ezagutzen dugu elkar», azaldu du Guerrerok. «Lanerako pauta batzuk ezartzen nizkion nik, eta haiek kontuan hartuz inprobisatzen zuen berak. Gero, mugimendu horiek nora eraman zehazten nion, eta hala joan gara koreografia osatuz. Beraz, elkarrekin egin dugula esatea iruditzen zait zintzoena».

Ezin soilagoa da eszenografia: zazpi enbor lurrean, gereziondo adarrak zintzilik, eta lerro garbiko kimono luzeak Lopez de Armentiaren soinean. Baina ez da apaindura hutsa. Guerrerok dioenez, zenbait mugimendu taoistak maiz erabiltzen dituzte enborrak beren tai txi ariketak egiteko, eta hortik hartu dute irudia. «Irudi horiek geure bilakatu ditugu, eta emanaldirako erabili ditugu gero».

Eskura zuten materiala, gainera. Ozaetan (Araba) egin zituzten saioa prestatzeko frogak, Garaion sormen gunean, eta behin baino gehiagotan baliatu zituzten enbor moztuak beren ariketetarako. «Eszenan ere enborrak ikusiko ditugu, eta adarrak; lurra eta zerua. Kontzeptualki lotuta dago dena», borobildu du koreografoak.

Une batez saski bat ere jartzen du buruan dantzariak, eta erlijio ohiturekin dago lotuta keinu hori ere. «Badira isiltasun botoa hartzen duten monje budista batzuk, eta Japonian herriz herri ibiltzen dira, saski hori buruan jarrita, isilik, eta soilik txirula berezi bat jotzen».

Pozik gelditu ziren apirilean Barakaldon egindako lehen saioarekin, baina ñabardurak aldatzeko baliatu dute orain arteko tartea. Guerrero: «Koreografian hobekuntza batzuk txertatu ditugu, eta duela lau egunera arte aritu gara entsegutan». Lantaldean ere izan dira aldaketa batzuk. Hasieran, Ainara Legardon musikaria izan zen oholtzan, adibidez, eta Bustillok hartu du haren lekua orain.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna