Ipar-hego elkarlanean

Tsunami Demokratikoaren deiari erantzunez, milaka herritarrek Kataluniako mugaren bi aldeak ixtea lortu dute errepidea blokeatuta

Ipar Katalunia eta Kataluniako Printzerria lotzen dituen errepidea itxita, atzo goizean, Jonqueran. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
mikel rodriguez
2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Jakina zen atzo Tsunami Demokratikoak Katalunia bitan banatzen duen mugan egitekoa zuen asmoa eta horren helburuak zein ziren. Mugimenduak «ekintzarik anbiziotsuena» izanen zela erran zuen joan den astean. Goizean goiz Mossos D'Esquadrak eta Espainiako poliziek hainbat neurri hartu zituzten errepideetan trafikoa bideratzeko, baina ezin izan zuten eragotzimilaka manifestarik egun osoan blokeo eraginkor bat egitea AP-7 errepidean. Tsunami Demokratikoak gutxienez egun batzuetan eutsi nahi dio blokeoari. «Gaur protesta egiteko modu berri bat hasiko dugu», adierazi zuen Twitter sare sozialean idatzi zuen mezuan. «Teknologiaz baliatuko gara eskubide eta askatasun kolektiboak defendatzeko, errepresioaren eta kontrolaren aurka. Paradigma berri honekin, ibilgailuak dira ekintzaren protagonistak, eta, horregatik, masiboa izan behar du».

Tsunami Demokratikoaren deiari erantzunez elkartu ziren herritarrek AP-7aren bi norabideak ixtea lortu zuten atzo, autoekin pilaketak eraginda, eta, gehienbat, errepidearen erdian manifestazioak, eserialdiak eta agertoki bat eta guzti altxatuta. Kontzertuak egin zituzten han—bertzeak bertze, Lluis Llach musikariak jo zuen—.

Baina ekintzak ez ziren mugatu Frantziako Errepublika eta Espainiako Erresuma banatzen dituen mugatik hegoaldera; hain zuzen, atzoko egunak utzi zuen irudietako bat izan zen mugaren bi aldeetako katalanen elkarlanarena, Tsunami Demokratikoaren deiari jarraikiz Ipar Katalunian A-9 errepideko zirkulazioa trabatu baitzuten ehunka lagunek. «Ez Frantzia, ez Espainia! Herrialde Katalanak!», oihu egin zuten mugaren bi aldeetako manifestariek Ipar Kataluniako Pertus eta Kataluniako Printzerriko Jonquera udalerrien arteko mugan.

Eguerdi aldera Jendarmeria mobilizatu zen errepidea libratzeko. Tentsio uneak izan baziren ere, ez zen liskarrik piztu, baina poliziek ez zuten lortu zirkulazioa berrezartzea. Ipar Kataluniako Prats de Mollo herriko alkateak, Claudi Ferrerrek, Frantziako banderaren koloreen zinta jantzita, jendarmeen eta manifestarien artean bitartekari lana egin zuen. Poliziei erran zien «manifestari baketsuak» zirela han bildutakoak, eta herritarrek txalo egin zioten alkateari.

Brusela, entzungor

Kataluniako patronalak Quim Torra Generalitateko presidenteari eskatu zion mobilizazioaren aurka «adierazpen irmo bat» egiteko, «Kataluniaren bakartzea eta blokeo ekonomikoa eragozteko». CETM Merkantzien Garraioko Espainiako Konfederazioari, berriz, iruditu zitzaion Espainiako Gobernua «modu pasiboan» ari zela jokatzen. Mina Andreeva Europako Batzordeko bozeramaileari errepide mozketari buruz galdetu zioten Bruselan, eta erabat gutxietsi zuen ekintza. «Ez digu arreta handirik erakartzen».

Tsunami Demokratikoa, ordea, nazioarteari «alertarako dei bat» egin diolakoan dago. «Gaurko ekintzarekin argi utzi dugu Kataluniaren eta Espainiaren arteko arazo politikoa Europaren arazo bat dela», adierazi zuen mugimenduak iluntzean argitaratu zuen ohar batean. Gaua errepidean pasatzeko prestatu ziren manifestari asko; gaur, mozketari eusteko asmotan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.