Deseraikitzea horman

Gasteizko Artiumek Daniel Llariaren lanekin abiatu du museoko funtsa osatzen duten piezei ikusgarritasuna emateko erakusketa ziklo berria

RAUL BOGAJO / @FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Daniel Llariaren (Logroño, Errioxa, Espainia, 1985) aita muntatze katean aritu zen ia berrogei urtez, eta erretiroa hartu berritan bere laneko buzoak eman zizkion semeari, uste baitzuen hark erabiliko zituela, artista izanik, eskuekin eta askotariko materialekin egiten zuelako lan. Semeak, ordea, jantzi ordez, jantziak «deseraiki», eta bere sorkuntza lanetarako erabili zituen: moztu, josi, eta zementuz, burdinaz, erretxinaz eta bestelako materialez egindako eskulturen forma eman zien. Bada, eskultura horiek Gasteizko Artium museoko hormetan paratu dituzte orain, klase, genero eta eredu ekonomikoei buruz egindako hausnarketa ariketa gisara. Maiatzaren 23ra bitarte izango dira ikusgai.

Artistaren Get Rich serieko obrak dira Artiumeko A02 aretoan ikusgai daudenak. Museoak 2019an erosi zituen lanok, bere bilduma propiorako. Ikusgarritasuna eman nahi die orain, ordea, pieza horiei eta Artiumen funtsa osatzen duten beste obra eta artista guztiei: egun, 2.400 pieza baino gehiagok osatzen dute museoaren bilduma propioa. Museoak erakusketa ziklo berria jarri du martxan horretarako: Testuinguruak bildumatik abiatuta.

Llariaren lanekin ekin dio bideari programa berriak, hain zuzen. Hiru pieza jarri dituzte ikusgai denera. Get Rich #16 eta Get Rich#19 obrak dira horietako bi; bata bestearen aurrean jarrita, aretoaren punta batean lehena eta beste puntan bigarrena. Aitak emandako laneko arropekin egindakoak dira biak, askotariko materialekin osatutakoak. Artistak azaldu duenez, lanaren eta klase-identitatearen inguruko hausnarketa bat dute oinarri: «Hain da zaila artista batentzat gizartean espazio argi bat izatea, ezen nire aitak identifikatu baitzuen ni bera bezalako eskulangilea nintzela».

Horregatik jarri dio Get Rich (Egin zaitez aberats) izenburua artelanen multzoari. «Ameriketako Estatu Batuetako hip-hopari atxikitzen zaion ideia da, eta esan nahiko luke behe klaseko herritarrek ez daukatela desio edo ideologia propiorik, aberatsek eskaini dietena bazik ez dutela, eta hori soilik lortu nahi dutela». Eta, finean, iritzi dio, berak ere, sortzaile izanik, «jolas ziniko» horretan diharduela. «Nire aitak zuen klase-identitatea ezinezkoa da niretzat, are gutxiago sortzaile prekario eta autonomoa izanik. Ni naiz amets amerikar hori duen lehena: materialekin espekulatu eta artearen bitartez aberats bilakatu nahi duena».

Bi piezak puntarik punta lotzen ditu hirugarren obra batek: Pink Wood izenekoak. Aretoaren sabaitik zintzilik dagoen instalazio bat da, eta pieza horrek ere lan artistikoa eskulanarekin lotzen du. Arrosa koloreko oihal batetik askotariko tresnak daude zintzilikatuta: mailuak, igitaiak, bihurkinak, aiztoak, lumak... «Paisaia moduko bat sortu nahi dut tresna multzo horrekin, eta zeharkako aipamen bat ere egiten dio katolizismoari. Kasu honetan, ordea, eskuari eta norberaren eskuekin laguntzeko eta lan egiteko ideiari bakarrik egiten diot erreferentzia». Aurten ondu du artelan hori.

Bilduma

Erakusketarekin batera, gainera, #Bilduma saileko lehen alea ere argitaratu du museoak: funtsaren parte diren obrei eta artistei buruz hainbat idazlek, komisariok eta historialarik idatzitako testuen bilduma berria.

Llariak Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen Arte Ederren ikasketak. Bakarkako nahiz taldekako erakusketa ugaritan parte hartu du ordutik, eta bere lanak ikusgai jarri ditu Euskal Herrian, Espainian eta AEBetan, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.