Albistea entzun

Zinemaren ezkutuko genealogiak XV. Ikuspuntu jaialdiaren oinarrian

Datorren astelehenetik larunbatera egingo dute festibala. Aurrez aurre eta 'online' jarraitu ahal izango da. Sail Ofizialean 32 film lehiatuko dira
IDOIA ZABALETA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko martxoak 10 - Iruñea

«Izan ez ziren gauzak ere badira». Hori aldarrikatuko du aurten Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak. Esaldi hori hartu dute festibalaren hamabosgarren aldirako lelo gisa, eta ideia horretatik tiraka sortu dute nobedade nagusia: Cartas como películas (Gutunak pelikulak bezala) izeneko liburua. Festibalak 2018an abiatutako proiektu bat da, zeinarekin zinemagileen arteko gutunak bilduz joan diren, «pentsatu gabeko harremanak jaso eta genealogia zinematografiko berriak marrazteko». Aurtengo jaialdirako, bigarren liburukia argitaratu dute, La Fabrica etxearekin, eta zinemagile garaikideak dira protagonistak. Atzo aurkeztu zuten, Iruñeko Baluarte entzunaretoan, egitarauaren xehetasun guztiak emateko agerraldian.

Garbiñe Ortega zuzendari artistikoak azaldu duenez, liburuak hainbat irakurketa eskaintzen ditu: «Gutunen eta irudien arteko harremanak proposatzen ditu; denbora jauziak, esplizituak ez diren azpiatal tematikoak, omenaldi sekuentziatu txikiak».

Argitalpen horrekin batera, jaialdiaren itxiera ekitaldian Las cartas que no fueron también son (Izan ez ziren gutunak ere badira) ikus-entzunezko proiektu kolektiboa aurkeztuko dute, hainbat zinemagilek aurrez aurre ezagutu ez dituzten beste zuzendari batzuei eskainitako gutun filmatuekin osatutako proiektua. Parte hartzaileen artean daude Beatrice Gibson, Nicolas Pereda, Deborah Stratman, Lynne Sachs eta Diana Toucedo, besteak beste.

Ohiko egitura

Jaialdiak zazpi atal izango ditu, urtero bezala: Sail Ofiziala, Atzera Begirakoak, Dokbizia, Ikuspuntu Labs, Foku Garaikideak, X Films, eta Saio Bereziak. Aurrez aurreko ereduaren aldeko apustua egin dute, eta horretarako espazio berri bat gehitu dute, Plaza izenekoa. Karpa bat izango da, Baluarte plazan kokatuko dutena, eta hainbat jarduera hara bideratuko dituzte. Halaber, saio batzuk online eskainiko dituzte, Festival Scope plataformaren bidez.

Sail Ofizialerako 900 lan baino gehiago jaso zituzten, eta 32 hautatu dituzte, hogei herrialdetakoak. Sei film luze eta 26 labur dira, hamar programatan banatuak. Horien artean, Euskal Herriko bi zinemagileren lanak daude: Marina Lameiroren Dardara dokumentala, saila eta jaialdia irekiko dituena, astelehenean, lehiaz kanpo; eta Jorge Moneo Quintanaren In Ictu Oculi (begiak hesteko artean) laburra, lehia barruan.

Saio Berezien barruan dagoen Paisaia atalean ere Euskal Herriko zenbait lan aurkeztuko dituzte; zehazki, Lur Olaizolaren Zerua blu, Peio Agirreren Un retrato de N.B., Koldo Almandoz eta Maria Elorzaren Quebrantos eta Maria Sanchezen Agiña.

X Films atalean, berriz, Irati Gorostidi, Tamara Garcia eta Elisa Celda zinemagileak lehiatuko dira, eta iaz irabazi zuen pelikula estreinatuko dute: Alberto Graciaren Tengan cuidado ahí fuera. X Films proiektuak zuzendari berriei euren lanak aurrera ateratzeko aukera ematea du helburu, eta, aldi berean, ahots berriak Nafarroara hurbiltzea.

Egoitza nagusia Baluarte izango da. Aretoen edukiera %50ekoa izango da, eta aurrez aurreko saioetarako sarrerak eta Internet bidez ikusteko abonuak salgai daude, www.puntodevistafestival.com webgunean.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

<b>Christos Nikou zuzendaria, atzo, Donostian.</b> ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Maitemina ehunekotan

Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola

'Fingernails' aurkeztu du Christos Nikouk lehiara, eta 'Kalak' Isabella Eklofek. 'They Shot The Piano Player' animaziozko filma, berriz, lehiaz kanpo erakutsi dute

Marius Sanchez eta Jordi Evole <em>No me llame Ternera</em> lanaren zuzendariak, atzo, Donostiako Kursaalean. ©JON URBE / EFE

Evole: «ETAren ikuspuntua jaso nahi genuen, minkorra izan badaiteke ere»

Itziar Ugarte Irizar

Egindako lanaz «harro» daudela esan dute 'No me llame Ternera' lanaren zuzendariek. Filma erakutsi osteko solasaldian, alde bietako biktimen aldeko txaloak izan ziren
 ©JAGOBA MANTEROLA/ FOKU

«Zer falta zen emakumeak ez zeudelako kameren atzean?»

Itziar Ugarte Irizar

Euskal emakume zinemagileen lanaren gaineko zeharkaldi bat osatu dute Gaztelumendik eta Zufiak 'Arnasa betean' dokumentalean. Euskal Zinemaren galan estreinatuko dute, asteartean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.