Oroitzea festa egitea da

Iruñeko 72-22ko Arte Topaketak antolatuko dituzte urrirako. 70 ekitaldi baino gehiago egingo dituzte ehun bat pentsalari eta artistarekin

72-22ko Arte Topaketak egitasmoa aurkeztu zuten atzo, Iruñeko Baluarte jauregian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Yasmine Khris.
Iruñea
2022ko irailaren 14a
00:00
Entzun
«Paris festa bat da», idatzi zuen Hemingwayk 1957ko udazkenean. Iruñearekin zuen harremana kontuan izanik, esaldi berbera idatziko zukeen Nafarroako hiriburuaz, bertan antolaturiko 1972ko Arte Topaketak bizi izan balitu. Aurten, 50 urte igaro diren honetan, 1972-2022ko Topaketak antolatuko dituzte urrirako. 70 jardunaldi baino gehiagoren bidez oroituko dute 1972ko ekitaldi «historikoa», urriaren 6tik 18ra.

«Garai hartan, abangoardian jarri zuten Iruñea; aurten, festa handi bat izanen da», erran dute Ramon Andres topaketen zuzendari-komisarioak eta Maitena Muruzabal koordinatzaileak. Hain zuzen ere, Euskal Herriko eta nazioarteko lehen mailako ehun bat pentsalari eta artista arituko dira kulturaz eta arteaz Iruñean, eta hamaika eztabaida piztuko dira.

Mundu garaikidearen erronketatik abiatuta, parte hartzaileek hausnarketa egingo dute topaketetan, Andresek azaldu duenez. Horretarako,loke tematikoak sortu dituzte: Gorrotoaren aurkako diskurtsoak, Teknologiaren inguruko galderak, Genero bariazioak eta Musika eta bere esateko garaikidea, errate baterako. Hamar gai nagusi landuz, «argia eta itxaropena» berreskuratzeko asmoa dute antolatzaileek. «Helburua iritziak partekatzea, hausnarketak eta galderak egitea eta disfrutatzea besterik ez da», erran du Andresek.

Osotara, ikusleek aukera izanen dute 27 elkarrizketa, mahai-inguru eta konferentziatara, bost sorkuntza tailerretara eta 35 jarduera artistikotara joateko.

Hamaika eztabaida

Izen entzutetsu anitzek hartuko dute parte. Topaketak abiatuko dira urriaren 6an, Teresa Catalan eta Tomas Marco musikagileekin batera, 1972ko Topaketen oihartzunari buruzko elkarrizketa batean. Musikari dagokionez, Hilda Paredes musikari mexikarra eta Salvatore Sciarrino italiarra izango dira, eta Luis de Pabloren (Bilbo, 1930-Madril, 2021) obra bat ere ekarriko dute gogora. Izan ere, De Pablok eta Catalanek 1972ko topaketan ere parte hartu zuten, eta abangoardiako musika herritarren artean zabaltzen lagundu zuten.

Bertzalde, gorrotoaren kontrako diskurtsoei berariazko tokia eskainiko diete, eta mahai ingurua izanen da Helena Maleno idazle eta kazetari eta Brigitte Vasallo idazle eta ekintzailearekin. Filosofiaz hausnartzeko, bertzeak bertze, Peter Sloterdijk, Adriana Cavarero, Simon Royo Hernandez, Ernesto Castro eta Isidoro Reguera izango dira Iruñean.

Zinemaren alorrean, Victor Kossakovsky, Sergei Loznitsa, Pedro Costa eta Paz Encinaren parte hartzea iragarri dute; eta literaturarenean, Laszlo Krasznahorkai, Adan Kovacsics, Ana Blandiana, Jordi Doce, Anne Waldman, Martin Caparros, Ignacio Echevarria, Belen Gopegui, Castillo Suarez, Fernando Luis Chivite, Luis Garde Iriarte eta Regina Salcedo Irurzun. Svetlana Aleksievitx Literaturako Nobel sariduna ere presente izanen da Baluarte jauregian, Tragedien oroimena eta etorkizuneko aurpegia izeneko hitzaldian.

Herritarren parte hartzea

Kontzertu anitz ere izanen dira hainbat oholtzatan. Niño de Elche eta Raul Refreek eginen dute emanaldi bat, eta Xabier Erkiziak proposatuko du soinu instalazio bat, murmure izenekoa. Kukai dantza taldeak eta Verde Prato abeslariak, bestalde, «euskal folklorearekin abiatu eta proposamen berriak» ekarriko dituztela iragarri dute antolatzaileek.

Bertze erregistro batean, Baro d'evel konpainiak eskainiko du zirku emanaldia, poesia, dantza, musika eta antzerkia nahasiz.

Paraleloki, 1972-2022ko Topaketak agertoki «garrantzitsua» izanen dira herritarren parte hartzearentzat. Ildo berean, antolatzaileek karrikako espazio publikoan jarri dute arreta, eta bortz tailer publiko proposatuko dituzte. Ines Boza dantzariak eta Edurne Arizu musikariak BI-HOTZ lana karrikaratuko dute, herritarren partaidetzatik sorturiko obra komunitarioa; eta Oskar Alegria zinema zuzendariak, bere aldetik, Oficina de cine errante aurkeztuko du, zeinak 1972ko Topaketetan grabaturiko kaleko eta giroko proiekzioen eszenak biltzen dituen.

Halaber, espazio publikoaren inportantzia azpimarratu dute antolatzaileek. «Gure garaiko adituak egonen dira hemen, baina 2022ko edizioa antolatu dugu publiko guztiek profita dezaten». Dei bat ere egin diote bereziki gazteriari; hain zuzen ere, XXI. mendea topaketen ertzetako bat izanen dela ezarri dute antolatzaileek. Hala ere, oraingoak eta orain dela 50 urteko topaketak «konparatzeko tentazioan ez erortzeko» seinalatu dute. «Egun, ikuspegi guztiz desberdina dugu zenbait gairi buruz, hala nola Europaren eraikuntzari edo filosofiari buruz». Proposamen aniztasunaz gain, oreka bat bilatu dute genero perspektiban; «parte hartzaileen %50 baino gehiago emakumeak dira», aipatu du Andresek.

Ia jarduera guztiak doakoak dira, baina sarrerak eskuratu behar dira.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

www.losencuentrosdepamplona.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.