Bilatzearen arriskuak

Xabier Etxaniz Rojoren 'Denok gara Google' liburuan, zerbaiten bila ari diren pertsonak dira protagonista. Bi kontakizun uztartu ditu

Miren Garate.
Donostia
2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
«Zuk zer nahiago zenuke: jakin ala ez jakin?», galdetu dio Inazio Mujika Ereineko editoreak Xabier Etxaniz Rojori (Trintxerpe, Pasaia, Gipuzkoa, 1971), Denok gara Google nobelaren aurkezpenean. «Ez dakit. Horregatik idatzi dut hau, ez dakidalako. Nik planteatzen dut ez dakidala zer nahiago nukeen, jakin edo ez jakin. Irakurle bakoitzak atera beharko du bere ondorioa», erantzun dio. Bi istorio biltzen ditu kontakizunak. Pertsonaien bidez uztartzen dira biak, bai eta bietan ageri den ideia baten bidez ere: «Badago ez jakitea baina gauza latzagorik; behin baino gehiagotan esaten dute hori protagonistek; hau da, zerbait bilatzen dute, baina aurkitzen dutenean, zer egin informazio horrekin?», azaldu du idazleak.

Iñigo Ormazabal da lehen narrazioko protagonista nagusietako bat. Euskal idazle arrakastatsu bat da, bi aldiz Euskadi saria irabazitakoa. Bakarne bikotekide eta itzultzailearekin bizi da, nahiz eta istorioa gertatzen denean hura kanpoan dagoen aldi baterako. Maitale bat ere badu Ormazabalek, Maria, eta noizean behin hotelen batean elkartzen da harekin, «bizitzak sortzen dizkien zauriak sendatzeko, edo, behintzat, horretan saiatzeko». Oianko, berriz, agertu berria da idazlearen bizitzan. Ziberespazioan hasi dute harremana, ez dute elkar ezagutzen, baina gero eta gusturago egoten dira elkarrekin.

Maitasun istorioak eta bikote harremanak askotan agertu izan dira Etxanizen liburuetan. «Baina lehen liburua atera nuenean artean ez ziren existitzen ez Facebook, ez Whatsapp, ez Tinder. Gauzak izugarri aldatu dira, eta interesgarria iruditu zitzaidan maitasun istorio bat kontatzea gaur egungo garaietan eta gaur egungo tresnekin». Whatsapp bidez hitz egiten dute elkarrekin Ormazabalek eta Oiankok. Idazle ezaguna izanik, Oiankok badu Ormazabalen berri, baina ez alderantziz. Oainko bizkaitarra dela bakarrik daki Ormazabalek, bizkaieraz idazten duelako, baina hortik aurrerako informaziorik ez du, eta, Googlera jo arren, ez du aurkitzen, Oainko ez delako benetako izena, ezizen bat baizik. «Nor da Whatsappen beste aldean dagoen pertsona? Zer ezkutatzen du? Zergatik? Horiek dira Ormazabalek aurkitu beharreko erantzunak», iragarri du idazleak.

Istorio erreal bat

Ipuin bat idaztea zen Etxanizen hasierako asmoa. Alabaina, aspalditik zuen buruan beste istorio bat ere, lagun batek kontatutakoa. «1936ko gerra garaian haren familiari gertatutakoa da, oso interesgarria. Eta azkenean ikusi nuen modua maitasun istorio hori eta gerra garaiko istorioa lotzeko». Bigarren istorio horretan ere agertzen da Ormazabal, baina protagonismo gutxiagorekin; aldiz, Mariak garrantzia hartzen du. Lidia da bigarren kontakizunean ageri diren beste pertsonaietako bat, Mariaren ama. Bere iraganean oso garrantzitsua izan zen pertsona bat bilatzeko eskatuko dio alabari: frantsesaren semea. Hura nor den eta gerra garaian zer egin zuen aurkitu beharko du Mariak. Etxanizek nabarmendu du ez dela estu-estu gerrari lotutako istorio bat, nahiz eta gerra agertzen den. «Gerra agertzen da, eta gerraostea ere bai, maitasun istorio horrek 30 urte irauten baitu: 1936an hasi, eta 1979koa da azken zatia».

Pertsona horiek egiten dituzten bilaketetatik dator Googleren aipamena izenburuan, Google delako gaur egun gehien erabiltzen den bilatzailea. Azalean, berriz, kolore ezberdinetako kea ageri da. «Azken finean, ke horren atzean ezkuta daitezke Interneteko harreman ezkutuak, iragan urrutiko baten memoria, bizitzaren metafora bera, bizitza bera bezala ezkutatuz doan kea... Hori dena dago nobela honetan», azaldu du Mujika editoreak.

Literatur ibilbidean, ipuingintza da orain arte Etxanizek gehien jorratu duen generoa. Harenak dira, besteak beste, Begiak itxi eta kitto (2000), Hamar manamenduak (2002), Nork bere ozeanoa (2006), Txatartegirako ipuinak (2010) eta Sirena-hotsak (2013), guztiak Ereinek argitaratutakoak. Ignacio Aldekoa ipuin lehiaketa irabazi izanari esker argitaratu zituen, berriz, Atrezzoari begira (2009) eta Akelarreak (2012). Literatur sariketa hori ez ezik beste hainbat ere irabazitakoa da. Denok gara Google-ren aurretik beste bi eleberri zituen argitaratuta, Koadro isila (2003) eta Waterloo-n galdutakoak (2006), bai eta kronika liburu bat ere, Ekialdetik iritsi zen Enara: nazioarteko adopzio baten istorioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.