Wang Bing zinemagile txinatarra omendu dute Zinebi jaialdian

XX. mendean txinatarrek bizi izan duten suspertzearen ondorioak kontatu ditu bere filmetan

Wang Bing zinemagile txinatarra, Bilboko Arriaga museoan egindako prentsaurrekoan. LUIS JAUREGIALTZO/ FOKU.
Bilbo
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Tundrako etxe baten berotasunean hitz egiten ari den adineko herritar baten gogoetak edo langile esklabo baten egunerokotasuna Txina industrialean: Wang Bingek Txinako egoera politiko eta sozialari begiratzen dio film labur, ertain eta luzeetan. «Ez zait gustatzen esatea nire zinema politikoa dela. Niri gizarteak baztertutako pertsonekin egotea gustatzen zait; ahotsa eman nahi diet ahotsa kendu dietenei», azaldu du zinemagileak. Zinebi jaialdiaren 61. aldiko Ohorezko Mikeldia jaso zuen zinemagileak, atzo iluntzean egindako ekitaldian.

Berak zinemagintza politikoa egiten ez duela esan arren, Zinebiko zuzendariak, Vanesa Fernandez Guerrak, sariarekin zinemagilearen ibilbide artistikoa eta soziala omendu nahi izan dutela adierazi zuen, atzo goizean egindako agerraldian: «Mundua ulertzeko balio duen artea egiten du Wangek, eta, era berean, mundua aldatzeko erabili daitekeen artea da hori».

Zinema adituen arabera, «begirada sakon eta originalaren» bidez kontatu ditu Txinaren suspertze ekonomikoaren atzean geratu diren pertsonen istorioak. Pertsonaiak ondo islatzeko, grabazio ordu luzeak egiten ditu; adibidez, West of the Tracks (2003) filmean 300 orduko materiala sortu zuen bederatzi orduko film bat osatu ahal izateko.

Zinemak eta museoak

Haren filmak luzeak direnez, zaila da zinema aretoetan Wangen sorkuntzaren bat aurkitzea. Hala ere, haren lana askotan izan da aurkeztua eta saritua nazioarteko zinema jaialdietan: Venezian eta Cannesen, besteak beste. Museoak ere erabili izan dituzte haren filmak proiektatzeko: Centre Pompidoun (Paris), Tate Modernen (Londres) eta Reina Sofian (Madril) erakutsi dituzte, besteak beste. Bilboko Arte Ederren Museoan ere emango dute, lehenengoz, Man With No Name (2009) dokumentala. 92 minutu irauten du, eta astelehenean estreinatuko dute, 19:00etan.

«Ez dut inoiz erabakitzen nire pelikulak non emango diren; zinema aretoetan ematea gustatuko litzaidake, baina museoetan jartzearen alde positiboa ere ikusten dut», azaldu du Wangek. «Nire filmetan alde batera utzitako pertsonen istorioak kontatzen dira, eta uste dut museoak leku aproposak direla istorio horiek iraunarazteko. Helburua beti izan da istorio horien etorkizuna bermatzea».

Zinemagintza ikasketak hasi zituenean, bazekien zer ez zitzaion gustatzen, eta nahi zuena egiteko modua topatu zuen: «Txinan egin eta ematen diren film guztiak politikoak dira, eta niri hori ez zait gustatzen. Ez dut zinema egiten jendearentzat, baizik eta niretzat».

Bere estiloari leial izan zaio beti zinemagilea. Nahiz eta bere herrialdean harrera onik ez eduki, moduak bilatu ditu zinemagintzan aurrera egin ahal izateko. «Ez nuen inondik inora espero nire filmek nazioartean horrelako onespena edukitzea; asko eskertzen dut». Askotan arazoak ditu bere sorkuntza lanak Txinan estreinatzeko. Halere, aitortu du ez duela izan inolako eragozpenik filmak egiteko. Era berean, bere lan egiteko erak asko errazten dio nahi duen lekuetara heltzea.

Normalean, bakarrik egiten du lan, eta hogei urtean hogei dokumental ekoitzi ditu. «1999. urtean hasi nintzen filmak sortzen, eta ordutik beti egon naiz lanean. Aro digitalari zor diot aukera hori gehienbat». Aurrekontu merkeak edukitzeko gaitasuna ematen diote kamera digitalek, eta edonora eta edonoiz mugitzeko aukera ere bai. Bi arrazoi horiek ezinbestekoak dira bere lana askatasunean egin ahal izan dezan. Postprodukzioan, irudiak aukeratzen ditu, baina ez ditu eraldatzen. «Egin ditudan dokumental guztietan, bizitza den modukoa azaltzen da. Ez zait gustatzen hori aldatzea; ez dago horren beharrik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.