Iraileko azken asteburuan egingo da Literaturia jaialdia, Zarautzen

Asteburu honetan ziren egitekoak, baina udazkenera atzeratzea lortu dute azkenean. Jaialdiari lotuta, Iban Zalduak idatzi eta Julen Ribasek ilustratutako ipuin bat emango du bihar BERRIAk

Itziar Iruretagoiena eta Ibai Sarasua Literaturiako antolakuntza taldeko kideak, atzo, Zarautzen. ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Larrabetzun (Bizkaia) hasi zuen bidea Literaturia jaialdiak, 2009an. Bost urte egin zituen han, eta Zarautzera (Gipuzkoa) lekualdatu zuten ondoren, hasierako oinarri eta asmoak berekin eramanez: euskal letren munduari plaza bat zabaltzea udaberri garaian, eta harekin ikusgarritasun bat, topaleku bat, bizitasun bat eskaintzea. 2014tik erro berriak botatzen joan da jaialdia Zarautzen, eta joan da pixkanaka haziz. Maiatzeko asteburu bat gorde izan diote orain artean, eta hala ziren egitekoak aurten ere: gaur hasi eta igandera bitarte. Baina apirilaren hasierarekin iragarri zuten antolatzaileek ezetz, azkenean eurek ere bertan behera utzi beharko zutela jaialdia. «Pandemia hasi zenean, epe motzerako izatea espero genuen eta itxarotea erabaki genuen. Gero, gauzak aldatu ziren, eta guk ere hala egin behar izan dugu. Hasieran zapuztuta egon ginen bertan behera utzi beharraren ezintasun horretan, baina oraintxe lortu dugu beste data bat jartzea, eta berriz ari gara indarra hartzen data horri begira», azaldu du Ibai Sarasua antolakuntza taldeko kideak. Zarauzko Udalarekin itxi berri dute aurtengo Literaturiarentzako data berria: irailaren 25ean, 26an eta 27an izango da.

Aurten Literaturiarik ez zela izango iragartzerako itxia zuten jada egitaraua. «Lan gehiena egina zegoen, xehetasunetan eta kontu teknikoetan geneukan energia jarrita», aipatu du Sarasuak. Parte hartuko zuten idazle eta bestelako egileen zerrenda ere lotuta zuten, bada, eta horiekin harremanetan jartzen dabiltza orain, Itziar Iruretagoiena antolakuntza taldeko kideak azaldu duenez: «Ez da erraza izaten asteburu jakin bat erabaki eta lotzea. Orain, data zehaztuta, artistak eta gainontzeko parte hartzaileak konfirmatzen saiatzen ari gara. Prestatuta geneukan hori mantendu nahi genuke».

Egitaraua data hurbildu ahala aurkeztuko dute xeheago, baina aurreratu dituzte dagoeneko aurtengo jaialdiaren zenbait ezaugarri. Horietan lehena gaia: atea. Eta hari lotutako leloa: Hitza da giltza. Iruretagoiena: «Iradokitzailea eta indartsua iruditu zitzaigun atearen irudia, haren sinbologia. Ikusten ez den nonbaitera eramaten gaituen objektu bat da, eta hitza da horretarako giltza: hitzaren bidez atea zeharkatu, eta ezagutzen ez genituen lekuetara eramaten gaitu».

Azken urteetako berrikuntzetako bat izan da egitarau osoa gai baten bueltan jostea. Egitarau horri, halaber, hiru hanka finkatu dizkiote: liburu azoka, liburu aurkezpenak eta literaturaren bueltako bestelako emanaldiak. Hiruak aurrera ateratzeko lanean dihardutela azaldu du Sarasuak, eta, aurkezpenen kasuan, udaberrirako pentsatuak zituzten lanak udazkenekoekin egokitu beharko dituztela agian. Haur eta gazte irakurzaleei leku egiten ere ahalegina egiten du jaialdiak, eta Literattipia tartearekin segituko dutela aurreratu dute. Baita nor omenduko duten ere: Leire Bilbao (Ondarroa, Bizkaia, 1978), batik bat poesia eta haur eta gazte literatura landu dituen idazlea.

Itzulpengintzaren alorra bazter ez uzten ere saiatzen direla aipatu du Sarasuak, eta aurreratu, aurreko urteetan egin bezala, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen elkartearekin lanean ari direla aurtengo eskaintza zehazteko. «Berezitasunei» dagokienez, ordea, hitza beste diziplina batzuekin erlazioan aztertzen saiatuko dira aurten. Eta asmo horri lotuta, musikaren eta letragintzaren arteko loturez hausnartzeko emanaldi bat prestatu dute: Ruper Ordorika eta Anari musikariak ariko dira gaiaren gaineko solasean, Jon Eskisabel kazetari eta Badok atariko arduradunarekin batera.

«Erreferentzia txiki bat»

Euskal literaturak Zarautzen plaza bat irabazi duela sumatzendute Literaturiako antolatzaileek, gero eta gehiago direla urterikurte hurreratzen direnak.«Herrian ari da tokia hartzen, baina ez bakarrik literaturazaleen artean. Uste dut Euskal Herrian ere erreferentzia txiki bat bihurtzen ari garela», onartu du Sarasuak.

Jaialdiak udaberrian izan du orain arte hitzordua, eta, osasun larrialdiak ezinezko egin badu ere, zegokion datan keinu bat egin nahi izan dute antolatzaileek. Iban Zaldua idazleari narrazio bat eskatu diote, eta Julen Ribas marrazkilariak jantzi du ilustrazio batekin: Berrogeialdiaren amaiera. BERRIAk argitaratuko du, bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.