Albistea entzun

Mugako lurrak eta gorputzak

Ivan Gomez artistak Faisaien Uharteari buruzko 'Denbora-tolesak' erakusketa jarri du Irunen
Ivan Gomez artista, erakusketarako eraiki duen pabiloian.
Ivan Gomez artista, erakusketarako eraiki duen pabiloian. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2022ko uztailak 22 - Irun

Bitxikeria bat, azukre zorro batean: «Ba al zenekien... Faisaien Uhartea, Irun eta Hondarribia artekoa, Frantziaren mendekoa dela sei hilabetez eta Espainiaren mendekoa sei hilabetez? Duela mende bat baino gehiagotik, bi estatuek partekatzen dute subiranotasuna, bi aldeetako arrantzaleen arteko liskarrak bukatzeko asmoz». Ivan Gomez artista irundarrak Faisaien Uharteari buruzko proiektu batzuk egin ditu 2018az geroztik, lekuaren «tarteko» izaera «sasineutralak» erakarrita. Alde askotatik aztertu du: politikatik, gorputzen harremanetik, migrazioaren ikuspuntutik, eta «boterearen eta harreman sozialen imajinariotik». Orain, lan hori guztia biribiltzeko asmoz, Denbora-tolesak erakusketa jarri du Irunen, Menchu Gal aretoan (Gipuzkoa). Abuztuaren 28ra arte egongo da zabalik.

Bide horretan, Gomezek zenbait lagunekin kolaboratu du. Intzura: historia kontatzeko moduak liburua argitaratu du Iraitz Agirrerekin batera, ikerketa lan bat egin du kultur eragileekin izandako elkarrizketa batzuetatik abiatuta, eta esku hartze bat egin zuen Anartz Ormaza arkitektoarekin: uhartera joateko zubi batzuk eraiki zituzten, Irungo Pio Baroja institutuko ikasleekin. Erakusketa prestatzeko ere lankide bat izan du: Haize Barcenilla ikerlari eta EHUko irakaslea. Hura izan da komisarioa, eta hark landu du uhartearen testuinguru historikoa.

«Gai batzuk atera genituen: estatuen sorrera, gorputzen trukea sorrera horretan, genero eta estatu arrazoiak, memoria...», kontatu du Barcenillak. San Telmo museoko, Gordailuko eta Irungo artxibategiko dokumentuak eta objektuak aztertu, eta objektu horiek eta Gomezen lana uztartuta osatu du Barcenillak erakusketako testua, historiaren ikuspegitik egindako saiakera bat.

Gainera, podcast batekin osatu dute erakusketa: Txufo Wilsonen musikaz lagunduta irakurri dituzte testu horiek. «Erakusketa gorputzen trukeez ari denez, beste alde sentsorial batzuk interesatzen zitzaizkigun».

Gai nagusiak bizitza eta heriotza dira, eta gorputza zaintzearen indarra bizitzaren eta heriotzaren arteko prozesu horretan. Baita zaintzen diren eta zaintzen ez diren gorputzen arteko desberdintasuna ere. Hori guztia mugaren ideiarekin lotu dute, eta historia interpretatzeko moduak izan dira gogoetaren oinarriak.

Artelanak eta objektuak

Erakusketak hiru zati ditu: gorria, urdina eta berdea. Eremu gorria uhartean eraiki zuten pabiloiaren «berrikuspen bat» da. Gomezek azaldu duenez, Diego Velazquez margolariak dekoratu zuen, 1660an, Espainiak eta Frantziak Pirinioetako bake hitzarmena sinatu zutenean. «Esku hartze arkitektoniko bat egin dut: aretoa deszentratu egin da, eta espazio zentral bat sortu du atzeko zatiarekin», esan du artistak.

Atzeko zati hori eremu urdina da. Eskultura bat dauka erdian: silikonazko bi beso hiperrealista, erretilu bati eusten. Gomez zerbitzuaren ideiaz aritu da obra horren bidez: «Zerbitzaria besteei zerbitzatzeko dago, eta lan horien zati handi bat ikusezina da». Argazki bat ere badago gela horretan; Irungo geltoki zaharrekoa. Eraikina erabili gabe dago aspaldi, hondakin bihurtuta, eta artistak «ahaztu eta baztertutako espazioa» jaso nahi zuen bere lanean.

Gomezek eraikitako pabiloiaren alde batetik igarotzen da gune berdera. Han, «museo itxurako» beira arasa bat dago, objektu batzuekin. Ondoan, jantzi bat, gorputz hustu bat irudikatzen duena, «airea galdu» balu bezala. «Objet trouvé da: lagunen opariak dira, eta horietatik interesatzen zait nola aldatzen den begirada. Opariek bestearen pentsamenduan sartzera bultzatzen gaituzte». Objektuak organikoak dira, galkorrak: «Zaindu egin behar dira; gauza batzuek zaintzea behar dute irauteko».

Jantzia, gorputzaren muga

Areto horretan, oihal batzuk daude lurrean. Gomezek Naiara Herrerarekin egindako kolaborazio baten fruituak dira. Moda bilduma bat diseinatu zuten, Faisaien Uharteari buruzkoa, Pirinioetako bake hitzarmenari lotuta. Antzinako grabatuak estanpatu zituzten zetan: ezkontzaren eta gorputzen ideiak izan zituzten gogoan. «Jantzia gorputzen beste muga bat da, azkenean».

Denbora-tolesak erakusketaren katalogoan bateratu dituzte erakusgai dauden piezak eta Herrerarekin egindako argazki saio bateko irudiak. Gainera, artista inspiratu duten objektu eta artelan batzuk sartu dituzte, osagarri gisa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joanes Illarregi, bigarren final-laurdeneko irabazlea, gaur Arrasatek saioan. ©Andoni Canellada/FOKU

Joanes Illarregik irabazi du Arrasateko saioa

Miren Mujika Telleria

678 puntu bilduta lortu du lehen postua. Saioa Alkaiza izan du atzetik, bost punturen aldearekin.

Alaia Martin, gaurko saioa. ©Bertsozale Elkartea

Alaia Martinek irabazi du lehenengo final-laurdena

Miren Mujika Telleria

Nerea Elustondo sailkatu da bigarren Getxon (Bizkaia) jokatutako saioan

Laura Mora, <em>Los reyes del mundo</em> filmeko zuzendaria (eskuinean), filmeko lantaldeko kideekin, atzo, Kursaaleko amaiera galan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

'Los reyes del mundo'-k irabazi du Urrezko Maskorra

Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde

Laura Mora zuzendari kolonbiarrak bere herrialdeko bost gazteren istorioarekin eskuratu du jaialdiko sari nagusia. Genki Kawamura japoniarrarentzat izan da Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...