Musika bidezko introspekzioa

Esplendor Geometrico taldea ariko da Dantz musika jaialdiaren hirugarren aldian, Donostian
Esplendor Geometrico taldea, kontzertu batean.
Esplendor Geometrico taldea, kontzertu batean. BERRIA

Alba Cabrera Jauregi -

2019ko abuztuak 29
Dantz musika jaialdiaren aurtengo aldia «osoena eta orekatuena» dela dio Jokin Telleria zuzendariak. Musika elektronikoaren eta garaikidearen arlo estetikoari eman diote garrantzia jaialdiaren hirugarren aldian, eta Euskal Herriko zein kanpoko artistak izango dira oholtza gainean, gaur hasi eta etzira bitartean, Donostian.

Sortu berri duten proiektu batekin emango diote hasiera, Dantz Point egitasmoarekin, alegia. Arkitekturaren ikuspuntutik interesgarriak diren espazioetan zuzeneko DJ musika saioak egitean datza. Maiatzaz geroztik antolatzen duten laugarren Dantz Pointa izango da gaurkoa, Donostiako Bakearen Usoaren parean. Biharko eta etziko egitarauari dagokionez, eguneko saioak Tabakalerako kanpoko eta barneko espazioetan egingo dituzte, eta Gazteszenan izango dira gaueko kontzertuak. Esplendor Geometrico Madrilgo taldea izango da jaialdiko protagonista, zuzendariaren hitzetan festibalak «musika taldearen filosofiarekin bat egiten» duelako: «Ez dute musikaren bitartez mezu sozialik edo politikorik hedatu nahi. Musikaren arlo estetikoari ematen diote garrantzia, eta haien helburu nagusia jendea dantzan jartzea da, sentsazio berriak sortzea, eta introspekzioa egitea». Biharko egitaraua «ilunagoa» dela nabarmendu du Telleriak, ardatz nagusia techno industriala izango da eta. Larunbatean, aldiz, «estilo zabalagoak» egongo dira, eta musika beltzarekin harreman estuagoa izango du egunak.

Aurreko bi edizioak oinarri hartuta, «gauzak hobetzen» ari direla eta «proiektu berriekin» datozela aitortu du Telleriak: «Esaterako, badakigu Gazteszenako areto txikia ez dugula erabiliko, aurreko urteetan izugarrizko beroa egin izan duelako». Jaialdi «konplexua» izan arren, aurreko aldien aldean kalitatea hobetu dela adierazi du: «Espazioak eta entzuleak ezagutzen ditugu, eta badakigu zeintzuk diren Donostiak dituen beharrak. Ekonomikoki ere errentagarriagoa izan da aurtengo jaialdia; kostuak hobeto neurtu ditugu, eta maila handiko artistak ekartzea lortu dugu». Tokiko artistak kanpoko artistekin oholtza gainera igotzeko aukera bermatu nahi izan dute aurten, jaialdiari «ikuspuntu interesgarri bat» emateko asmoz.

Esplendor Geometrico taldeak «helduagoak» diren entzuleak erakarriko dituela pentsatzen du Telleriak; aldiz, Carista eta Overmonok, besteak beste, jende gaztearen interesa piztuko dutela deritzo. Izan ere, askotariko entzuleei bideratuta antolatu dute jaialdia: «Musika festibal gehienak estilo jakin batekoak izaten dira. Baina gure jaialdian musika estilo ezberdinak uztartzea da helburua, eta horrek publiko pluralagoa edukitzea dakar».

Hiru urteko ibilbidea

2017. urtean sortu zen Dantz proiektua, «hutsune kultural eta artistiko» bati aurre egiteko asmoz. Musika elektronikoa, abangoardista eta garaikidea egiten duten «artista asko» zegoela dio zuzendariak, eta horiei bultzada emateko helburuarekin jaio zen jaialdia.

Aurtengoa hirugarrena da, eta zuzendariak aurreikusten du «onena» izango dela: «Orain badakigu gauzak nola kudeatu, bai komunikazio aldetik, bai antolakuntza aldetik. Sortu daitezkeen arazoei zer erantzun eman ere aurreikusi dugu, eta horrek azkenean emaitza oparoa ekarriko du». Aurrera begira, Euskal Herritik kanpo beste hiri batzuetara «salto egitea» da helburua, euren egitasmoa sustatzeko eta ezagutzera emateko asmoarekin. Horretarako, Danz Point-ak tresna «oso baliagarriak» direla deritzo Telleriak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna