Albistea entzun

Distopia bat orainaren hurren

Maite Darcelesek lehen eleberria plazaratu du, 'Bihotzean daramagun mundua', Alberdaniarekin
Maite Darceles, <em>Bihotzean daramagun mundua</em> liburuaren aurkezpen egunean, Donostian.
Maite Darceles, Bihotzean daramagun mundua liburuaren aurkezpen egunean, Donostian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2018ko uztailak 19

«Gizakia gizakiago den mundu bat». Hori da pertsonak barruan daraman mundua Maite Darcelesentzat (Hondarribia, Gipuzkoa, 1971). «Intuizio bat da, baina, egon, ez dago inon». Ideia bat da, eta ideia horrek zeharkatzen du Bihotzean daramagun mundua, Darcelesen estreinako nobela. Munduak hartua duen martxa ikusirik, distopia bat eraiki du etorkizunean, eta, handik, argazkia atera nahi izan dio gaurko gizarteari. Zientzia fikziotik gertu ondu du lana, eta Alberdaniarekin plazaratu du, argitaletxeak etenaldi baten ostean hasi duen etapa berrian.

Gaurko jendearen bizimoduan ikusten duenarekiko kezka eta fikzioa idazteko gogoa elkartu ditu Darcelesek lehen liburuan. Saiakera baterako oharrak biltzen hasi zen aurrena, baina bide horretatik «ondorio garbietara» iritsiko ez zelakoan, eta iristeko intentziorik gabe, eleberriaren bidean sartu zen azkenean. «Gauzak nola diren eta nola egin behar diren esateko baino gehiago, gogoeta egiteko abagunea bilatu dut», aipatu du. Etorkizun hurbilean girotu du kontakizuna, XXI. mendeko bigarren erdiko Euskal Herrian. «Gaurko munduaz hitz egiteko askatasun handiagoa eman dit horrek. Distopia bat da, baina gure munduaz ari da». Muturrera eraman ditu arriskutsutzat dituen hainbat jokabide sozial. Asko direla dio, eta asko saiatu dela nobelan sartzen. Baina ideia bat errepikatu du beste denen gainetik: «Gizakia gizaki egiten duen horretatik urrunduz doa».

Egileak esparru bitan ikusten ditu agerien horren ondorioak: giza harremanetan eta «ezagutzarekiko loturan». Azaleko harremanetara gero eta gehiago jotzen duen gizarte bat iruditzen zaio gaurkoa. Teknologia berriek eragina izan dutela iruditzen zaio, baina auzia hori baino harantzago doala. «Sistemaren logika bera» dago erroan, harentzat. «Sistemak berak harreman mota jakin batzuk bultzatzen ditu. Azkenean, bagara izan nahi dugun hori, baina, neurri handi batean, gizarteak bihurtzen gaituena gara».

Horrekin batera, «inoiz baino ezagutza gehiago» daukan mundua da gaurkoa, Darcelesen iritzian. Eduki bai, baina nola erabiltzen duen, hor datza arrakala, harentzat: «Geure buruari galdetu beharko genioke jabetzen ote garen benetan zer gertatzen ari den, eta ikusi nola egin genitzakeen gauzak hobeto».

2050eko gizartea

Hamarkada gutxi batzuk barru gizartea nolakoa izango den irudikatzea izan du erronka Darcelesek. Teknologiak pisu nabarmena izango duen gizarte bat eraiki du, gaur oraindik existitzen ez diren garraiobideak erabiliko dituen gizarte bat. Airautoa erabiliko duena, esaterako. Eleberriaren arabera, 2050eko mundua libururik gabekoa izango da. «Horrek esan nahi duen guztiarekin». Dena den, etorkizuna txikira ekartzeko ariketan aritu da egilea. «Izan, nik agertu dudana baino askoz konplexuagoa izango da mundua. Sinplifikazio bat egin behar izan dut, interesatzen zaizkidan gaiak nobela batean sartzeko: gizarte antolaketa, maitasuna, lan motak...».

Lorea jarri du kontakizunaren ardatzean. Abiapuntuan «bizitza konbentzional bat» agertuko duen gazte bat; ikasketekin, bikotekidearekin, ofizio batekin. «Gauzak berak uste dituen modukoak ez direla ohartuko den arte». Horrek emango dio bira kontakizunari, eta hortik hasiko da bizitzan beste jarrera bat hartzen. Ordenagailu zaharretan begira, Helene Bidaniaren —Y andre gisa ere azalduko da— berri izango du, eta haren arrastoaren atzetik egingo dituen urratsetan eraikiko da istorioa. Bidania topatzen duenean, hark erakutsiko dio behin izan zela bihotzeko mundura gerturatu zen mundu bat. «Saiakera bat izan zena, eta zapuztu zena», Darcelesen esanetan. «Horrek harrapatu egingo du Lorea, eta begiak irekiko dizkio inguruan duen errealitatearen aurrean».

Iraganaren nostalgiarik ez

Inon ez den, baina istorioaren oinarri-oinarrian den bihotzeko mundua sortzeko, Darcelesek 68ko maiatzaren moduko mugimenduetara jo du. Ukatu egin du, hala ere, «iragan baten nostalgia batek» zeharkatzen duenik nobela. Ez da izan hori bere asmoa. «Hori baino gehiago, fokua momentu honetan jartzea nahi nuke; oraina aktibatu eta kontzientzia hartzeko dei bat izatea». Darcelesentzat, gaurko mundua norbanakoaren bueltan biraka dago, eta nabarmendu du badagoela hori iraultzeko premia ere: «Ihesbide indibidualak bultzatzen zaizkigu, eta horren aurrean ekimen kolektiboa azpimarratu nahi izan dut». Horren segida, gaurko munduak saltzen duen «perfekzioaren fartsa» ere utzi nahi du agerian Darcelesen distopiak. «Bizirik dagoen ezer ez da perfektua. Perfekzio itxuraz agertzen zaigun guztia urrun dago bihotzean daramagun mundutik».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Musika estilo askotara zabaldu da trikitia azken urteotan. Irudian, Neomak taldearen kontzertu bat, Durangon (Bizkaia). ©RAUL BOGAJO / FOKU

INFERNURAINOKO SUSTRAIAK DITU

Olatz Enzunza Mallona

Euskal kulturan errotuta dauden musika tresnetako bat da trikitia. Euskal Herriko plazetan zein musika eskoletan bizi-bizirik dago oraindik ere, eta, tradizioa alde batera utzi gabe, musika estilo gehienetara ere zabaldu da azken hamarkadetan. Transmisioan dago gaur egun kezkarik handiena.
 ©IRATXE ETXEANDIA

«Trikitiaren errealitatea ez dator bat gizarteak irudikatzen duenarekin»

Olatz Enzunza Mallona

Trikitiaren ibilbidea eta iruditeria kolektiboa ari da ikertzen Gontzal Carrasco bere doktoretza tesian. Tradizioaz gainera, instrumentuaren «beste errealitate batzuk» erakusteko beharra dagoela nabaritu du.

 ©ANE GARCIA
Duvravka Ugresic, Bartzelonan, 2011n. ©ORIOL CLAVERA

Bueltarik gabeko erbestearen letrak

Andoni Imaz

Historiaren eta politikaren koordenatuetatik irakurri ohi da Dubravka Ugresic hil berriaren lana; izan ere, gai horiek erabat blaitzen dituzte Jugoslavia ohia desegin ondoren handik ihes egin zuen idazle kroaziarraren nobelak eta saiakerak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.