Korronte ikusezinak

Mikel Arruabarrenak 'Kardaberak zementuan' poema liburua plazaratu du, Balea Zuria etxearekin. Naturaren indarra du gai nagusietako bat

Mikel Arruabarrena idazlea, Donostian, bere bigarren poema liburua eskuetan duela. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Mikel Arruabarrenaren (Hondarribia, Gipuzkoa, 1994) bigarren poema liburua da Kardaberak zementuan, baina lehenengoa den sentipenarekin aurkeztu du, esker ona adieraziz Balea Zuria argitaletxeari. Izan ere, Ahanzturaren bezpera izena zuen aurreneko liburuak Iruña Hiria poesia saria irabazi zuen, 2019an argitaratu zen, baina oharkabean igaro zen izurritearen ondorioz.

Idazleak ezohiko ekitaldia egin du kazetarien aurrean, bost poema irakurriz, errezital itxura eman baitio. Kardaberak zementuan bildumak dituen hiru zatietatik olerki bana aukeratu du: Hondarribiko Mariñel ontziari buruzkoa lehenbizi; Txingudiko Urak enpresari eskainitako pieza ironikoa ondoren; bere auzunea den Santa Engraziaren ingurukoa hirugarren: «Hondamendi nuklearra espero zuten haiek/ atsekabetuta daude,/ eta arto-musker abailduak, inbasio alien/ eta zonbiak espero zituzten haiek/ ez dute sinisten orain gertatzen ari denik». Irakurraldia bururatzeko, beste bi poema ekarri ditu: 52 Hertz aurrena, eta Txakurrak gero: «Azkeneko datuen arabera,/ haur baino txakur gehiago bizi dira Bilbon egun».

Arruabarrena fisikaria da formakuntzaz. Aritz Gorrotxategi editorearen ustez, poemetan nabarmenak dira zenbait erreferentzia: «Sortzen dituen joko poetikoetan oso presente dago zientzia. Ondo asmatzen du zientziako terminoak poesiara ekartzean. Adituak ez garenontzat ere aproposak dira, iruditzen baitzait meritu handia dela hizkera zientifikoak ez liburua iluntzea eta zailtzea, baizik eta oreka ematea eta argitasuna egitea».

Kardaberak eta zementua liburu barruan behin baino gehiagotan agertzen den irudia dela adierazi du Arruabarrenak. «Denok ikusi izan ditugu espaloi bazterrean, kamioietan edo zementuan sortzen diren landareak eta belarrak. Berezko indar bat dago irudi horretan, eta edertasun bat ere bai. Tokiz kanpo daudela dirudite, eta moztu edo kendu egiten ditugu batzuetan. Baina beti hain temati hazten dira! Noizbait landareek gaina hartuko diote zibilizazio honi».

Postalak izena du liburuaren lehen zatiak, eta Igor Estankonaren aipu batekin dator. Jaioterria eta bizitokia duen Hondarribian kokatuta dagoela azaldu du Arruabarrenak. «Denboraren igaroa du gai nagusia. Poema guztiak herriko toki zehatzetan girotuta daude. Leku horien bitartez, haurtzaroko eta gaztaroko bizipenak eta oroitzapenak kontatzen ditut». Bide batez, herriak azken urteetan izan duen bilakaeraz jardun du. «Nortasunaren gaia ere hor dago, atalaren azken aldera. Saiatu naiz nostalgikoa ez izaten».

Bigarren zatia Mekanikak eta uhinak deitzen da. «Fisikako ikasgai baten izenburua dauka. Hemen sartu ditut gizarteari begira idatzi ditudan poemak». Irakurlea berehala ohartuko da zientziari lotutako erreferentzia ugari dagoela, izenburutik hasita. «Gizarteko auzien eta gauzen atzean dauden lege ikusezin horiek aurkitzen saiatzeko asmoa dago». Iñigo Astizen aipu batekin abiatu du poema sail hori. «Uste dut Astizek ondo islatzen duela ideia: 'Lotuta ikusten dut dena/ lurpeko korronte ikusezinen bidez'».

Zientziaren eta poesiaren artean paralelismoa ikusten du Arruabarrenak. Haren aburuz, leku ezberdinetatik mundua ulertzeko edo pentsatzeko moduak dira biak, azkenean. «Atal hau nahiko heterogeneoa den arren, eta gai ezberdin asko dauzkan arren, uste dut zientziaren begiratzeko era nabari dela».

Czeslaw Miloszen aipu batekin, Paisaia preapokaliptikoak izenburua du hirugarren atalak. «Munduaren bukaera, natura eta kutsadura, gizartearen kolapsoa ditu gaitzat». Nolabait Hondarribi aldera bueltatzen da berriz ardatza, eta liburuaren hasierarekin lotzen du. «Apatia eta amorru kutsuz abiatuta dago. Hala ere, uste dut bukaera aldean zabaltzen dela itxaropen izpi bat, tonu baikor batez».

Bidegabekeriaren aurrean

«Ez naiz neure burua salbatzen saiatu», aitortu du Arruabarrenak. «Ez naiz inor baino hobea. Neure buruari egindako kritikak dira poema hauetan agertu ditudanak». Badago kritika sozial bat, baina ez modu «tradizionalean» egina. «Gehiago da gizarteari begira sortu den burutazioa, bidegabekerien aurrean egindako gogoeta».

Ongizate estatuaren beste aldeaz arduratzen da, Gorrotxategi editorearen arabera: «Ustezko zorionaren azpian dauden maila horiez, edo teknologiarekin daukagun harreman ez sanoaz».

Kardaberak zementuan alde biko irudia da, Arruabarrenarentzat. Batetik, har liteke sistema edo egitura handi baten kontra azaltzen den ahalegin txikia bezala. «Bestetik, gogoratzen digu gu hilko garela baina naturak eta bere indarrek segituko dutela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.