Albistea entzun

Donostiako Aste Nagusia 

Serio eta umorez, euskararekin jolasten

Donostiako Easo plazan bertsotan aritu dira Unai Agirre, Maialen Lujanbio, Unai Gaztelumendi eta Alaia Martin. Besteak beste, jai ereduez edo Donostiako topikoez aritu dira, ordu eta erdiko saioan.
Lau bertsolariak zutik, kantuan, Donostiako Easo plazako kioskoan.
Lau bertsolariak zutik, kantuan, Donostiako Easo plazako kioskoan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Beñat Torres Lete -

2017ko abuztuak 17 - Donostia

Donostiako Easo plaza sormen leku bihurtu zen atzo. Lainopean baina ateri, tenperatura goxoaren laguntzaz, ipinitako aulkirik gehienak bete zituzten bertso saioa entzutera joan ziren 200 lagundik gorako bertsozaleek. Unai Agirre, Maialen Lujanbio, Unai Gaztelumendi eta Alaia Martin izan dira kioskora kantura igo direnak. Gai jartzaile lanetan, berriz, Imanol Artola Felix aritu da.

Bertsolariek ikusleari keinu eginez kantatu zuten hasierako agurra. Agirrek, esaterako, oholtzatik ikusi zuen publiko pluralari kantatu zion: «Egun on danoi, zahar eta gazte/ berdin dio noiz jayuak».

Gazte horietako bat zen Iker Azpeitia (Urretxu, 1995). Uda Donostian pasatu ohi du, eta ez zuen zalantzarik izan saioa entzutera agertzeko: «Txikitatik datorkit bertsozaletasuna. Bertso eskolan aritu nintzen, eta, ordutik, nire bizitzaren parte da. Kantuan egongo zen laukotea ikusita, ez nuen zalantzarik egin».

Artolak lanean jarri zituen ondoren bertsolariak. Aurkezleak saio «originala» izango zela esan bazuen ere, prestatu zituen gaien artean denerako tartea egon zen. Laurak hasi ziren kantuan, eta, bi itzulitan, beraiei festak dakarkien lanari buruz kantatu zuten aurrena; eta libratzen dutenean, oporrak nola bizi dituzten ondoren. Bigarren itzulian, Lujanbiok publikoari barre eginarazi zion bere opor garaiari buruz zer espero duen kontatzean. Udan dituen saio mordoen ostean, bere opor garaia iristean guztiz deskonektatu nahiko luke Lujanbiok: «Ea hizketan asmatzen dedan/ neurtu ta errimatu gabe».

Hausnartzeko gaiak ere egon ziren. Martinek eta Gaztelumendik, esaterako, piratek ordaindu dituzten tasen inguruan kantatu zuten. Bi piraten rolean jarri zituen Artolak. Martinek Zarauzko Azken Portuko jaietan gertatutakoarekin lotu zuen: «Donostin ere gerta liteke/ Zarautzen gertatu zena». Gaztelumendik hurrengo bertsoan erantzun zion Martini: «Baina zuk beitu Flamenka aldera/ a ze giro mundiala/ guk benetako sua daukagu/ haiek artifiziala».

Gaur egun pil-pilean dauden gaiak ere agertu ziren, turistifikazioa, esaterako. Hala ere, gai serioak umorez tratatzen ere jakin zuten bertsolariek, eta behin baino gehiagotan Donostiarekiko dauden topikoetara jo zuten jendea barrez jartzeko.

Bukaerako agurrean, ordea, Lujanbiok donostiarrei benetako izaera manten dezaten eskatu zien, ez zedila turistei erakusteko azaleko nortasunean geratu: «Honek [Donostiak] hizkuntza badu/ ta izan dezala».

Saioaren ostean, pozik zegoen Azpeitia entzundakoarekin: «Unai sendo ikusi dut, Maialen eta Gaztelumendi bixi, eta Alaiak ideia originalak utzi ditu».

Bertsozalearen hurrengo zita bihar izango da, Easo plazan bertan, 12:30ean. Kantuan Jon Maia, Agin Laburu, Oihana Iguaran eta Asier Azpiroz Azpi arituko dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

'Culpa mía' filmeko fotograma bat ©Amazon Prime Video

Bieusek film bat bikoiztu du aurrenekoz Prime Videorentzat

Urtzi Urkizu

Amazonek ostegunean estreinatuko du 'Culpa mía' pelikula, euskaraz ere bai. Gazteentzako fikzio bat da.

 ©BERRIA

«Ez dut ezer aurreikusten; emaitza sortuz noa»

Unai Etxenausia

«Dena zalantzan jarri» nahi izan du Aiesak Gasteizko Montehermoso kulturuneko erakusketa berrian.'Vestirme mal y desvestirme mucho' uztailaren 2ra bitartean egongo da ikusgai.
 ©ALIZIA LOPEZ

«Zuen serio ospe hori ez duzue merezi»

Naroa Torralba Rodriguez

Hiru urte daramatza Diazek Twitchen zuzenekoak egiten. Astelehenetik ostegunera, goizean. Asteburuetan, antzokiak betetzen ditu Se pudrió todo bakarrizketarekin. Larunbatean izan zen Bilbon.

Silfioa izan zitekeen, baina mihilu basatiarena da ilustrazioa, ez baitago silfioari buruzko irudirik. ©BERRIA

Silfioaren enigma

Enekoitz Telleria Sarriegi

Duela bi mila urte desagertu zen landarea da silfioa. Zirenen zuen jatorria, gaurko Libian, eta greziarrek eta erromatarrek erabili zuten medikuntzan, sukaldaritzan, lurringintzan... Urreak eta zilarrak adina balio zuen orduan silfioak. Fermin Jimenez artistak silfioaren historia eta zaporea berreskuratu ditu bere proiektuan: mihilu zaporeko izozki bat sortu du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...