Poeta, herria eta beste guztia

Gorka Salcesek 'Iraganaren izterrak' poema liburua plazaratu du Balea Zuria argitaletxearekin
Gorka Salces idazlea, atzo, <em>Iraganaren izterrak</em> poema liburua eskuetan hartuta, Donostian.
Gorka Salces idazlea, atzo, Iraganaren izterrak poema liburua eskuetan hartuta, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko ekainak 13
Argiaren eta iluntasunaren arteko joko bat, «giro caravaggiotar bat». Hala antzematen du Gorka Salces Alcaldek (Portugalete, Bizkaia, 1986) estreinako poema liburuaren pultsua, kolorea. Eta hala margotu du Imanol Larrinagak ere liburuaren azalera eramandako irudia, talka horretan. Ez da propio pentsatutako liburu bat: Donostia Kultura Poesia Lehiaketara aurkeztu zuen poema sorta iaz, eta, saria eskuratuta, liburu gisara plazaratzeko bidea eman dio Balea Zuria argitaletxeak. Atzo aurkeztu zuten lana, Iraganaren izterrak izenpean.

Hasieran Ego, Demos, Cosmos behar zuen liburuak. Hala aurkeztu eta hala irabazi zuen sariketa Salcesek. Aritz Gorrotxategi argitaletxeko kideak onartu duenez, baina, «nahasgarria» iruditu zitzaien, eta poema bateko lerro baten alde egin dute. Nolanahi ere, horiek dira oraindik ere poema sortaren ardatzak, liburua osatzen duten hiru atalen izenak. Ego da lehena, eta ni-ari lotutako poemak bildu ditu egileak bertan, biografikoenak sentitzen dituenak. «Itxaropen izpi bat ikusten uzten dutenak, batzuetan; askotan, etorkizunerantz begiratzeko hauspo hori nostalgian bilatzen dutenak. Oso autoironikoak eta autokritikoak direnak».

Bigarrena da Demos, eta hor bilduak daude «herriari, komunitate politikoari, res publica-ri begira dauden poemak». Aurreko atalekoen aldean, egileak uste du poema horietan ez diola esperantzarako tarte handiegirik utzi irakurleari. Halaber, bertan agertu ditu zinematik, literaturatik, historiatik eta bestelako esparruetatik hartutako erreferentziak, arrastoa utzi diotenak. Atalik luzeena da hori, eta atzetik dator Cosmos. Salcesen esanetan, «argiari leku gehien uzten dion atala». Olerkietan «ezkutatu ezin eta nahi ez» duen kontzientzia politiko bat ere ageri da, «oraindik zertarako balio duen frogatu» ez duena baina hor dagoena. Poeta kuttunei egindako keinuak ere tartekatu ditu.

Salcesentzat ezaugarri nabaria da poemak ez zirela osotasun batekin sortuak izan. Oso aldi eta testuinguru ezberdinetan idatzi zituen, 2013. eta 2018. urte artean, eta geografia ezberdinetan: Euskal Herrian asko, baina baita Gales, Grezia eta Portugalen ere. Halere, orain berrirakurrita, errepikatzen diren gaiak eta kezkak ere ikusten ditu, «estilo propio baten zantzu» modura. Denboraren igarotzea eta «iraganeko mamuen itzulera» daude horien artean.

Hizkuntzaren kezkak ere zeharkatzen du poema liburua: «Niretzat, gai bat da zergatik idazten dudan euskaraz edo zergatik dudan kezka euskararekiko, nire lehen hizkuntza gaztelania bada; noiz hartzen dudan hautu hori, eta zergatik». Erabaki horrek zenbaitetan «adierazkortasun arazoak» sortzen dizkiola dio. Badu horri idatzitako poema bat: Euskaraz adierazkorra izateko arazoez nekatuta euskaraz zergatik idazten dudan gaztelaniaz azaldu eta itzultzaile automatikoz euskaratu nuenekoa. Hala egin baitzuen; poema gaztelaniaz idatzi, eta Googleko itzulpen tresnari utzi poema euskarara ekar zezan. «Inolako logikarik ez duen poema bat da. Inkomunikazioari eginiko oda bat da, nahi gabe atera zitzaidana».

Eguneroko bizimoduan nola, ibilbide profesionalean ere presente dauden gaiak dira, Salcesek onartu duenez: Historian lizentziatua da, eta hura irakasten egiten du lan egun. Doktorego tesian euskaldunek komunikabideen aurrean dituzten iritziak eta jokabideak aztertu ditu. Literaturan ere egina du bidexka, Iraganaren izterrak lehen liburua duen arren: hainbat literatura sariketa irabazi ditu —Ermua Hiria (2012), Pasaia Hiria (2014) eta Hondarribiko Bordari (2017)—, eta zenbait aldizkari literariotan ere argitaratu izan ditu lanak.

Sarietan sariena, liburua

Donostiako Udalak eta Balea Zuriak duela bi urte jarri zuten martxan Donostia Kultura Poesia Saria, 35 urte baino gutxiagoko egileei zuzendutakoa. Hemezortzi lan aurkeztu ziren lehen deialdira, eta hamahiru jaso dituzte bigarrenean. Gorrotxategi aritu da Eli Tolaretxipi eta Itxaro Bordarekin batera epaimahaian, eta Salcesen lanetik hiru alderdi goraipatu ditu: poemen «heldutasuna», hizkuntzaren gaineko gogoeta eta lirismoa, eta umorea gurutzatzeko gaitasuna. «Badakigu gazte ugari ari dela literatura produzitzen, eta zailena argitaratzea dela. Horregatik, hasieratik eduki dugu argi sari ekonomikoa bai, baina lehentasuna gazteen lanak liburu bihurtzea izango zela». Hala, bultzatzaileek lehiaketarekin segitzeko asmoa berretsi dute; irailean izango da hurrengo deialdia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: