Ama eta lana, nork jan zuen nor

Aitziber Etxeberriak 'Olivetti' eleberria ondu du, iraganaren berrikuspena ardatz duena, Ereinekin

Aitziber Etxeberria idazlea, atzo, Donostiako Konstituzio plazan, lan berriari helduta. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Amak lana edo lanak ama, nork irentsi zuen nor, nork eraman zuen nor aurretik. Eta nola pentsatu hori orain, ama aspaldi joan zenean. Puntu horretara helduko da Ingrid protagonista Aitziber Etxeberria Garroren lan berrian, Olivetti-n: konturatzera ezagutu uste zuen amaren bizitza ez zela izan pentsatu bezalakoa. Bera munduratzeak jardun profesionala nola oztopatu zion bere amari, Elisari, eta, era berean, hark ikertzen segitzeko zuen gogoak nola urrundu ahal izan zuen ama gisa ustez zegokion lekutik. Horrek azal ditzake, hain justu, bere zauriak, bai eta oro har erakutsiko duen jarrera ozpina ere. Etxeberria: «Gizarte are patriarkalago batean, emakume askori gertatu zitzaien ama izatean bere lana utzi beharra. Elisa ez zen horretatik salbatu, eta bere gizonarekin ere ez zuen konponbiderik aurkitu».

Izenburuak eta azalean bertan ageri den idazmakinak eramango du irakurlea nobelaren «bihotzera», Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko kideak aurreratu duenez. Hura izango da Ingridek tira egiteko jasoko duen lehen haria. Zehatzago, notarioak emango dion idazmakina baten argazki bat izango da hori, non ulergaitz egiten zaion aipamen bat irakurri ahal izango duen. Aita hil berritan hasiko da notarioarenganako joan-etorrian. Tramite huts izan behar zuena, baina, bizitza aldrebestuko dion bisita bihurtuko da. Testamentuak aitaren azken borondatea ez ezik amarena ere ekarriko baitu, bera ume zela hil zen amarena. Eta paperen artean hor, idazmakinaren argazki horitua.

Urak kanalizatzen lan egiten duen andre bat da Ingrid, 45 urte bueltakoa. Aita hil berri zaio, ama lehenago, eta hamar urte dira ahizpa ikusten ez duela. «Oso bakarrik» eta orain «munduarekin haserre» sentitzen da, egilearen hitzetan.«Oso bizitza tristea» daramana, Aldekoaren esanetan. Bilaketak, baina, mugimenduan jarriko du, eta ekintza eta elkarrizketa ugariren bidez agertu du hori idazleak.

Kontakizun osoan azpitik doazen bi ideia nagusi aipatu ditu: batetik, gertuko norbaiten heriotzak ekartzen duen birkokatze ariketa. «Pertsona horren bizitza berrikusi egiten da, eta bere intimitatean arakatzea ere ekartzen du, bere paperak, arropak-eta begiratzea. Topatzen dira espero ez diren gauzak, eta hori bada liburuaren ardatzetako bat». Emakumeek bete izan duten lekua eta haien ikuspuntua seinalatu ditu, bestetik. «Askotan ikusi dugu gizonezkoen bizitzei garrantzia gehiago ematen zaiela emakumeenei baino; normalean bigarren planoan geratzen dira guk egiten ditugunak, gizarteak ikusiko ez balitu bezala».

Andreen ekarpenarekiko itzal hori zientziaren munduan nabarmena dela adierazi du egileak. Liburura eraman duen eremu bat da, hain zuzen, Elisaren ofizioari dagokiona, eta Marie Curie ikerlari ospetsuari lotutako anekdota bat ere aipatu du, eleberria idatzi bitartean zer pentsatua eman eta buruan zebilkion sentsazioa berretsi ziona. «Liburutegira joan eta galdetu nion liburuzainari ea Irene Joliot-Curieri buruzko lanik ba al zeukan. Esan nion Marie Curien alaba zela. Eta esan zidan: «Bere alaba? Eta berak zer egin zuen, ba»?. Esan nion Nobel saria irabazi zuela hark ere. Zuri geratu zen. Inork ez dakizkien gauza batzuk dira, eta hori, Marie Curie bezalako sinbolo batez ari garela. Gure inguruko emakumeen inguruko ezagutza oso txikia da; ez dira aintzat hartzen askotan».

Andreen esperientzia lehen lerrora ekarri nahi hori beste pertsonaia baten bidez ere bete du Etxeberriak: Matilde izeneko 80 urteko andre batekin. «Garai bateko emakumeek zeri aurre egin behar izan dioten azalduko du». Dusty izango da beste pertsonaia esanguratsu bat; Ingriden lagun tatuatzailea.

Iragan haren ondorioak

Etxeberriak intrigazko tonu batekin eraiki du istorioa; hala, irakurlea apurka ikertzen eta argitzen joango da andre hura nor izan zen, protagonistaren ama izateaz gain. Horrek osatuko du trama, baina haren muinean «gizarte tradizional» baten isla agertuko dela nabarmendu du Aldekoak. 1970eko urteak izango dira Ingridien gurasoak Paristik Francoren diktadurapeko Euskal Herrira etorriko direnean, eta, hain justu, giro aldaketa horrek zertuko du haien patua, Aldekoaren esanetan, bereziki Elisaren kasuan. «Badirudi Paris batetik etorrita, eta batez ere gizonaren kasuan, hori baino mundu gehiago izan behar lukeela, baina ez; hemengo giro tradizionalean eta mentalitate zaharrean errotzen da, eta hortxe erabakitzen da pertsonaia horien patua, emakumearentzat erabat bigarren mailakoa dena».

Horretaz jabetzea ez zaio gozoa izango protagonistari, eta are gehiago sutuko dio animoa. Aldekoa: «Iragan horren ondorioa berak jasaten du, tartean, amaren maitasunik gabe hazi izanarena».

Laugarren eleberria du hau Etxeberriak. Haur eta gazte literaturako lanak aparte, aurretik ditu emanak Tango urdina (2003), 31 Baioneta (2007) eta Nomada (2016).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.