Gerundioaren buelta biolentoa

Claudia Pagesen 'Gerundi circular' bideo instalazioa jarri dute ikusgai Tabakaleran, urtarrilera arte

Claudia Pages artista eta Clara Montero Tabakalerako kultur zuzendaria, Lau Pareta aretoan. GOTZON ARANBURU / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Arte plastikoen eta zinemaren artean dabiltzan proposamenekin bete dira Donostiako Tabakalerako aretoak azken hilabeteetan, iragan berri den Donostiako Zinemaldiaren 70. urteurrena dela eta. Horren erakusgarri da, esaterako, lau zinemagileren instalazio bana biltzen duen Vive le cinéma! erakusketa —Dea Kulumbegaxvili, Jeremiah Lemohang Mosese, Isaki Lacuesta eta Jia Zhang-ke zuzendarienak, hain justu—, eta ildo horretan sakontzen duen lan berri bat jarri dute orain ikusgai eraikineko Lau Pareta aretoan: Claudia Pagesen Gerundi circular bideo instalazioa. «Obra hipnotikoa, karga kritiko oso indartsukoa eta oso pertinentea», Clara Montero Tabakalerako kultur zuzendariak berba gutxitan definitu duenez.

Eskultura, ikus-entzunezkoak eta performancea uztartzen ditu Pagesen (Bartzelona, 1990) piezak; diziplinen arteko mugekin jolasten den lana da, beraz, berea ere. Munduko itsas ibilbideak, justiziaren eta administrazioaren hizkera eta merkantzien zein pertsonen etengabeko fluxua dira piezaren ardatzak, zeinak kapitalismo garaikidearen ezaugarri behinenetakoak diren, artistaren ustetan.

360 graduko ikuspegia ekarriz, buelta osoa hartzen duen GoPro kamera batekin hartutako irudiek osatzen dute instalazioaren muina, eta zintzilik dagoen pantaila zirkular batean topatuko ditu bisitariak. Hiru lagun ageri dira irudietan, Pages bera eta beste bi performer — Esther Arribas eta Stefan Govaart—, eta hiru dira bideoan ageri diren lekuak ere: World Trade Center, Bartzelonako portuan dagoen itsasontzi itxurako negozio eraikina—hotel bat du gainean eta hango igerilekuaren bueltan ageri dira artistak—; portuaren aurrealdeko olatu-horma; eta XIX. mendeko aduana eraikina. «Joko koreografikoz beteta dago pieza, kameren, gure performanceen eta testuen arteko joko koreografikoez. Irudiak den-dena ikusten duen kamera batekin daude grabatuta, baina ikusleak ezin du buelta osoan gertatzen dena aldi berean ikusi», azaldu du artistak. Hala, bisitaria instalazioaren inguruan mugitzeko pentsatua dago pieza, bera ere koreografiaren parte bihurtuz. «Kaiola barruko gurpilean etenik gabe lasterka egiten duen hamsterraren sentsazioa da», erantsi du Monterok.

Portuen inguruan interesatzen hasi zenean ekin zion Pagesek pieza lantzeari. «Barneratu ezin zaitezkeen lekuak dira, gizatasunik gabekoak, haien arkitekturagatik eta barruan duten guztiagatik. Ohartu nintzenean, horietara heltzeko beste leku batzuk bilatzen hasi nintzen, lengoaiaren bitartez batez ere, legeari eta administrazioari lotutako testu idatziak begiratuta». Horietan topatu zuen orain piezari izena ematen dion gakoa: gerundioaren aditz forma, haren presentzia «etengabekoa eta biolentoa». Pages: «Arreta jarriz gero, etengabeak dira erregistratzen, bidaltzen, prozesatzen... eta gisako aditzak. Irudipena da subjektuari gizatasuna kentzen dion aditz forma bat dela gerundioa. Portuek sortzen duten moduko espazio bat sortzen dute, nolabait; etengabeko mugimendu bat transmititzen dute, baina barrura sartzen utzi gabe». Aditz denbora horren bitartez sartu da, bada, artista portura.

Zirrikitu logistikoen lekuko

Irudien gainean performerrek esaten dituzten hitzak ageri dira idatzita —katalanez eta ingelesez daude—, eta erregistro idatzia, gorputzak eta mugimenduak norabide askotan zabaltzen dira, hala, Pagesen piezan. Kontrastea egiten dute itsasoaren zabaltasunak eta azpiegituren eta piezan azaleratzen den lengoaia administratiboaren hertsitasunak; «hiriaren zirrikitu logistikoen lekuko» bihurtzen dute bisitaria.

Pagesek berak osatu ditu irudietan agertzen diren testuak, musika, zenbait jantzi eta baita bideoa bera proiektatzen duen pantaila zirkularra ere —140 LED pantaila erabili ditu horretarako—. Instalazioa osatzen dute, orobat, Lau Pareta aretoaren hormetan serigrafia bidez inprimaturiko testu mozketek. «Gerundioak aditzaren esanahia modu abstraktu batean adierazten du. Aditz forma honek ez du pertsona zehazten, ez eta kondizio, kausa edo denbora ere», irakur daiteke, esaterako, horietako batean. Eta administrazioko txosten batetik ateratakoa dirudien esaldi bat azpian, gerundioa beltzean dela: «Zuzendariak batzordea informatuko du zentroko intzidentzien inguruan, monitorizazio sistemak ebaluatzen».

Donostiara heldu aurretik, Madrilen eta Bartzelonan erakutsi dute Pagesen obra. Hain justu, Bartzelonako Macba museoak eta Elamor dantza konpainiak ekoitzitako lana da Gerundi circular, eta lehenak erosi egin berri du pieza. Pagesek gerundioaren inguruan egindako ikerketa artistikoa liburu formatuan ere zabalduko dute urte amaieran, New Yorkeko argitaletxe baten eskutik oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.