Euri zaparrada batek elkartuta

Alberto Gastesiren lehen film luzea, 'Gelditasuna ekaitzean', gaur iritsiko da zinema aretoetara

Iñigo Gastesi, Alberto Gastesi, Alejandra Arrospide, Aitor Beltran eta Loreto Mauleon, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Paristik Donostiara itzuli da Lara, Telmo bikotekidearekin, bertan behin betiko geratzeko asmoz. Daniel, berriz, inoiz ez da hiritik mugitu; Vera bikotekidearekin bizi da, eta amaren etxe agentzian lan egiten du. Salgai dagoen etxebizitza bat erakutsiko dio Danielek bikote iritsi berriari, eta, etxe horretan, haren eta Lararen begiradek bat egingo dute. Baliteke ez izatea elkar ikusi duten lehen aldia; baliteke behinola euri zaparrada batek elkartu izana, aterpe beraren azpian. Alberto Gastesi zinemagileak Donostian girotu du bere lehen film luzea, Gelditasuna ekaitzean, eta bere belaunaldia erretratatu du nolabait, bizitzak har ditzakeen bide ezberdinak ardatz hartuta. Zuri-beltzean eta hiru laurdeneko formatuan kontatu du istorioa, gaztelerarekin batera euskara ere tartekatuz. Iaz Donostiako Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan erakutsi ondotik, gaur estreinatuko da lana Hego Euskal Herriko, Kataluniako, Espainiako eta Galiziako zenbait zinema aretotan.

Alex Merinorekin lau eskutara idatzi zuen gidoia zinemagileak, eta filmeko pertsonaia nagusien rolak Loreto Mauleon (Lara), Iñigo Gastesi (Daniel), Aitor Beltran (Telmo) eta Vera Milan (Vera) aktoreek jokatu dituzte. Beste zenbait proiektutan elkarrekin aritu izan zirela eta, aspalditik ezagutzen zuten elkar lantaldeko kide gehienek, zuzendariak kontatu duenez, eta berriro ere elkarrekin lan egiteko aukera «nahiko ustekabean» sortu zitzaiela dio. «Bat-batean, niretzat familiakoak diren lagun hauek guztiak elkartzeko eta gure lehen filma sortzeko aukera suertatu zitzaigun, eta magikoa iruditu zitzaigun».

Iazko apiriletik ekainera bitarte jardun zuten grabaketa lanetan; Gastesiren esanetan, «maitasuna eta konfiantza» oinarri hartuta, eta «ausart» jokatzea erabakita. «Ausartak izaten saiatu gara, eta zinema ulertzeko eta kontatzeko gure modua erakusten du filmak. Nik ez dut zinema ulertzen arriskurik hartu gabe».

Horregatik, besteak beste, ohikoena ez den forma bat hartu du lanak, zuri-beltzagatik eta formatuagatik. Sormena intelektualizatzea ez duela gehiegi maite adierazi du zuzendariak, eta intuizioa eta konfiantza nahiago dituela lan egiteko. «Film hain pertsonal bat egiteko aukera izanda, nahi genuen zinema egitea eta geure buruari plazera ematea erabaki genuen». Horren adibide, istorioan bi elkarrizketa luze sartzeko hautua aipatu du, baina baita «ezohiko» norabide batean lan egitekoa ere: «Materialetik abiatu ginen, salgai den etxearen iruditik, bertan elkar topo egiten duten bi gorputzetatik; hortik hasi ginen eraikitzen». Lararen eta Danielen arteko harremana irudikatzeko, geometriek eta argi-ilunek garrantzi berezia dutela iruditu zitzaion, eta horregatik hartu zuen lanak forma hori. «Aurpegiz eta argi-ilunez betetako film bat da».

Pertsonaiak sortzeko aske

Beren pertsonaien inguruan mintzatu dira antzezleak. Mauleonen ustez, bere hirira itzuli den edozein pertsona irudika edo ordezka dezake Larak, «lehenago ikusten zuen hori bera beste begi batzuekin begiratzen duena orain, eta saiatzen dena izan zenarekin eta egun denarekin berriro ere topo egiten». Filmean parte hartu izanagatik ez ezik, pelikula Donostian aurkezteko aukera izateagatik bereziki pozik agertu da aktorea. «Opari handia izan da».

Eta berdin Iñigo Gastesi eta Aitor Beltran ere. Bere pertsonaiak ordezkatzen duenaz mintzatu da Gastesi: «Daniel ez da itzuli; ez da sekula bere hiritik atera, eta, beharbada, erantzun baten bila ari den edo onarpen prozesu batean dagoen edonor irudika dezake». Haren ustez, jende askok ikus dezake bere burua harengan islatuta, besteak beste, «bere buruari egiten dizkion galdera askotan edo fase desberdinetan». Jokatu duen lehen rol protagonista izan da aktorearentzat.

Beltranek ere asko gozatu du Telmoren pertsonaia gorpuzten: «Oso irekia da, eta asko gustatu zait bere barruan murgiltzea». Eta bereziki gustatu zaio antzezleek film honetan lan egiteko izan duten modua. «Berehalakotasunetik lan egitea izan da, hemendik eta orainetik; guk geuk pertsonaiak sortzeko izugarrizko askatasuna izan dugu, eta hori are gozagarriagoa da». Harentzat ere proiektu «oso berezia» izan da, besteak beste, aurrez hainbat lan laburretan aritua baita Gastesirekin. «Eta, batez ere, film honetan benetan sinesten dudalako izan da gozagarria; umiltasunez, uste dut film benetan ona dela, poesia bat eta ahots bat daudela bertan».

Filma gaur helduko da aretoetara, baina zenbait aurrestreinaldi egin dituzte jada, eta orain arte izan duen harrerarekin pozik dago zuzendaria. «Formagatik zinemazale zorrotz baten filma dela dirudien arren, gai oso unibertsalak lantzen ditu, eta uste dut ikusle oso desberdinek gozatzeko modukoa dela». Filma zinema aretoetan ikustera joatera ere animatu du jendea. Izan ere, orain artean jaialdietan egin duen bidearekin pozik badago ere, eta laster beste batzuetan ere egongo bada ere, filmak «luzaroan irauteko» egiten direla uste du. «Denboraren joanak esango du film hau zer izango den, eta jendeak eramango du dagokion lekura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.