Udan askotariko kultur proposamenak izango dira Tabakalerako terrazan

Kutxa Kultur Gauak programan, besteak beste, musika, dantza eta antzerkia izango dira Donostian, etzi hasi eta irailaren 14ra bitarte

Iker Lauroba musikaria uztailaren 6an ariko da Tabakaleran. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Kontzertuak, antzezlanak, dantza emanaldiak, hitzaldiak... askotariko kultur proposamenak hartuko ditu Donostiako Tabakalerako laugarren solairuko terrazak udan, aire librean eta gauez. Kutxa Kultur Gauak programaren barruan, 30 bat jarduera biltzen dituen egitaraua prestatu dute, zeinetan musikak protagonismo berezia izango duen. Etzi izango da lehen ekitaldia, eta irailaren erdialdera bitarte, ostiral eta larunbat gauero, kulturari lotutako jardueraren bat izango da bertan, 20:00etatik aurrera.

Kutxa Kultur gunean aritzen den Espageti taldearen kontzertuarekin ekingo diote programazioari, larunbatean; eta, hurrengo asteburuetan, ordu berean, musika doinu ezberdinak izango dira entzungai ohikoak, nahiz eta antzezlanak, dantza emanaldiak, hitzaldiak eta tailerrak ere izango diren. Programaren barruan ariko diren musika talde eta bakarlarien artean daude, besteak beste, Filipe Court Band, Silence, The Lucilles, Iker Lauroba, Sunset Reggae Revolutionary Brothers, Dama Beltzak, Latitud 43, Ras Miguel & Tafari eta Ghau. DJ saioak ere izango dira, baita Disko Festa ere, Oihan Vegaren eskutik.

Hain zuzen, #Izanezberdin izeneko programako ekitaldietako bat izango da Disko Festa. Kutxa Kultur Gauen barruan, 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat pentsatutako sei ekitaldi bildu dituzte. Disko Festaz gain, Instagrami eta Youtuberi buruzko Marina Yersen eta Andrea Comptonen hitzaldiak, Comedy Beatbox kontzertua, manga tailer bat, eta DJ saio eta tailer bana egingo dituzte nerabeei begirako programan.

Egitarau orokorraren barruan, Kutxa Kultur Plana izeneko proposamena nabarmendu dute antolatzaileek. Ekainaren 28, 29 eta 30eko asteburuan egingo diren jarduerak bilduko ditu proposamenak. Horien artean daude Kaliforniako Zach Cordnerrek surfaren inguruan zabalduko duen Euskadifornia argazki erakusketa, Silence taldearen kontzertua, hemengo moda diseinatzaileen azoka, eta modari lotutako erakustaldi-desfileak, performanceak eta tailerrak.

Doan, lekuak bete arte

Dantzari dagokionez, Xian Martinezen, Miren Lizeagaren eta Agus Martinezen, Eva Guerreroren, Joana Olasagasti eta Xavi Gonzalezen, Arantza Iglesiasen eta Mug Mus laborategiaren emanaldiak izango dira ikusgai, baita Dantz Festival jaialdia ere. Eta antzerkiari dagokionez, Bocabeats Kabenzotz (ele bitan), Mujer vasca soltera busca (gazteleraz), Anarkia relacional (gazteleraz) eta umorezko antzerkia (euskaraz) programatu dituzte.

Sarrerak doan izango dira, lekuak bete arte. Euria izanez gero, Kutxa Kultur Plazan izango dira jarduerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.