Letrak astinduko dituzte

Letrazaurituak literatura feministako jaialdia egingo dute urriaren 3tik 10era, bigarrenez, Iruñean

Nerea Madariaga eta Carolina Otamendi antolatzaileak, atzo, jaialdiaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Lehen aldian arrakasta handia izan ondoren, Letrazaurituak «edizioaren panorama astintzen duten emakumeen topaketa» antolatu dute berriz, literaturaren esparruan andreek egiten duten lana aztertzeko, ikusarazteko eta goraipatzeko. Urriaren 3tik 10era egingo dute, Iruñean, helburu argi batekin: literatura «desberdin» bat dibulgatzea. «Kritikoak izaten, aztertzen, elkarri ulertzen, gauzak zalantzan jartzen eta geure buruak zein gainerakoak ezagutzen irakasten digun literatura bat», Nerea Madariaga antolatzaileak zehaztu duenez. Trapezistaren Zorabioa kultur elkarteak eta Katakrakek bultzatu dute egitasmoa, eta Nafarroako Gobernuaren, Iruñeko Udalaren, Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta Nafarroako Berdintasun Institutuaren laguntza jaso dute.

Iaz sortu zuten Letrazaurituak proiektua, «emakume idazleen joera berri baten literatur kalitatea eta irismen soziala lantzeko eta ospatzeko» grinak bultzatuta. «Proiektuaren beharra sortu zen irakurle gisa argi genuelako emakume asko kalitate handiko literatura sortzen ari direla, eta, literatura horrek indar estetiko handia izateaz gain, diskurtsoak sortzeko gaitasuna ere baduela; baita errealitateari, genero auziari, emozioei eta, azken batean, gai indibidual eta kolektiboei buruzko gogoeta ildoak sortzekoa ere. Gai horiek, askotariko literatura generotatik jorratuta, irakurle gisa eta gizarte gisa heldulekuak aurkitzeko modua eskaintzen digute, geure burua eta mundua zalantzan jartzeko», azaldu du Madariagak.

Beharrezkoa zela sinetsita, proiektuak erroak bota zitzala nahi izan zuten hasieratik: «Jarraipena izan zezala; erreferentziazko jaialdi feminista eta literarioa bihur zedila». Aurten, ziurgabetasunak gorabehera, ahalegin berezia egin dute aurrez aurre izan zedin, «elkargune» izaerari garrantzi handia ematen diotelako.

Proposamen nagusia bost topaketa izango dira: urriaren 6tik 10era, egunero, ibilbide nabarmendua duten bi emakume izango dira solasean, 19:30ean, Katakrakeko aretoan. Hizlari gehienak idazleak izango dira, baina editoreak, filosofoak eta kritikariak ere izango dira, eta literatur munduan diharduten emakume gisa zeharkatzen dituzten hainbat gai jorratuko dituzte, letren inguruan aritzen diren andre nafarrek gidatuta.

Belen Gopeguik (Madril, 1963) eta Anna Pachecok (Bartzelona, 1991) zabalduko dute zikloa urriaren 3an. Belaunaldi ezberdinetako idazleak dira, baina errealitatea fikzioan islatzeko antzeko ereduak lantzen dituzte biek, eta horietaz arituko dira, Itziar Romerak gidatuta. Hurrengo egunean, Nuria Labarik (Santander, Espainia, 1979) eta Silvia Nanclaresek (Madril, 1975) amatasunaren gaia jorratuko dute, Leire Escaladak moderatutako hitzaldian: aztertuko dute nola eramaten den amatasuna literaturara, eta nola egin duten haiek beren obretan. Ondoren, Maria Sanchez (Kordoba, Espainia, 1989) eta Andrea Abreu (Icod de los Vinos, Espainia, 1995) lengoaia literarioaren eta poetikoaren bitartez landa eremua eta natura kontatzeko moduei buruz arituko dira, urriaren 8an, Nerea Aguadoren gidaritzapean. Hilaren 9an, Aixa de la Cruz (Bilbo, 1988) eta Elizaveth Duval (Alcala de Henares, Espainia, 2000) autofikzioa eta literaturara eramandako intimitatea izango dituzte aipagai, Irati Iturritzarekin batera. De la Cruzek, gainera, sormen literarioaren tailer bat ere eskainiko du urriaren 10ean, Katakraken. Azkenik, «amaiera bikain» gisa, iaz Espainiako Literaturaren Sari Nazionala jaso zuen Cristina Morales arituko da, Gabriela Wienerekin batera, urriaren 10ean. Esperimentazioaz, abangoardiaz, generoen apurketaz eta errealitatearen tratamendu politikoaz mintzatuko dira, Beatriz Canterok moderatuta.

Proposamen eszenikoa

Topaketez gain, aurten ikuskizun bat ere antolatu dute: Isabel Calderonek eta Lucia Litjmaerrek Deforme Semanal antzezlana taularatuko dute urriaren 3an, Gaiarre antzokian. Obrak arrakasta handia izan du Madrilen eta Bartzelonan, eta lehen aldia izango da hiri horietatik kanpo antzeztuko dutena.

Mahai inguruetan 50 pertsonarentzako tokia izango da, eta izen emateak posta bidez egin beharko dira, [email protected] helbidera mezu bat bidalita. Halaber, ekitaldi guztiak jaialdiaren Youtubeko kanalean jarraitu ahal izango dira, zuzenean. De la Cruzen tailerra hamabost lagunentzat izango da, eta kasu horretan ere postaz eman beharko da izena. Antzerkirako sarrerak, berriz, Gaiarreko webgunean eta leihatilan egongo dira salgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.