Luis Buñuel, kandela argitan

Harkaitz Canok 'Kandelikara' idatzi du, Luis Buñuel zinemagileari buruzko «saiakera tranpa bat»

Iñaki Landa ilustratzailea eta Harkaitz Cano idazlea, atzo, Tabakaleran. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Zinemagile gutxiri buruz idatzi da Luis Buñuelez bezainbeste, eta dagoeneko mitotik ezin bereizizkoak dira haren bizitzaren eta obraren inguruko zenbait pasarte. Aurten bete dira 120 urte jaio zenetik, eta hari eskaini diote Nosferatu zikloa Donostiako Tabakaleran urte osoan. Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak atzera begirako liburu bat argitaratu zuten gaztelaniaz, eta literaturaren bidez egindako «omenaldi bihurri bat» aurkeztu dute orain: Harkaitz Canok idatzitako Kandelikara. Buñueli buruzko film batera apunteak. Iñaki Landak egin ditu ilustrazioak.

Buñueli buruzko liburu bat idaztea «arrisku handiko enkargua» izan da Canorentzat. Batetik, zinemagilearen bizitzak XX. mendearen zati handi bat hartu zuelako, 1900ean jaio baitzen, eta 1983an hil. Garai esanguratsu asko bizi izan zituen, eta haietako batzuetan parte hartu zuen; surrealismoan, kasurako, Un chien andalou filmarekin (1929).

Canok beste arazo bat ere izan zuen: «Nola idatzi arau hauslea den norbaiti buruzko liburu bat arauak hautsi gabe?». Aurkitu zuen erantzun bat: «Ezin da». Hala, apunte liburu «jostalari» bat ondu du, filmetan, liburuetan, elkarrizketetan eta beste hainbat tokitan jasotako zatiekin osatutako collage baten moduan.

Nahasketa hori surrealistek erabiltzen zuten cadavre exquis jolasarekin konparatu du idazleak; «hilotz-pasa eskisitoa» gisa itzuli du. Kide bakoitzak zerbait idatzi, zati guztiak elkarren segidan jarri eta esaldi bat aliritzira sortzea, alegia. Kronologia bati jarraitu dio, baina «gutiziaren hariak» zeharkatzen du liburua. «Horrek saiakera tranpa bihurtzen du, biografia sabotatu bat».

Memoriak literaturan

Hasteko, Buñuelen Mi último suspiro autobiografia (1982) baliatu du; «honek adina fikzio daukana, nire ustez». Baita Max Auben Luis Buñuel, novela lana ere (2013), liburuaren tonua fintzeko. Zera idatzi zuen Aubek: «Hainbeste axola du berak bere burua hemen ezagutzeak, edo ni besteentzat Luis Buñuel izena izango duen jaun bat sortzeko gai izateak? Izorra dadila egia».

Canori Buñuelen liburua bezain esanguratsua iruditzen zaio Jeanne Rucarren Memorias de una mujer sin piano (1991). Rucar Buñuelen emaztea izan zen, eta haren kontakizunak lagundu dio zinemagilearen bizitzaren «kontrahorma bat» izaten. Baita Leonora Carrington pintore eta idazle surrealistaren Memorias de abajo lanak ere (2017).

Kandelikara Buñueli buruzko liburu bat da, zinemari buruzkoa ere bai, eta baita «XX. mendean egindako paseo gutiziatsu bat» ere. Film bateko elkarrizketa bat gustatuz gero, euskaratu egin du; eszena bat gustatuz gero, kontatu. «Liburua bada kontatzearen gozamenaren aldarrikapen bat; batzuetan, pelikula ez da hain ona kontatzen duzun arte».

Liburuak bi eranskin ditu amaieran: hiztegi surrealista bat eta anagramaz egindako poema bat, Lorcagrafía izenekoa. Bi orrialdeko poema bat da, eta neurtitz bakoitza Federico Garcia Lorcaren izen-deituren letrekin egina dago.

Iñaki Landak zuri-beltzezko zazpi ilustrazio egin ditu libururako, Buñuelen iruditeriarekin jolastuta eta, batez ere, «aske», testua azaltzeko asmorik gabe. Hainbat elementu jaso ditu Buñuelen unibertsotik, eta nahastu. «Denek egitura antzekoa dute: bizpahiru elementurekin beste irudi bat osatzen dute; beste leku batera eramaten gaituzte». Honako gai hauek erabili ditu: «Begiak, begiradak, sarrailak, kamerak, sarrailetatik begiratzearen desioa, intimitatea, emakumearen gorputza, animalia ustelduak, armiarmekiko beldurra, Madrilgo lagunak, emazteak, mojak, erlijioa, baso bat esne, sua, kandela eta ikara».

Kandelikara, liburuaren izenburua, Canok asmatutako hitz bat da. Kandelaren sugarraren dardara zinemaren sorburuarekin berarekin lotu du. «Batzuek kobazuloetan kokatzen dute, besteek jendea lainoei begira zegoen momentuan... Nik, kandelari begira sortzen diren haluzinazio horietan. Hortik film hitzaren euskarazko baliokide bat, Sabino Aranak asmatu ez zuena».

Aldaketa bat Nosferatun

Josemi Beltran Donostia Kulturako zinema sailaren zuzendariak uste du liburua aurrerapauso bat dela Nosferatu bildumarentzat, formari eta edukiari dagokionez. «Euskaraz, gaztelaniazko saiakeren itzulpenak argitaratu izan ditugu orain arte. Hau ez da zinema saiakera bat; beste kontu bat da, eta aldaketa honek aukera ematen digu beste bide batzuk irekitzeko», adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.