Albistea entzun

Nork bere habiatik ihes egiteaz

Donostia Kultura saria irabazita, 'Postal bat desertuan' olerki liburua argitaratu du Julen Apellak
Julen Apella, argitaratu berri duen <em>Postal bat desertuan</em> poema liburua esku artean duela, Donostian.
Julen Apella, argitaratu berri duen Postal bat desertuan poema liburua esku artean duela, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2023ko maiatzak 25 - Donostia

«Eraikuntza erraldoi hauen azpian/ atergabe galdetzen diot nire buruari/ nire bidaideen begiradatik zer geratuko den hemen/ zer izango den gure ibilera urduri eta/ ahoskera baldarrez etorkizunean/ Iraungo badute/ non betikotu daitezkeen era zilegi batean/ gure beldur eta desirak». Postal bat desertuan poema liburua ondu du Julen Apellak (Berriz, Bizkaia, 1998). Donostia Kultura saria irabazi zuen lanak, eta Balea Zuria argitaletxeak kaleratu du berriki.

Apellaren lehen liburua da Postal bat desertuan. Metafora batez ilustratu du debuta: «Inoiz zapaldu ez dudan lorategi bat zapaltzen ari naizelako sentsazioa dut». Dioenez, zaila zaio liburuaren edukia definitzea: «Liburua bi esalditan azaltzea poemei traizio egitea dela sentitzen dut; finean, laburtzeagatik, nik neuk ere erabat sinesten ez ditudanak esaten amaitzen dut».

Izenburuak biltzen dituen bi elementuen inguruko azalpena eman du lehen-lehenik. «Literaturan asko landu den elementu bat da desertua. Ez dut uste bereziki originala denik poesiaren mundu honetan. Askotan erlazionatu izan da gabeziarekin edo hustasunarekin. Baina desertuak asko du bidaiatik, abenturatik eta barne bilaketatik. Bada, zentzu hori ere eman nahi izan diot nik». Egilearen ustez, badago anbibalentzia moduko bat desertuaren ideia horretan: «Batetik, badago errealitate latz bat; baina, bestetik, baita eremu horretan leku bat, zentzu bat, kolektibotasun bat bilatzeko kezka ere».

Bestalde, gaur egun postala hitzean pentsatuz gero, haren ustez «faltsukeriaren edo itxurakeriaren» pareko ideiak etorri ohi zaizkio jendeari gogora, eta, idazlearentzat, kontzeptu horrek balio dezake islatzeko garaiotan zer-nolako garrantzia hartu duen irudi fisikoak norbere identitatea eraikitzeko orduan. Baina baita partzialtasunaren ideia iradokitzeko ere, postal batek «leku zehatz baten argazki bat» besterik erakusten ez duen neurrian. «Eta uste dut poesia ere hori dela, gutxi gorabehera; alegia, poema adierazpide literario partzial bat dela kasu honetan, eta poema liburu bat, partzialitate txiki horiek guztiak batuta sortzen den halako mezu bat, diskurtso bat».

Norbera parte den kolektibo edo eremuetan nolako tentsioak sortzen diren, nolako harremanak sortzen dituen, nolako mugak jartzen dituen eta nolako beharrak sentitzen dituen kolektibo horietatik aldentzeko. Sentimendu horietatik tiraka, 40 poema ondu ditu. «Uste dut liburuko poema batzuek badutela halako deserrotze moduko bat abiapuntu. Deserrotze horren aurrean zer egin; horixe da poemak lotzen dituzten gai nagusienetako bat».

Nor bere «habian» egoteak eta horretatik ihes egiteak eragiten duen «tentsioa» dute ardatz poemek. Hala dio, kasu baterako, Galderak poemak: «Eta bihar mundua itsusi eta habitaezin/ esnatuko balitz,/ nora arte zeundeke prest/ edertasuna, egia, justizia praktikan jartzeko?/ Orduan postal bat hautsiko litzateke goitik behera;/ lokarriek, botoiek, arnasa estutuko lizukete,/ eta ez litzateke izango tarterik/ zure burua berresteko infinitu gisa:/ ura amaitzen hasiko balitz,/ zure erraietako zein ortzimugari egingo zenioke uko?/ Zein ordenatan egingo lukete salto/ zure baitakoek itsasontzitik behera?/ Edo bestela esanda: zein karta/ gordeko zenuke patrikan/ zure bizitza halabeharrari erabat ez eskaintzeko?».

Balea Zuria argitaletxeko editore Aritz Gorrotxategiren hitzetan, egileak bazuen zer kontatua. «Kontatzeko duen hori nola islatu; hor dago gakoa. Julenek asmatu du hori egiten, ez da mugatu sentitzen dituenak kontatzera soilik; lanketa literario bat egin du».

Lirikotasuna poemetan

Egilearen lehendabiziko lana izanagatik ere, «lan borobila» ondu duela nabarmendu du Gorrotxategik: «Idazle gaztea da Julen Apella, baina haren lanak lirikotasuna du, eta baita ahots sendo eta definitua ere. Postal bat desertuan da horren erakusgarri».

Euskal Ikasketetan graduatua da Apella, eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak masterrak egin ditu. Hain zuzen ere, unibertsitate garaian idatzi zituen olerkiok, eta ordenagailuko karpeta batean sartu zituen denak. «Horrelakoetan, idatzitako horrek hautsa hartzeko arriskua dago», azaldu du. Salbatu zituen idatzitakoak, antza, eta fintze lanetan aritu da azken urteotan. «Askotan esaten da idazketak asko duela berridazketatik. Nire kasuan ere hala izan da: poemak lantzen, fintzen eta laburtzen aritu naiz orain arte, eta nire lanari buruzko beste perspektiba bat eman dit prozesu horrek».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zetak taldea, azkeneko Herri Urratsen ©Patxi Belzaitz

Zetak, Krav Boca, FM Belfast eta J Martina batu dira EHZ jaialdiaren programaziora

Mikel Lizarralde

Aurretik iragarritako artistez gain, honako hauek ere izango dira Euskal Herria Zuzenean festibalean: Billie Brelok, Daudane, François del Mundo, Ixabe, Nize, Ztah, DIA DJ's, Atzarbale, Sofa, Pisoo & OPH eta Estelle D. Modu horretan, itxita utzi dute ekainaren 30ean, uztailaren 1ean eta uztailaren 2an Irisarrin (Nafarroa Beherea) egingo den jaialdiaren egitaraua.

Uxue Razkin Ereineko editorea eta Jon Alonso idazle, itzultzaile eta liburuko hitzaurrearen autorea. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

'Hamabost egun Urgainen' nobela beltza argitaratu dute berriro

Iraia Vieira Gil

Gaur egungo irakurleek uler dezaten kaleratu dute Jose Antonio Loidiren lanaren bertsio berria. Jon Alonsok idatzi du hitzaurrea

Ezker-eskuin, Oriol Roch, Robert Treviño eta Bingen Zupiria, atzo, Euskadiko Orkestrak Donostian duen egoitza nagusian. ©JON URBE / FOKU

Artea, gizakia eraldatzeko tresna

Miren Mujika Telleria

«Sona handiko» zuzendariak izango dira Euskadiko Orkestraren 2023-2024ko denboraldian. Denera, 50 kontzertu emango ditu Euskal Herrian. 2024ko otsailean, kontzertu bira bat egingo dute Austrian
Getxoko hiru espaziotan daude ikusgai erakusketak. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Getxophoto jaialdiak etena aldarrikatuko du, gaurtik hilaren 25era bitartean

Erredakzioa

Hainbat herrialdetako 22 sortzailek beren lanak erakutsiko dituzte beste horrenbeste erakusketatan. Aire zabalean ikusi ahalko dira gehienak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...