OLBEk 'Lucia di Lammermoor' operarekin irekiko du 68. denboraldia

Larunbatean taularatuko dute Gaetano Donizettiren obra, Bilboko Euskalduna jauregian

Lucia di Lammermoor operaren eszena bat. OLBE.
Erredakzioa
Bilbo
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak larunbatean ekingo dio bere 68. denboraldiari. Eta lehen emanaldirako Gaetano Donizettiren obra bat aukeratu dute: Lucia di Lammermoor opera. Jessica Pratt sopranoa, Ismael Jordi tenorra eta Juan Jesus Rodriguez baritonoa ariko dira rol nagusietan Bilboko Euskalduna jauregiko taula gainean, 19:00etan hasita. Lehen emanaldiaren ondotik, beste lau alditan taularatuko dute lana: hilaren 21, 25, 26 eta 28an.

Adituen ustez, konpositore italiarraren maisulanik nabarmenena da Lucia di Lammermoor. OLBEren, Genovako eta Boloniako (Italia) antzokien nahiz Eslovakiako Antzoki Nazionalaren koprodukzioa da Bilbon taularatuko dutena, eta 2017an Italian estreinatu zuten. Ricardo Frizzak jardun du musika zuzendari. Donizettiren obran aditua da. Eszena zuzendaritzaz, berriz, Lorenzo Mariani arduratu da. Haren hitzetan, «istorio ikaragarria da, krudela eta bortitza, gaztetako maitasun istorio dramatiko bat ez ezik». Horregatik, eszenaratze «gotiko» baten alde egin du Marianik, giro «erromantiko baina, aldi berean, izugarria eta iluna» irudikatze aldera.

Sortzaileek azaldu dutenez, konpositore italiarraren jatorrizko partitura ahalik eta gehiena errespetatzen saiatu dira, eta, horregatik, Bilboko bertsioan beste ohiko eszenaratze batzuetan baino hamar edo hamabost musika orrialde gehiago emango dituzte.

Bost opera, 47 emanaldi

Lucia di Lammermoor ez da denboraldiko opera bakarra izango, beste lau programatu baitituzte: Jerusalem, Der fliegende Hollander, La fanciulla del West eta Anna Bolena. Horietan, hamabost abeslarik eta bi orkestra zuzendarik debutatuko dute.

Horiez gain, formatu txikiagoko kontzertuak, haurrentzakoak eta hitzaldi ziklo bat ere egingo dituzte, besteak beste. Orotara, 47 emanaldi izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.