Neonezko solasaldiak

Lucio Fontanaren eskultura bat eskuratu du Guggenheimek, eta hiru urtez izango du ikusgai. 100 metro neon hodiz osatuta dago artelana

MONIKA DEL VALLE / @FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Bilboko Guggenheim museoak 2019an antolatu zuen Lucio Fontana artista italiar-argentinarraren atzera begirakoa. Bildu zituen obren artean zegoen Neoizko egitura Milango IX. Trienalerako, 1951. urtean ondutako lana: 100 bat metro neonezko hodi tolestuez osatutako eskultura zintzilikaria. Artelana berriro bisitatzeko aukera izango da orain: izan ere, museoak hurrengo hiru urteetarako eskuratu du Fontanaren obra. Museoko atondoan ikusgai egongo da, leiho handi batzuen parean. Horrenbestez, eraikinaren barrutik zein kanpotik ikusteko abagunea izango da.

Kokapenak ahalbidetzen duen ikusgarritasuna gorabehera, badago arrazoi garrantzitsuago bat artelana atondoko bazter horretan paratzea eragin duena: eraikinaren arkitekturarekin duen interakzioa. Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariaren hitzetan, lana han jartzeak «Guggenheimen arkitekturarengana hurbiltzea ahalbidetzen du». Bestalde, eskulturak duen tamaina dela-eta, tokirik egokiena iruditu zaie museokoei. «Zati honekin sintonizatu eta enpatizatzen duen obra da», Bidartek adierazi duenez.

Neona aski ezaguna bihurtu da dagoeneko, baina duela 70 urte «material berritzailea» zela gogorarazi du zuzendariak. Lehengai berezi horrek eman zion abagunea Fontanari korronte espazialistaren oinarriak islatzeko, besteak beste. Artistak berak sortu zuen espazialismoa, 1946an, artelan baten funtsa denbora eta mugimendua jasotzea zelako ustearekin. Hori lortzeko, hiru dimentsioko euskarrietan egiten zuten lan espazialistek, edo, mihisearen kasuan, sakontasuna ematen zioten ebakien bitartez, beste esku hartze batzuen artean —gisa honetako artelan sonatu asko egin zituen Fontanak berak—.

Ikusgai dagoen eskulturak ere laugarren dimentsioa du helburu, Manuel Cirauqui komisarioak azpimarratu duenez: «Bertan sortzen da esperientzia». Lan honetan, Fontanak «airean margotu» zuen, eta, hala, «espazioan hainbat irakurketa egiteko ahalmena» duen emaitza erdietsi zuen, komisarioaren iritziz. Eremu berrien bilaketa horretan, eragin handia izan zuen garaian indartsu ari zen lasterketa espazialak, eta hark bezala espazioa zabaltzeko saiakera egin zuten Fontanak eta beste zenbait mugimenduko kidek, Cirauquik azaldu duenez. Hala ere, eta «bere denborarekin egindako elkarrizketa» izan arren neonezko obra, «gaurkotasuna» ere aitortu dio komisarioak bai konposizioari, baita horren oinarri izandako ideiari ere. «Gaur egun baliagarriak diren balio eta erronka estetikoak garatu zituen Fontanak».

Fontana eta Gehry

Bere garaiarekin izandako elkarrizketan, solaskide jakin batzuk izan zituen gogokoenetarikoak: arkitektoak. Izan ere, «inspirazio iturri» izan zitzaizkion bere lan artistikorako, Cirauquik adierazi duenez. Orain ere arkitekturarekin aurrez aurre jarri dute Fontana neonezko obraren bitartez, baina hizketaldia gaur egungo arkitekto batekin izango du oraingo honetan: hain zuzen, Guggenheim museoa diseinatu zuen Frank Gehryrekin. Eraikinaren sorburua dira Gehryk Bilboko kafetegi bateko zapi batzuetan marraztu zituen «zirriborro eta arabeskoak», eta horiek datozkie burura Bidarteri eta Cirauquiri Fontanaren sorkuntza ikustean. «Eraikinarekin duen elkarrizketa nabarmena da. Aurkitzen dira, erlazionatuta ez dauden arren», dio komisarioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.