Albistea entzun

Lizardi literatur sari eraberritua aurkeztuko dute bihar Zarautzen

Mariasun Landak emango dio 39. saria Yolanda Larreategiri. 40.aren aldaketak azalduko dituzte
Mariasun Landa, artxiboko argazki batean, iaz. Saria banatu eta manifestu bat irakurriko du.
Mariasun Landa, artxiboko argazki batean, iaz. Saria banatu eta manifestu bat irakurriko du. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko apirilak 17

Bihar 125 urte beteko dira Xabier Lizardi jaio zela, eta urtemugarekin bat eginez, Zarauzko Udalak (Gipuzkoa) haur eta gazte literatura sustatzeko 39. Lizardi sariaren emate ekitaldia egingo du. Yolanda Larreategi markinarrak jasoko du saria, Ur eta Lur lanarengatik. Ekitaldia, baina, ez da horretara mugatuko, hurrengo urteko saria aurkeztu ere egingo dutelako. Izan ere, Zarauzko Udalak sariketa berriztatzea erabaki du, eta ekitaldia baliatuko du aldaketak jendaurrean ezagutzera emateko. Modelo aretoan izango da, 11:30ean.

38. Lizardi saria eman gabe gelditu zen, epaimahaiak ez baitzuen espero bezain maila egokia ikusi aurkeztu ziren lanen artean. Orduan, epaimahaikideen proposamenez, Zarauzko Udalak erabaki zuen egitasmoaren zenbait alderdi moldatzea. «Antzeman zen sariak inertzia bat hartua zuela urteen poderioz, eta zuzenketa bat behar zuela; aurrera begirako ikuspegi bat, eta hainbat aldaketa», adierazi du Agurtzane Aizpuru Kultura zinegotziak.

Konpromiso hori hartuta, sariketarekin lotura duten eragileekin elkartu ziren, eta zehaztu zituzten sariak izango dituen ezaugarriak: «Eragiteko puntu bat zera zen, ahalegin ekonomikoa sormenean jartzea; bada, sariaren beraren dirua handitu egingo da, eta argi adierazi idazleak zehazki zenbat jasoko duen, gordin». Udalak 5.500 euro ezarriko ditu; eta irabazleak 4.675 jasoko ditu, zergak atxiki ostean. «Bestetik, idazlea izango da lanaren jabea, eta berak bilatu beharko ditu argitaletxea eta ilustratzailea; behin aurkituta, udalak beste 1.000 euro jarriko ditu, ilustratzailea diruz laguntzeko, eta bikaintasuna lortzeko». Era berean, komunikazioa gehiago landuko dute, ahalik eta gardenena izatea lortzeko.

Hala, 39. saria «trantsiziokoa» izango da, eta 40.ak «hezurdura berria» izango du.

Kultur ukitua

Sariaren berariazkotasunez gain, ekitaldia ere ez da ohiko modukoa izango. Kultur ekitaldi moldez antolatuko dute, eta urtero idazle bati eskatuko diote manifestu bat prestatu eta irakur dezala. Aurten, Mariasun Landa arduratuko da horretaz, bera izan baitzen Lizardi saria jaso zuen lehena, Txan Fantasma lanarengatik, 1982an. Landari elkarrizketa bat egin diote, eta bideoan zabalduko dute, bihartik aurrera. «Galdetu diogu zer izan zen berarentzat sari hau, eta zer ibilbide egin duen liburuak», zehaztu du Aizpuruk. Landak emango dio 39. saria Larreategiri. Bidenabar, musika ere izango da: Ane eta Antton Sarasuak eta Iban Isastik musika jarriko diete Lizardiren poemei.

Sariari oihartzun eta garrantzi berezia ematearren, aurrerantzean ekitaldiarentzat egun bat finkatu dute: urtero apirilaren 2an izango da, Haur eta Gazte Literaturaren Nazioarteko Egunean.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Artozkiko artelanen aurkezpena

'Artezki'-ko hamalau lan erakutsita, falta direnak itzultzeko eskatu dute

Ainhoa Sarasola - Iker Tubia

Itoizko urtegiaren kontra aritu zirenek azalpenak eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari. Artozkin galdutako hamazazpi lan falta dira oraindik. Agertu direnak Iruñean eta Agoitzen ikusgai izanen dira

Xabier Mendiguren Bereziartu, iazko azaroan. ©Izaro Andres / Foku

Xabier Mendiguren Bereziartu itzultzailea eta idazlea hil da, 78 urte zituela

Arantxa Iraola - Ekhi Erremundegi Beloki

Ikastolen mugimenduan ibili zen. Euskalgintzaren Kontseiluko lehen idazkari nagusia izan zen, eta euskaltzain urgazlea.

Itoizko urtegiko irudiak, kanoa batetik eginak, Irati ibaia zena zeharkatzen, Artozki inguruan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Itoizko oroitzapenak igerian

Iker Tubia

Hogei urteko borroka izan zen Itoizko urtegiaren kontrakoa. Duela hogei urte, Itoitz eta Artozki herriei eusten saiatu ziren ekintzaileak. Bide guzietatik saiatu arren, ez zuten proiektua gelditzerik izan.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Etengabeko prozesu baten emaitza da gure lana»

Olatz Enzunza Mallona

Nahiz eta ziurgabetasuna ofizioaren parte izan artearen arloan, funtsezkoa da egiten den horretan tematzea, Susana Talayero artistaren ustez. Gure Artea saria jasoko du bihar, ia 40 urteko ibilbide artistikoagatik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...