Musika

Txeloen indarraren bidez

Apocalyptica taldea 'Plays Metallica by Four Cellos' diskoaren hogeigarren urteurreneko bira egiten ari da. Bertsioen errepertorio luzea interpretatuko dute gaur, Donostiako Kursaalean.

Apocalyptica taldeko kideak. Duela bi urte hasi zuten mundu mailako biraren barruan joko dute gaur Donostian.
Inaxio Esnaola Aranzadi.
2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Lau txelo eta zortzi abestiren moldaketa. Hori izan zen Apocalypticaren abiapuntua eta arrakastaren oinarria. Metallicaren Enter Sandman, Master of Puppets eta Sad But True kantu ezagunen bertsioak bildu zituzten, besteak beste, Plays Metallica by Four Cellos lehen diskoan. 1996an argitaratu zuten, eta 2016an —20 urte geroago— berrargitaratzea erabaki zuten, estatubatuarren beste hiru bertsiorekin. Aldi berean, mundu mailako bira bat abiatu zuten. Bira hori gaur iritsiko da Kursaalera.

Zaletasunak musika ikasketekin bat egindakoan sortu zen Apocalyptica —apocalypsis eta Metallica hitzen nahasketa da izena—. 1993an, Helsinkiko Sibelius kontserbatorioko lau txelo ikaslek, gustuko taldearen kantuak hartu, eta beraien eremura eraman zituzten. Fusio hark harrera ona izan zuen, eta horrek bultzatu zituen Metallicaren abestien bertsioekin disko bat argitaratzea. Harridura eta askoren interesa piztu zuen lau gazte horien proposamenak. Lehen lanaren milioitik gora ale saldu zituzten.

Eicca Toppinen, Paavo Lötjönen, Antero Manninen eta Max Lilja laukoaren esperimentuak izandako oihartzunak bultzatuta, aurrera egitea erabaki zuten. Metal kantuen txelo bertsioak egiten jarraitu zuten, baina sormenari garrantzi handiagoa emanez. Horren eredu da 1998an atera zuten Inquisition Symphony bigarren diskoa. Metallicaren bertsioak ez ezik, Sepultura, Faith No More eta Pantera taldeenak ere grabatu zituzten. Toppinenek konposaturiko hiru kantu ere sartu zituzten lanean.

Mundu mailako kontzertu bira egin zuten, eta, 1999an, Metallicak San Frantziskoko Orkestra Sinfonikoarekin batera grabatu zuen zuzeneko diskoaren emanaldian parte hartu zuten, Metallicak berak gonbidatuta. Mugarri izan zen hura finlandiarrentzat. Zenbait aldaketa eragin zuen beren ibilbidean. 2000n ateratako Cult hirugarren laneko kantu gehienak, esaterako, propioak ziren. Soilik bi bertsio ditu; berriz ere, Metallicarenak. Orkestrazioa eta ahotsa sartu zituzten lehen aldiz abestietan. Guano Apes taldeko Sandra Nasic abeslariaren kolaborazioa aipagarria da.

Norabide aldaketa

Eboluzio etengabeak eta hartu beharreko erabakiek ondorioak izan zituzten. Liljak taldea uztea erabaki zuen Topinnenekin izandako desadostasunengatik. Era berean, txelo indartsuei bateria baten konpainia gehitzea begi onez ikusi zuten. Dave Lombardo (Slayer) bateriaren bidez eman zuten pausoa, eta proposamena biribiltzeko behar zutena zela konturatu ziren. Zuzenekoetarako, ordea, Mikko Siren batu zen taldera. 2003an kaleratu zuten Reflections laugarren lanarekin aro berri batean sartu zen txelo kuadrilla.

Ordutik aurrera, nazioartean lekua egitea lortu zuten kontzertu bira luzeak eginez. Horretarako, talde gisara harturiko joera bera mantendu zuten, osagarri berriak baztertu gabe. Diskografia gizentzeko aukera ere izan dute estudioko beste lau lanekin, bildumekin eta zuzeneko DVDekin. Abeslari ezagun askok kolaboratu zuten lan horietan guztietan. Hala nola, Max Cavalera, Till Lindemann (Rammstein), Cristina Scabbia (Lacuna Coil), Ville Valo (HIM), Corey Taylor (Slipknot) eta Joe Duplantier (Gojira).

Denbora tarte horretan bestelako egitasmo esanguratsu batean parte hartu zuen Apocalyptica taldeak: Richard Wagner konpositore alemaniarraren 200. urteurrena ospatzeko, Wagner Reloaded ikuskizun berezia prestatu zuten. Wagnerren musika beren eremura eraman zuten, eta, hala, 2013ko uztailaren 5 eta 6an, emanaldi bereziak egin zituzten Leipzig hirian. Baita grabatu ere,urte berean zuzenekoa argitaratzeko.

Finlandiarrek 2015ean argitaratu zuten estudioko azken lana: Shadowmaker. Aurrekoen desberdina da, abeslari batekin grabatu zutelako, lehen aldiz. Kubatar jatorriko Franky Perez kantaria fitxatu zuten txeloen doinuei ahotsa jartzeko. Dena dela, ezin esan Apocalyticako kide ofiziala denik. «Ez dago erabakita. Bi urteko bira luzea egingo dugu bere parte hartzearekin, eta bukatzerakoan ikusiko dugu», adierazi zuen Toppinenek. Aretoetako azken biran, behintzat, ez da parte hartzen ari.

Kursaaleko emanaldia akustikoa, elektrikoa eta instrumentala izatea espero da. Txeloen indarrarekin lehenik, eta bateriaren laguntzarekin ondoren. Metallicaren abestiak beste era batera gozatzeko parada izango dute aretora biltzen direnek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.