OLBEk 'La fanciulla del West' Pucciniren opera programatu du lehen aldiz

Josep Caballe Domenechek gidatuko ditu EOS eta hamazazpi kantariak. Larunbatean egingo dute lehen emanaldia, Bilboko Euskaldunan

OLBEk eta San Carlo di Napoli antzokiak ekoitzi dute opera. LUCIANO ROMANO.
Erredakzioa
Bilbo
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Bere ibilbide luzean inoiz programatu ez zuen obra bat hautatu du orain OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak: Giacomo Pucciniren La fanciulla del West. 1910ean estreinatu zen, eta musikagilearen errepertorioko «harribitxi bat» da, haren lanik «koloretsu, distiratsu eta berritzaileena», elkartearen iritziz. Minnie izeneko emakume bat du obrak protagonista; «AEBetako mendebaldearen konkistaren epopeia» du hizpide, eta OLBEk eta San Carlo di Napoli antzokiak ekoitzi dute, elkarlanean. Datorren larunbatean izango da lehen emanaldia, Bilboko Euskalduna jauregian. Gero, beste hirutan taularatuko dute, leku berean: hilaren 18an, 21ean eta 24an.

Antzezpenetan, hamazazpi abeslari elkartuko dira taula gainean: Oksana Dyka soprano ukrainar entzutetsuak lehen aldiz kantatuko du OLBEren programazioan, eta protagonistaren rola jokatuko du: «erronka handi bat, antzezpenaren zein ahotsaren aldetik». Marco Berti tenor italiarra Dick Johnson bidelapurraren larruan jarriko da, eta Claudio Sgura baritono italiarra, berriz, Jack Rance sheriffarenean. Hiru protagonistez gain, Francisco Vas, Manel Esteve, Paolo Battaglia, Manuel de Diego Pardo, Isaac Galan, Carlos Daza, Jorge Rodriguez-Norton, Gerardo Lopez, Jose Manuel Diaz, Fernando Latorre, Cristian Diaz, Itxaro Mentxaka, David Lagares eta Santiago Ibañez ariko dira kantuan.

Orkestrak protagonismo handia du obran, eta abeslariek EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoa izango dute lagun emanaldietan,Josep Caballe Domenech Coloradoko Orkestra Filarmonikoko zuzendariaren gidaritzapean. Bilboko Operako Korua ere oholtza gainean izango da, Boris Dujinen zuzendaritzapean ariko dena.

Hiru agertoki handitan garatuko da istorioa, eta haien estetikak Brodwayko musikalak ekarriko ditu gogora, elkartearen hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.