Albistea entzun

Gerra Ukrainan. Mobilizazio partziala

Ukrainan borrokatu nahi ez dutenen zeharkaldia

Gerrarako mobilizatzeko deia egin zutela eta, milaka errusiar, gizonezkoak gehienak, Mongoliara, Georgiara, Armeniara, Azerbaijanera eta Finlandiara joan dira, herrialde horiek baitira errusiarrei erraztasun gehien ematen dieten mugakideak.
Herritar talde bat Verkhnii Larsen, Errusiaren eta Georgiaren arteko mugan, irail amaieran.
Herritar talde bat Verkhnii Larsen, Errusiaren eta Georgiaren arteko mugan, irail amaieran. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Alex Bustos -

2022ko urriak 19 - Mosku

Errusiako presidenteak mobilizatzeko deia egin izanak izutu egin zituen gizon asko. Irailaren 21ean, Vladimir Putin telebistan azaldu zen mobilizazio partziala iragartzeko: ofizialki 300.000 erreserbistari egin zien deia, baina litekeena da halako bi edo gehiago izatea. Iragarpen horren ondorioz, kolapsatu egin ziren inguruko herrialdeetako mugak, eta ikaragarri garestitu hegazkin txartelak: 10.000 euro baino gehiago ere balio izan zuten —600.000 errublo baino gehiago, eta Errusiako batez besteko soldata halako hamar da hori, 1.100 euro ingurukoa izan ohi baita lansaria.

Beste gizon askok bezala, Konstantinek —ez du abizena eman— ere herrialdetik alde egitea erabaki zuen, ia egun batetik bestera. «Ez nuen alde egin nahi; gerra hasi zenetik, haren kontra egon naiz erabat, baina aldi berean Errusian geratu nahi nuen», azaldu dio BERRIAri. Errusiako Ekialde Urruna eskualdean bizi zen orain arte, eta hango lagun askori deitzen hasiak zirela-eta erabaki zuen herrialdetik alde egitea.

Putinek iragarpena egin eta egun gutxira, Irkutsk hirira joan zen autoz, Baikal aintziraren ertzera. «Taxiz joan nintzen, zazpi ordu inguru bidean». 3.200 kilometro egin zituen gutxi gorabehera, eta Irkutsken autobus bat zeukan zain, Mongoliako mugara joateko. Azkenean aduanara iritsi zenean, sei orduz egon behar izan zuen zain Errusiako aldean muga gurutzatu aurretik. «Errusiako aldean egotea gogorra izan zen: gure autobusean zeuden batzuk geldiarazi egin zituzten, eta itzularazi», kontatu du. «Mongoliako aldean, ordea, ulerkorrak eta irekiak izan ziren», eta bi orduz baino ez zuten zain egon behar izan. Herrialdean sartzea lortu zuenean, pixka bat lasaitzeko modua izan zen, tarte batez behintzat.

Mugatik Ulan Bator hiriburura iristeko zazpi orduko bidaia egin ondoren —«estresagarria» izan zen, Konstantinen hitzetan, bi hegaldi hartu behar zituen. Lehenak Ulan Batortik Istanbulera eraman zuen, Bosforo itsasarteko hirira: errusiarren komunitate handi bat dago han gaur egun. Aldi baterako egon zen han, eta gero azken hegaldia hartu zuen, Turkiatik Tel Avivera joateko; han bizi da orain. Herrialde horretan ere errusieraz hitz egiten duen komunitate handi bat dago, eta horri esker errazago bertakotu ahal izango da.

Errusiatik ateratzeko hegaldiak oso garesti zeuden, eta minutu gutxiren buruan saltzen ziren guztiak. «Zorionez, txartel bat erosi ahal izan nuen jaioterritik atera aurretik», gehitu du Konstantinek. Zortea izan zuen, dolar batzuk baitzeuzkan aurreztuta, eta aukera izan baitzuen parte bat eskudirutan ateratzeko; horri esker ordaindu ahal izan zituen bideko oinarrizko gastuak. Esan duenez, bidaian ezagutu zuen gizon batek 10.000 errublo baino ezin izan zituen eraman —167 euro—. Biek arazoak izango dituzte etorkizunean, orain zaila baita atzerrian transferentziak egin edo Errusiako txartelak erabiltzea, Swift sisteman blokeatua baitago herrialdea. Konstantinek ondotxo daki hori: «Alde egin nuenean, nire lan nagusia utzi nuen. Beste proiektu batzuk baditut, baina arazo bat daukat: soldata Errusiako txartelera iristen zait, eta zaila da diru hori atzerrira bidaltzea».

Irteera inprobisatua

Pavelek —hark ere ez du abizena eman— antzeko erabakia hartu behar izan zuen, baina beste dilema bat zeukan buruan: emaztea du, eta 3 urteko ume bat zaindu beharra. Irailaren 21ean bertan erabaki zuen. «Ez nuen nahi gerra ala kartzela aukeratu beharrean egotea». Iruditu zitzaion berehala erabaki behar zuela, «horretarako aukera gero eta txikiagoa baita, eta laster mugak itxiko baitizkiete herrialdetik alde egin nahi duten gizonei». Orain dela urte eta erditik hona, ahoz aho dabil mugak itxiko dituztela eta gerra legea ezarriko dutela; oraingoz, ordea, ez da indarrean jarri Errusiako inongo tokitan.

Oraingoz ez dauka planik etorkizunerako. «Muga zeharkatzea eta atxilotua ez izatea», horixe zen garrantzitsuena. Ez dauka lanik; izan ere, lan egiten zuen enpresa atzerrikoa da, eta asko murriztu zuen jarduna Ukrainako erasoa hasi zenean; ondorioz, asko lanik gabe geratu ziren. Oraingoz ez dauka bueltatzeko asmorik, baina espero du bere herrialdera itzultzean «Ukraina bakean egotea eta Errusiak ordurako diktadura bat izateari utzita egotea».

Ikusi gehiago: Kontraerasoa zerk bultzatu duen

Azken asteetan Errusiatik alde egin duten 300.000 gizonetako bi besterik ez dira Konstantin eta Pavel. Bueltatzeko planik gabe joan dira denak, nahiz eta gobernuak erabaki berri duen hilabete atzeratzea mobilizazioa. Zenbait gobernuk emandako datuen arabera, gutxienez 98.000 lagun iritsi dira Kazakhstanera, 53.000 Georgiara, 40.000 Armeniara, 66.000 Europako Batasunera, 3.500 Kirgizistanera, 30.000 Turkiara, 3.000 Mongoliara eta 1.000 Serbiara. Kazakhstango muga oinez gurutzatu zuten batzuek, eta Georgiakoan auto ilara luzeak izan ziren, ordu batzuetakoak; are, askok erabaki zuten ibilgailua uztea eta muga bizikletaz edo patinetez zeharkatzea.

Herrialde batzuetara, bereziki Georgiara, Armeniara eta Kazakhstanera, milaka lagun iritsi dira otsailaren bukaeraz geroztik, eta toki batzuetan tentsioa sortu da hango herritarren artean, prezioak garestitu egin baitira, etxeen alokairuak batez ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ukrainako armadako soldaduak, atzo, Kramatorsken, goizaldean Errusiak jaurtitako misilek eragindako hondakinen artean. ©SERGEI XESTAK / EFE

Bruselak ohartarazi dio Ukrainari EBko kide izateko bidea luzea dela

Igor Susaeta

Europako Batzordearen arabera, ez da «esprint bat» talde komunitarioan sartzeko prozesua, «maratoi bat baizik». Kievek berretsi du 2024ko abendurako egon nahi duela batasunean sartzeko prest
Milaka zibil gerra frontean harrapatuta daudela salatu dute
Peruko Polizia herritar bat atxilotzen, Boluarteren aurkako manifestazio batean, atzo, Liman. ©Antonio Melgarejo / EFE

Peruko bozak urrira aurreratzeko lege proiektua aurkeztu du gobernuak

Mikel O. Iribar

Hain zuzen, Kongresuak hauteskundeak abendura aurreratzeari ezezkoa eman ondoren heldu da gobernuaren erabakia. Proposamen horren arabera, Boluarteren agintaldia abenduaren 31n amaituko litzateke.

 ©KETTY MARCELO LOPEZ

«Perun hil egiten gaituzte; diktadura zibiko-militar batean bizi gara»

Mikel O. Iribar

Buruzagi indigenak azaldu duenez, Castilloren atxiloketa «bidegabeak» ez ezik, Perun duten krisi sozialak eta arrazakeriak ere eragin dituzte egungo protestak: «Ez dugu amore emango».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...