Koronabirusa

Kutsatzea beheranzko bidean da, baina gaitza harrotua da oraindik

Kutsatzeen datuetan «beherakada motela» izan dela baieztatu du Sagardui Osasun sailburuak

Jendea paseoan Donostiako kale batean, maskara jantzirik. GORKA RUBIO / FOKU.
Maria Ortega Zubiate - Uxue Rey Gorraiz
2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Egoera epidemiologikoa oraindik ere aski iluna den arren, hasi da nolabaiteko argia ikusten. Kutsatuen kurban jadanik posible da joera aldaketa sumatzea: maldan beherako bidea hartu du. Transmisioari buruzko datuek agerian uzten dutenez, pandemiaren laugarren olatuak apiril erdialdean jo zuen goia Hego Euskal Herrian: hamalau eguneko batez bestekoari dagokionez, eguneko mila kasu baino gehiago atzeman ziren. Orduko datuen aldean, kopurua apalagoa da orain: azken bi asteetan Osakidetzak eta Osasunbideak egunero 951 positibo zenbatu dituzte batez beste.

Izan da arintzerik, baina Hegoaldeko osasun agintariek berriki emandako datuek erakusten dute birusa oldartua dela orain ere: Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, astelehenean 13.893 proba egin ziren COVID-19a atzemateko, eta 768 kasu detektatu zituzten horietan.

Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zen kasu gehien: 351 izan ziren. Gipuzkoa izan zuen atzetik: herrialde horretan 246 positibo zenbatu zituen Osakidetzak. Nafarroan 122 kasu zenbatu ziren, eta Araban, berriz, 42.

Herenegun egindako testak oinarri, positiboen portzentajea %5,5 izan zen Hegoaldean. Hurbil izan zen OME Osasunaren Mundu Erakundeak gehienezko mugarritzat zehaztua duenetik: %5. Hala eta guztiz ere, azken hamalau egunetako batezbestekoa nabarmen handiagoa da: %7,12.

Kutsatzea mantsotu arren, ospitaleetako egoera bereziki latza da oraindik Hego Euskal Herrian. Ohe asko daude birusak harturik. Zehazki, Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, oraintxe bertan guztira 847 lagun dira gaitzak jota erietxeraturik. Horietako 220 larri dira ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino 11 gutxiago.

Gainera, osasun sistemek emandako datuen arabera, herenegun 96 lagun erietxeratu zituzten gaitzaren sintomak larriagotuta. Osakidetzak erietxeratuak izan ziren horietako 92; gainerako laurak, berriz, Nafarroakoak izan ziren.

Bestalde, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak birusarekin loturiko heriotza baten berri eman zuen atzo: gaitzarekin eri zen 49 urteko gizonezko bat zendu da. Foru gobernuak ez bezala, Jaurlaritzak astean behin baizik ez du ematen hildakoen berri. Gaur argitaratuko du informazio hori.

Motel, baina behera

Hain zuzen ere, transmisioaren moteltzeaz mintzatu zen atzo Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. Bere hitzetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bilakaera epidemiologikoan «beherakada motel» bat antzeman dute. Ordura arte igoeran geldiuneak izan ziren, baina azken egunetan beheranzko joera hartu duela azaldu zuen. Sagarduiren esanetan, laugarren olatuak joera antzekoa izan du beste lurraldeetan ere: kurbaren gorakada ez da hain zorrotza izan, eta goia beste aldietan baino beherago izan du. Ordea, iraupena luzeagoa izan da.

Egoerak hobera egin duela nabarmendu bazuen ere,«erne» egon beharra azpimarratu zuen Sagarduik, bere esanetan, jarrera hori edukitzea premiazkoa baita beherakada hori osasun sisteman igartzeko: Osakidetzaren ardurapeko ospitaleetan oraindik ere «tentsio handia» dagoela baieztatu zuen.

Izan ere, Osasun Sailak aurreikusitako bost faseko kontingentzia planaren hirugarren eremuan dago Osakidetza. Horrez gain, «ezinbestekoak» ez diren ebakuntza guztiak atzeratzeko erabakia hartu zuten duela bi aste. Hala ere, Jaurlaritzaren helburu nagusia planaren lehen agertokira bueltatzea dela gehitu zuen.

Bestalde, hiru lurraldeek egoerari aurre egiteko duten «erresilientzia» azpimarratu zuen sailburuak, eta gehitu EAE dela Espainiako Estatuan proba diagnostiko gehien egiten dituen autonomia erkidegoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.