Koronabirusa

Positibo tasak beheranzko joera hartu du Hego Euskal Herrian

Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Oso motel bada ere, positibo tasa beheranzko joera ari da hartzen Hego Euskal Herrian. Dezentegehiago Nafarroan, eta askoz apalago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Baina Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak atzo emandako datuek beheranzko joera erakusten dute. Ostegunean, birusa detektatzeko 20.581 test egin zituzten, eta horietatik 1.640 izan ziren positiboak. Asteazkenean atzemandako positiboekin alderatuta, oso gutxi egin dute behera —hiru positibo gutxiago atzeman dira—, baina positibo tasa, oro har, beheratu egin da. Nafarroan, egonkor jarraitzen du beheranzko joerak eta aurreko egunarekin alderatuta ez da aldaketa handirik sumatu: %6,2koada positibo tasa (bezperan %6koa zen). Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, apur bat behera egin du positibo tasak: %8,6tik %8,3ra. Baikortasunerako arrazoiak badira, beraz, joan den astean %10aren bueltan ibili baitzen.

Egia da kostatzen ari dela kutsatzeen goranzko joera erabat iraultzea, baina Nafarroan azken egunetan izan diren datuek islatzen dute bilakaera ona dela. Positiboek apur bat behera egin dute azken orduetan: ostegunean, 3.520 PCR eta antigenoen proba egin zituzten, eta 220 positibo atzeman ziren, bezperan baino hemezortzi gutxiago. Hala, seigarren egunez jarraian, 200 positiboen inguruan daude kutsatze berriak; ez da 250 kasuen langa igaro. Araban, berriz, 137 kasu atzeman ziren; Bizkaian, 653, eta, Gipuzkoan, 619.

Erietxeetan presioak gora

Erietxeetako egoera, baina, kezkagarria da oraindik ere. Osasun sistemaren gaineko presioak goraka jarraitzen du, eta horrela segituko du baldin eta egunero 1.400dik gora positibo atzematen jarraitzen bada. Osasun agintariek emandako datuen arabera, ospitaleetako okupazioa Nafarroan %43koa da oraintxe bertan, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeena %45ekoa. Oraintxe, 841 pertsona daude Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetan ospitaleratuta, eta ZIUetako oheetan, berriz, 195 pertsona daude, aurreko egunean baino bi gutxiago. Nafarroako Gobernuak atzo jakinarazi zuen azken orduetan hiru lagun hil direla COVID-19ak jota: bi emakume (85 eta 91 urtekoak) eta gizonezko bat (90 urtekoa).

Herenegun Basurtuko (Bizkaia) eta Donostiako ospitaleetan izan ziren kutsatze fokuei dagokienez, Jaurlaritzako Osasun Sailak esan du «kontrolpean» daudela. Basurtuko erietxean dialisien unitatean lan egiten duten 11 langilek eta paziente batek eman zuten positibo, eta oraintxe bertan etxean daude bakartuta. Donostiako erietxeari dagokionez, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du zenbait erietxe eta osasun zentrotan egun batzuetan metatu diren kasuak izan direla, eta denak batera ezagututakoan piztu dela alarma. Argitu du erietxeetakoak ezin direla agerralditzat jo, kutsatzeak izan direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.