Gerra Ukrainan

Kievek esan du tropak Kharkivetik Errusiako mugetara heldu direla

Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Errusiako armada Ukrainako Donbass eskualdeari gogor eraso egiten ari zaion honetan, Kharkiven (ekialdea), Ukrainako hiririk handienetan bigarrenean, Ukrainako soldaduek eremu gehiago berreskuratu zituzten atzo, eta Errusiako mugetara heltzea lortu, Oleh Sinegubov eskualdeko gobernadoreak Telegramen ziurtatu zuenez. Ukrainako Defentsa Ministerioak bideo bat argitaratu zuen, eta, hartan, zenbait soldadu ageri ziren Errusiaren eta Ukrainaren arteko mugako zutoin bat horiz eta urdinez margotzen. Volodimir Zelenski presidenteak eskerrak eman zizkien Ukrainako soldaduei, Errusiako tropak atzera egitera behartu zituztelako.

Zelenskik, bestalde, aldaketak egin zituen atzo Ukrainako armadaren buruzagitzan: Juri Haluxkin Indar Armatuen Lurralde Defentsarako komandantea kargutik kendu zuen, eta, haren ordez, Ihor Tantsiura dibisioko jenerala jarri.

Gerra Ikertzeko Institutuak (ISW)—AEBetako think tank bat da— argitaratutako azken txostenaren arabera, Errusiako armadak alde batera utzi ditu Donetsk hiritik Iziumeraino Ukrainako unitateen setioa betetzeko helburuak; «indar guztiak» Luhansk eskualdean jarri ditu, kontrola hartzeko xedez.

Errusiako Defentsa Ministerioak atzo jakinarazi zuen armadak Ukrainako hiru hegazkin eraitsi zituela. Gainera, adierazi zuen tropek kontrola indartu zutela Ukrainaren eta Errusiaren arteko mugen artean.

38 soldadu, «larri»

Moskuk eta Kievek akordioa lortu zuten atzo, Errusiako tropek setiatutako Mariupol hiriko (Donetsk probintzia) Azovstal altzairutegian zaurituta dauden Ukrainako «soldaduak» ebakuatzeko, Errusiako Defentsa Ministerioak adierazi zuenez. Hala, bi aldeek su etena iragarri zuten, korridore humanitario bat irekitzeko. Ukrainako agintarien arabera, bostehun zauritu inguru daude altzairutegian, horietatik 38, «larri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.