Gora egin du Caritasera lehen aldiz laguntza eske jo dutenen kopuruak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 2020ko memoria aurkeztu du elkarte horrek, eta pandemiaren «eragin gogorra» nabarmendu du. Guztira 27.608 pertsonak eskatu zuten laguntza iaz

Caritasek Donostian duen Hotzaldi aterpeko oheak. JON URBE / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Oinarrian osasun arazoa denak gizartean eragin sozial eta ekonomiko larriak ere izan dituela berretsi dute Caritasen datuek. Elkarteak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2020ko memoriak aurkeztu zituen atzo, eta, besteak beste, laguntza eskean lehen aldiz joan zaion jendea asko ugaritu dela nabarmendu du.

Iaz, guztira 27.608 pertsona artatu zituen Caritasek: 13.096 Bizkaian, 9.024 Gipuzkoan, eta 5.488 Araban. Bada, horietatik, laguntza lehen aldiz eskatu zutenak %39 izan ziren Bizkaian, %25 Gipuzkoan, eta %18 Araban. Caritasen ustetan, «enplegu informala eta lan prekaritatea» daude pandemiaren «eragin handi» horren atzean, «orain pobrezia egoeran dauden pertsonak aurretik prekaritatean zeudelako».

Prekaritate horrek aurpegia dauka; izan ere, orain arteko joerarekin jarraituz, elkartera laguntza eske jotzen duten gehienak emakumeak (%58) eta jatorri atzerritarrekoak dira. Dena den, azken urteetako datuei erreparatuta, laguntza eskatzaileen artean gaztetze prozesu bat ere identifikatu du Caritasek. Gipuzkoan, esaterako, iaz artatu zituzten pertsona berrien artetik, %42,8 ziren 30 urtetik beherakoak, eta fenomeno bera dago beste bi lurraldeetan.

Halaber, migratzaileen eta etxegabeen egoeran arreta jarri beharra dagoela nabarmendu du elkarteak. Enplegu formala, etxebizitza eta erregularizazio administratiboa lortzeko dituzten zailtasunak azpimarratu du: «Eskubide sozialak eskuratzeko zailtasun horien ondorioz eta familiaren babesik ez izatearen ondorioz, kolektibo horiek behar dute gizarte babesik handiena bizi diren gizarteko partaide sentitzeko».

Arrisku berriak

Krisi garaietako ohiko zailtasunez gain, pandemiak «beste bazterkeria eta babesgabetasun faktore batzuk» ere ekarri dituela ohartarazi du Caritasek. Batetik, adierazi du arrakala digitalak hezkuntza arloko aukera berdintasunetik «urruntzen» dituela adingabeak, eta helduei ere «oztopatu» egiten dizkiela online zerbitzuak eta laguntzak eskuratzeko aukerak.

Bestalde, harreman sareak ahultzeak, bakartze sozialak eta «neke pandemikoak» osasun fisiko, psikologiko eta emozionalean dituzten ondorioak seinalatu ditu elkarteak, eta uste du horrek «eragin berezia» duela babesgabeenengan: «Hori izango da pandemia honek utzitako herentziarik gogorrena».

Erantzun indartua

Aurre egin beharreko arazo soziala larria den arren, jasotako babesa ere «handia» izan dela jakinarazi du Caritasek, eta eskerrak eman dizkie laguntza eskaini dioten guztiei. Iaz, 3.666 boluntario izan zituen elkarteak, 2019an baino 330 gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.