Albistea entzun

Olatz Arbelaitz. Ikergazteren koordinatzailea

«Gakoa da hemengo instituzioek euskarazko ikerketa ere baloratzea»

Ia 200 ikertzaile gazte euskaldunek bat egingo dute bihartik aurrera Gasteizen egitekoak diren Ikergazte kongresuan. Aurrez aurrekoaren aldeko apustua egingo dute, elkar ezagutzea ezinbestekoa delakoan.
MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2021eko ekainak 8 - Donostia

Ikerlari gazte euskaldunek egindako lanak ezagutarazteko plaza da Ikergazte. Bihar hasita, laugarrenez egingo dute, Gasteizko Europa jauregian. Ikerlari horien lana azpimarratu du kongresuaren koordinatzaile Olatz Arbelaitzek (Errenteria, Gipuzkoa, 1970), baina baliabide gehiagoren falta ikusten du. 214 lagunek parte hartuko dute kongresuan, eta emakumeen presentzia nabarmena da: %60 inguru izango dira.

Pandemiagatik ageriago geratu al da ikerketak daukan garrantzia eta haren gabeziak?

Esango nuke baietz. Uste dut orain denok garela kontziente ezinbestekoa dela ikerketa, gaitz honi aurre egingo badiogu. Bestalde, nabarmentzen da askotan zein modu prekarioan egiten den ikerketa hori, zer zailtasun dauden. Adibidez, uste dut txertoei dagokienez ikusten dela: oso argi erakusten du baliabideak jartzen direnean beste abiadura batean egin daitezkeela gauzak.

Zer ekarpen egin nahi du Ikergaztek?

Gizarteratzea gure inguruan dauden ikertzaile gazte eta euskaldunek zenbat ikerketa eta zer kalitatekoa egiten duten. Aurreko hiru ekitaldiek erakutsi digute primerako ikertzaileak ditugula, komunikatzaile onak direnak eta euskaldunak. Uste dut beste ekarpen bat dela ikertzaile gazte horiek elkarren artean ezagutzea, eta, gero, hortik etor daitezke elkarlana eta diziplinarteko konexioak, eta hori ere bada ekarpen bat gure gizartearentzat.

Ikertzaile gazteek egiten duten nazioarteko ikerkuntza etxean ezagutaraztea ere jarri duzue helburu gisa, ezta?

Hori da Ikergazteren helburu nagusietako bat. Normalean ingelesez komunikatzen den ikerkuntza hori, oraingoan, euskaraz komunikatzen da, eta, hori egin ahal izateko, hizkuntzaren lanketa bat behar da. Ikerketan gauza berriak egiten dira, eta askotan kontzeptu eta termino berriak agertzen dira. Horiek euskaraz nola erabili landu beharreko gauza bat da, eta beste ekarpen bat izan liteke.

Ia 200 ikerlari gazte bilduko dituzue Ikergazten. Ikerlari gazte hauentzat zer esan nahi du Ikergaztek?

Aukera bat euren lana euskaraz komunikatzeko. Eskatzen zaie ahalegin bat egitea bere gai espezifikoa zientzia munduan sartuta dagoen edozeinek —nahiz eta beste gai bateko aditua izan— ulertzeko moduan azaltzeko. Aukera emango dio ariketa hori egiteko, beste arlo batzuetako zientzialariek entzun dezaten zer egiten duen eta beste arlo batzuetako zientzialariak ezagutzeko.

Inoiz baino ekarpen gehiago jaso dituzue: 150 lan baino gehiago aurkeztu dituzte. Zeren seinale da?

163 lan jaso ditugu, eta horietatik 150 onartu. Ikergaztek hasita dauka ibilbidea, eta esango nuke ikertzaile gazteen artean dagoeneko baloratzen dela. Aurtengoa ere oso urte berezia da. Nahiz eta zalantzak eduki ditugun nola antolatu, pentsatzen genuen aurrez aurrekoa ez den Ikergazte batek ez zuela zentzurik, elkar ezagutzea gakoa baita guretzat.

Ikerketa osasuntsu al dago gazteen artean? Zein behar dituzte?

Ikertzaile gazteek erronka handiak dituzte aurrean. Egiten duten lana eta gizarteari egiten dioten ekarpena izugarria da, baina, bizitzarako egonkortasun bat topatu nahi badute, izugarrizko lana eta ahalegina eskatzen zaie, eta, halere, lortzeko aukerak ez dira errazak askotan. Alde horretatik, uste dut egoera ez dela oso ona.

Nola dago euskarazko ikerketa?

Badago jende asko normalean ikerketa ingelesez komunikatuko duena edo ikertaldean, taldearen izaeragatik, gazteleraz egin behar duena, baina gaitasun handia duena ikerketa hori euskaraz komunikatzeko, eta horiek bultzatuko dute, ahal den neurrian, euren inguruan euskaraz egitea ikerketa. Gero eta ekarpen gehiago jasotzeak, nire ustez, erakusten du gazteen artean masa kritiko hori zabaltzen ari dela. Orain arte behintzat, ibilbide akademikoan edo komunitate zientifikoan hori ez da baloratzen den gauza bat. Neurri batean, militantzia puntu bat edo hautu pertsonal bat da.

Zer egin behar da euskarazko ikerketa gara dadin?

Gakoa da hemengo instituzioek baloratzea hori ere; ez bakarrik nazioarteko aldizkarietan egiten dena balioztatzea, euskaraz egiten dena ere baloratzeak lagunduko luke egun hautu hori egiten ez duen jende batek egin dezan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

IIIñigo Urrutia, Idurre Eskisabel eta Miren Dobaran, solasaldia hasi aurretik. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

HIZKUNTZA IRIZPIDEEN LANTEGIAN

Arantxa Iraola

Justiziak epai kezkagarriak eman ditu euskararen jakintza ziurtatzeko hizkuntza eskakizunei buruz; Iñigo Urrutiak, Miren Dobaranek eta Idurre Eskisabelek gaiaren inguruan gogoetatu dute solasaldi batean, epai horien ondorioez, eta funtzio publikoa euskalduntzeko landu beharreko ildoez.
Bortxa matxistaren kontrako protesta, Iruñean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Gizon batek urruntze agindua urratu eta familiari eraso egin dio

Arantxa Iraola

Emazte ohiarengana ez hurbiltzeko agindua zuen gizonak. Alaba bati labanaz eraso dio, eta beste bi seme-alabek ihes egitea lortu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Irati Urdalleta Lete

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.