Maite Elizondo.
OSASUNA PENTSALDIAN

Analgesiko psikoemozionalak

2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Antzerki saio baten irteera: jendearen begietan distira pizgarria, ibilkera lasaia, muxukoen atzean antzeman daitezkeen irribarreak. Zer gertatu da pertsona hauen buru eta gorputzetan?

Segur aski, ikus-entzule hauek ordu eta erdiz kanpotik jasotako estimulu atseginez elikatu dute beren garuna. Jakina da erakargarriak egiten zaizkigun estimuluek garuneko plazeraren zirkuitua (mesokortikolimbikoa) aktibatzen dutela, dopamina eta endorfina mailak areagotuz, besteak beste. Plazeraren zirkuitua martxan jartzeak onurak eragiten dizkigu bai emozionalki baita fisiologikoki ere. Era berean, garunaren gune eraginkor hau aktibatzeak mina eta ezinegon emozionala gutxitzen laguntzen digu, ongizate maila osasuntsu bat izateko ezinbestekoa den osagaia bihurtuz.

Beraz, interesgarria izan daiteke, bizitzen ari garen garai zail eta konplexu honetan, gure garunak eskaintzen dizkigun baliabide horiek ezagutzea, psikologikoki eta emozionalki ahalik eta eramangarriagoa izan dadin eta autokontrol sentsazioa, neurri batean bada ere, senti dezagun.

Kanpotik jasotako estimulu atseginek azkar eta erraz jartzen dituzte endorfinak dantzan; abesti xarmagarriek, janari goxoek, begirada esanguratsu batek... Baina gizakiok badugu gaitasun bat asko aberasten gaituena: irudimena. Neure buruan imajinatzen dudan horrek sortzen duen eragina. Irudikatzen dugunaren arabera, plazeraren gunea aktibatu dezakegu edo sufrimendua eta minarena piztu.

Une batez begiak ixten baditugu eta limoi frexko bat irudikatzen badugu, erditik moztuz eta honen zukua ahoan sentituz, segur aski erreakzioren bat sumatuko dugu ahoan eta gorputzean. Armiarmak ez baditut askorik maite, eta zortzi hankadun araknido iletsu bat nire sudur inguruan dabilela irudikatzen badut, segur aski gorputzean tentsio punttu bat sumatuko dut.

Sentsazio horiek guztiek garunean eta gorputzean erreakzio bat eragiten dute, nahiz eta ziurtasunez jakin une hortan nire ondoan ez dagoela ez limoi ezta armiarmarik ere. Erne, beraz, tresna interesgarri eta eraginkor honekin.

Pentsa dezagun COVID-19a gure artean dagoenetik zenbatetan irudikatu dugun geure burua ezintasunez egoera zail honetan, zenbatetan errepikatu dugun ez garela gai sentitzen beste urtebetez modu honetan egoteko...

Garrantzitsua da barne elkarrizketa hori aztertzea, egunerokotasunean gertatzen zaigunez gain aurreikusten dudan horrek ere eragina baitauka gure emozioetan, nekean, etsipenean... Beraz, entrena gaitezen analgesiko psikoemozionalak garatzearen aukeran, kanpo estimulu atseginak jasoz eta barne estimulu eraginkorrak eskainiz geure buruari.

Urte gatazkatsu hau eragiten ari zaigun gaizki egona ezin dugu guztiz desagerrarazi, baina plazeraren zirkuituak aktibatzearen onura ezagutzeak emozioen kudeaketan lagun diezaguke, ongizana elikatuz, indartsuago sentiaraziz, eta garai konplexu hau eramangarriagoa eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.