Koronabirusa. Ekonomia

Bide penalera joko du ELAk enpresen erruz langileren bat gaixotzen bada

Hainbat lantegitan beharginak ezinbesteko prebentzio neurririk gabe ari direla salatu du. Angeluko Dassault astelehenean zabaldu nahi dute berriz, CGTren iritziaren kontra

Postari bat lanean, aurpegiko maskararekin, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
Irune Lasa.
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
«Lehendabizi, osasuna; ondoren, beste guztia». Eusko Jaurlaritza prebentzio neurriak betetzen ez dituzten lantegiak irekitzera behartzen ari dela salatu zuen atzo ELA sindikatuak, eta ohartarazi zuen bide penalera joko duela «enpresen eta Lan Sailaren jarreraren ondorioz» langileren bat edo langileen senideak gaixotzen badira.

Tubacex eta Sidenor altzairutegietan gertatutakoaren harira dator ELAren adierazpena. Bi enpresa horietako langileen ordezkariek lantegiak ixtea eskatu zuten, egiaztatu zutelako zuzendaritzek ez zutela prebentzio neurririk ezarri langileak koronabirusetik babesteko. Jaurlaritzak, ordea, ezezkoa eman zion eskariari, joan den ostegunean.

«Lan Sailak Tubacex eta Sidenor irekitzera behartu du, lan ikuskaritzaren txostenik eskatu gabe, langileen ordezkariei galdetu gabe, eta lantegietara bisitarik egin gabe», gaitzetsi zuen ELAk. Sindikatuak, era berean, adierazi du beste enpresa batzuetan negoziazioa posible izan dela , baina Sidenorren eta Tubacexen, aldiz, zuzendaritzak mehatxu egin diela langileen ordezkariei

ELAk esan zuen enpresa horietan lanean jarraituko duela langilerik lanean kutsa ez dadin. Era berean, ELAk «oso argi du enpresen eta Lan Sailaren jarreraren ondorioz langileren bat edo langileen senideak gaixotzen badira bide penala jarriko duela martxan erabakiok hartu dituztenen kontra».

LAB sindikatuak, berriz, adierazi du oso adi dagoela lantegiek prebentzio neurriak betetzen dituzten ala ez. Ikuskaritzari neurri horiek betearaztea eskatzean gain, LABek jakinarazi du jardueraren etena eskatzen hasiko dela langileen segurtasuna bermatzen ez duten lantokietan.

Alerta eskubidea

Angeluko Dassaulten ere neurriak hartzekotan da CGT sindikatua. Hegazkingintzako fabrika itxita dago asteazkenetik, eta itxiera hori, hasieran, martxoaren 31ra arte zen luzatzekoa. Baina soilik hiru egun igaro direnean, konpainiak atzera lantegia jardunean ezartzeko asmoa agertu duela esan du CGTk.

Astelehenean gertatuko litzateke hori, eta, egun berean, CGTk arrisku larri eta berehalakoengatik alerta emateko bere eskubidea erabiliko luke. Horrekin, euren lanpostuetara ez joateko bidea zabalduko litzaieke langileei.

CGTko ordezkariek Sud Ouest egunkariari azaldutakoaren arabera, Angeluko Dassaulten jarduten duten bi langilek eman dute positibo koronabirusaren proban, eta beste bi kasu susmagarri daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.