Yolanda Olasagarre. EIBZko irakaslea

«Irakasleek kontzienteki landu behar dute ahozko komunikazioa ikasleekin»

Ikasleak euskal hiztun oso izate aldera, Olasagarrek ezinbestekotzat dauka ikastetxeetan ahozkotasuna lantzea. Arlo horretan hutsuneak ikusten ditu egun: «Ez da lanketa sistematikoa: ez da lanketa planifikatu bat».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Yolanda Olasagarrek (Arbizu, Nafarroa, 1966) argi du: Euskal Herriko ikasle gehienek euskara ez dute etxetik jasotzen; beraz, eskolari dagokio haiekin ahozkotasuna lantzea. Olasagarre irakasleen prestakuntzan aritzen da Nafarroako Gobernuaren EIBZ Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroan, eta joan den astean hezkuntzan ahozkotasuna lantzerakoan dauden hutsuneez eta horretarako dituzten proposamenez aritu zen EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Nola landu eta ebaluatu ikasleen ahozko komunikazio gaitasuna? Euskara ikasleen ahozko hizkuntza sekuentzia didaktikoen bidez lantzeko proposamena udako ikastaroan.

Nola lantzen da ahozkotasuna hezkuntzan?

Batez ere, Nafarroako D ereduko irakaskuntza ezagutzen dut, eta erkidegoan [EAEn] ere zerbait tokatu zait. Azken urte hauetan jaso duguna da ahozkotasuna lantzen dela, baina, oro har, ez da lanketa sistematikoa: ez da lanketa planifikatu bat. Orduan, baditugu hutsuneak. Duela hamar urte-edo, hasi ginenean, gure ustez lehentasunezko kontu bat zen, batez ere gure ikasleek euskaraz hitz egitea nahi bagenuen. Irakasleen aldetik jaso genuen oso modu arbitrarioan egiten zela; denbora zegoenean; eta ez ikasle guztiek hitz egiteko moduan planifikatuta.

Zein metodo erabiltzen da?

Irakasleak programatu eta erabaki behar du zer landu, nola landu, zer jarduera egin... Prozesu pentsatua izan behar du. Lantzea gauza bat da, eta beste gauza bat da jardutea. Irakaskuntzari begira, lantzea falta da, batez ere: hau da, modu planifikatu batean ikasleekin hau landuko dugu, eta, beraz, hori ebaluatu ahal diegu. Horretarako proposatzen dugun tresna sekuentzia didaktikoa da [proiektu bat da, helburu komunikatibo bat duena, jarduerak zehazten dituena...]. Zenbaitetan, hiztun trebeak ditugu, etxeko hizkuntza euskara dutelako, baina gure ikasleen tipologia nagusia ez da hori. Eskolan ez bada lantzen, nekez landuko da beste leku batean.

Behar adinako garrantzia ematen al zaio ahozkotasunari?

Argi dago ezetz. Eskolari mila gauza eskatzen zaizkio; gabeziaren bat dagoenean, esaten da: «Hori eskolan egin beharko da». Hizkuntza gaitasunak bai, eskolan landu behar dira. Gainera, gakoak dira, ze, euskara edukiak transmititzeko hizkuntza baldin bada —batez ere, D ereduan—, ikasleek maila on bat behar dute trebetasun guztietan, baita ahozkoan ere.

Zer abantaila ditu ahozkotasuna egoki lantzeak?

Ez dakigu, baina hizkuntza batean hiztun oso izateak esan nahi du ahoz ongi moldatzen dela ikasle hori, bai eskolako eginkizunetan, bai kanpokoetan. Euskarari dagokionez, ezinbestekoa da, erabilerara jauzi egiteko.

Horretarako, zer proposatzen duzu?

Pentsatzen dugu modu sistematiko eta planifikatuan landu behar dela: irakasleek kontzienteki landu behar dute ikasleekin ahozko komunikazio gaitasuna. Ikusi genuen sekuentzia didaktikoak tresna egokiak izan zitezkeela ahozkoa lantzeko, eta hori da proposatu duguna. Praktika egin dugu ikastetxeetan, eta sekuentziak diseinatu eta gelaratu dira; aurrerapenak ikusten dira lanketaren ondoren. Hori da erabiltzen dugun tresna nagusia, balio duelako irakasleak ikusteko zer landu duen, landu duena benetan baliagarria izan den ikasleentzat, eta ikasleek barneratu duten.

Ikasleen motibazioaz ere aritu zara. Nola motibatu daitezke ahozkotasuna lantzeko?

Normalean, lantzen den ikastetxeetan, ikasleak motibatzen dira, eta gustura aritzen dira, ze ikasle guztiek hitz egin behar dute, beraiek egin behar dute. Esaterako, joaten dira beste gela batera hitz egitera, eta horrek ardura sortzen die, baina gustura egiten duten lan bat da. Gainera, sekuentzian beti proposatzen da zerbait ikasleekin negoziatzea, beraien interesak pizteko. Esaten zaie: 'Ipuina kontatuko diezue LH1eko ikasleei, baina banaka eginen dugu, ala binaka? Zein ipuin kontatuko diezue?'.

Irakasleek formakuntza beharko dute, ezta?

Bai, eta horretan ari gara azken urteetan. Prestakuntzaren barruan sartzen dugu sekuentziaren diseinua eta sekuentzia gelaratzea.

Ikasleen ebaluazioa ere izan duzu hizpide.

Landutakoa ebaluatu behar dugu, eta ez dena. Ahalik eta ebaluazio objektiboena izan behar du; alegia, ikasleak zer egin duen ebaluatu behar da, eta ez hainbeste epaitu edo iritziak eman. Ongi egindako guztia nabarmendu behar da lehenengo, eta, gero, hobetzekoak. Gainera, ahozkoaren parametroetatik ebaluatzen saiatu behar dugu: esaterako, ahozkoan e bat esatea edo esaldia ez bukatzea ez da akatsa; idatzian, berriz, bai. Hitzen ordena ere desberdina da, intonazioak beste pisu bat du, antolatzaileak beste mota batekoak dira... Osagarriak dira ahozkoa eta idatzia, baina ahozkoaren ezaugarri eta baliabide horiek propio irakatsi eta ebaluatu behar ditugu. Bide hori egiten hasi gara; hezkuntzan, oso gutxi dago eginda horren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.