Berriro erre da Zubietako erraustegiko transformadore nagusia

GHK-k dio ekipamendu osagarriekin ari dela funtzionatzen instalazioa. Irailean zen osorik funtzionatzen hastekoa, baina matxurak atzeratu egingo du epea

Ekipamendu elektrogenoak, atzo, erraustegiaren kanpoaldean. Transformadorea ordezkatzeko eraman dituzte hara. BERRIA.
inaki petxarroman
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Zubietako erraustegiari beste harri bat jarri zaio bidean. BERRIAk jakin duenez, irailaren 1ean planta energizatzen duen transformadore nagusia 27 megavolt ampereko (MVA) gailua erre egin zen, eta matxura larria eragin du instalazioetan. Ekainean Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) jaso ostean, hil honetan osorik martxan nahi zuten erraustegia, baina berriz ere atzeratu egin behar izan dute abian jartzeko eguna.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila ikuskatzen ari da gertatutakoa, eta, bitartean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK) instalazioak ez geratzeko ahaleginetan ari da. Atzo bertan ekipamendu elektrogeno ugari ikus zitezkeen instalazioen kanpoaldean, erraustegia martxan jartzeko egiten ari diren ahaleginaren seinale. Ekipamendu elektrogeno horiek normalean erregaiarekin funtzionatzen dute, eta euren funtzioa da argindar sorgailurik gabe geratu diren instalazioetan haiek ordezkatzea.

GHK-k dio martxan dagoela

Berez, argindar sorgailuek labeak pizteko aukera eman badezakete ere, arazo bat daukate. Izan ere, horien bidez ezin da energia sarera bidali. Izatez, Zubietakoa energia balioztatzeko instalazio bat da. Hau da, erretzen dituen hondakinen bidez, energia sortzen du. Hori egin ezean, zaborra erraustu dezake, baina ez balioztatu, baizik eta eliminatu. Ingurumen Baimen Bateratuak eta enpresari GHK-k emandako baimenak ezinbestez aurreikusten dute balioztatze energetikoa. Europako hondakinen zuzentarauak ere ongi bereizita dauzka balioztatzea eta eliminazioa. Hain zuzen ere, erraustearen bidezko eliminazioa zabortegira isurtzearen pareko tratamendua da Europako Batasunaren arauen arabera.

Kazeta honek galdetuta, GHK-k aitortu du matxura bat izan duela transformadore nagusiak, baina horren eraginari garrantzia kendu dio: «Instalazioek funtzionatzen jarraitu dute, konexio alternatiboen bidez, balioztatze energetikoko instalazioen funtzionamendua ekipamendu osagarriekin indartu baita. Beraz, inoiz ez zaio utzi hondakinak jaso eta tratatzeari».

Ildo horretatik, kontsortzioaren esanetan, planta «datozen asteetan» hasiko da erabateko funtzionamenduan, «bermeen egiaztapena» hastearekin batera.

Ez da lehenengo aldia erraustegiko transformadore nagusia matxuratzen dena. 2019ko ekainaren 11n ere leherketa bat gertatu zen gailu horretan, eta, horrek eragindako matxurak gutxienez lau hilabetez atzeratu zuen proba epea. Orduan, orain bezala, GHK-k ez zuen informatu matxuraz, eta BERRIAk galdetuta aitortuzuen zer arazo izan zuen.

Berez, GHK-k iragarria zuen 2019ko urrirako martxan egongo zela instalazioa, baina oraindik ez dute ehuneko ehun martxan jarri. Iazko ekainean, hondakinen kontsortzioak jakinarazi zuen Jaurlaritzak IBBa eman ziola instalazioari, eta aste gutxitan jarriko zutela osoko funtzionamenduan. Ordura arte %80 funtzionatzen ari zela erantsi zuen kontsortzioak orduan.

Beraz, horren arabera, hil honetan bertan ziren hastekoak, oraindik proba fasean baitaude, azken «egiaztapen probak» egiten. Orain, ikusteko dago zenbat denbora beharko duten transformadore nagusiaren matxura konpontzeko, gailu hori ezinbestekoa da plantaren energizatzea behar bezalakoa izan dadin. GHK-k azaldu duenez, enpresa hornitzailea ari da lanean transformadorearen matxura konpondu nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.