Koronabirusa. Amaia Cuesta eta Marta Arrue. EHUko erizaintza irakasleak

«Neurriak eraginkorrak izango dira praktikara ondo eramaten badira»

Osasungintza eta hezkuntza uztartu dituzte, osasuna bermatzeko bidea hori delakoan. Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak diruz lagunduta, izurria prebenitzeko neurrien ikastaro bat sortu dute Cuestak eta Arruek.

GORKA RUBIO / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
Donostia
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Txertoa heldu bitartean prebentzioa beste aukerarik ez dagoela argi utzi du Marta Arrue EHUko Erizaintza irakasleak (Donostia, 1971). Ideia horren garrantzia ozentze aldera, prebentzio neurrien heziketa programa bat martxan jartzea proposatu zion Amaia Cuesta lankideari (Donostia, 1991). Esan eta egin, Donostiako Zurriola ikastetxean jarri zuten martxan proiektua, biak hazten ikusi zituen ikastolan, eta zerbait lortu dute jada: ikasleen erantzuna, eta Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialarenjardunaldietako publikoaren saria.

Hezkuntza komunitateari osasun prebentzioan lagunduko dion programa pilotu bat abiarazi duzue. Zertan datza?

AMAIA CUESTA: COVID-19aren ondorioz, hainbat neurri berri hartu eta gure bizitzan integratu behar izan ditugu. Neurri horiek, ordea, praktikara ondo eramaten badira izango dira eraginkorrak. Tailer honen bitartez, eskoletan hiru oinarrizko neurri landu nahi izan ditugu: pertsonen arteko distantzia egokia izatea, maskara modu egokian manipulatu eta janztea, eta eskuak urez eta xaboiz ondo garbitzea.

MARTA ARRUE: Denok entzun dugu eskuak garbitu behar direla, baina kontua da ondo garbitu behar direla: ez du balio edonola garbitzeak. Eta maskarari dagokionez, gauza bat da janztea, baina maskara jantzita pospolo bat itzaltzea lortzen baduzu, horrek esan nahi du maskarak ez duela ezertarako balio. Distantzia sozialekin, berriz, gertatzen da denok dakigula metro eta erdi utzi behar dugula, baina jendeak ez du distantzia hori betetzen. Metro erdi edo, asko jota, metroa gordetzen dute. Eta tailerrean erakutsi genien zenbateko distantzia mantendu behar duten. Talde immunitatea zer den ere erakutsi genien, oso modu praktikoan. Batek maskara kentzen badu, jendeak uste du bera kutsatzen dela: eta gertatzen dena da besteak kutsatzen direla maskara kirurgikoak eramaten badituzte. Eta ikusi genuen ikasleak nola harritu ziren.

Ikasleen erantzuna positiboa izan da?

A.C: Bai. Tailerraren eragina neurtzeko, ikasleen ezagutza aztertu genuen ikastaroaren aurretik, eta, gerokoarekin alderatuta, prebentzio neurrien ezagutza nolabait hobetu zela igarri genuen. Ikusi genuen gizartean hain zabalduta dauden jarrera desegokiak —maskara lepoan duzula bazkaltzea, esaterako— nolabait zuzendu zirela. Uste dugu hau badela era erabilgarri bat, oinarrizko prebentzio neurriak ikasi eta jarrera desegokiak zuzentzeko.

Prebentzio neurrien ezagutza eta hausnarketa kritikoa bultzatu nahi ditu tailerrak. Oinarrizkoak dira arriskuak saihesteko?

M.A: Bai, noski. Guk ekidin nahi genuena zen eskoletara joatea eta betiko moduko hitzaldiak izatea: informazioa eman, haiek buruz ikas zezaten. Oso tailer motza diseinatu genuen, 20-25 minutukoa, badakigulako irakaskuntzan ordutegiak gainezka dituztela, baina baita ikasleengan inpaktua sortu nahi genuelako ere. Gure helburua da haiek hausnarketa egitea; bestela, ahaztu egingo zaie. Horregatik, egin dugun tailerra oso dinamikoa da, eta ariketa bakoitzaren ostean hausnarketa txiki bat egiten dugu. Ezinbestekoa da pentsamendu kritikoa garatzea.

A.C: Ikaste prozesu hori esperientzia bihurtzea nahi genuen, benetan barneratzeko zer egin behar dugun.

Erizainek ematen duzue tailerra. Lanbidearen ikusgaitasunean laguntzen duela diozue.Oraindik bada hor bidea egiteko?

A.C: Agian, begirada atzera bota, eta, bai, erizaintza izan da, nolabait, itzalean egon den lanbide bat. Baina urteak aurrera joan ahala, eta batez ere orain, pandemiaren ondorioz, nik uste dut erizaintza eta erizainak ikusgaiagoak eta baloratuagoak garela. Lehen ere beharrezkoak ginen, baina nebulosa moduko batean geunden, beharbada: orain, pandemiarekin, uste dut hortik irten garela.

M.A: Agian rolen bat oraindik oso ezkutuan dago: adibidez, eskoletako erizainarena. Rol hori ez da oso ezaguna. Eta proiektu honek balio badu hori bultzatzeko, askoz hobe. Baina, egia esan, ez dago baliabiderik: ez dago erizain nahikorik. Klinikan lan egiten duten erizainak, momentu honetan, oso nekatuta daude. Amaiak ere, adibidez, klinikan lan egiten du, eta guztiek esaten dute martxotik lan gehiegi dutela. Nahi baldin badugu benetan erizainek beren lana kalitatez egitea, erizain gehiago behar dira. Hain zuzen ere, Europako beste hainbat tokitan biztanleko erizain kopurua hemen baino handiagoa da.

A.C: Nik Psikiatrian egiten dut lan. Pandemiak eginbehar berri batzuk sortu ditu, eta horietako asko erizainoi tokatu zaizkigu. Badirudi erizainok superbotereak ditugula, baina gastatu egiten dira. Eta nik uste dut indar fisikoa nolabait osatu ahal baduzu ere indar emozionala ahitzen joan dela hilabeteak aurrera joan ahala. Egungo neke emozionala nabaria da, eta lotuta dago erizainok dugun gainkargarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.